Energia aurrezpena eta jasangarritasuna: aplikazioa ikastetxeetan eta Eraikinen Kalitatea Kontrolatzeko Laborategian

Argitalpenak · Dibulgazioa

Pertsona batek bizitzan zehar biltzen dituen esperientziek, erreferentziek, ezagutzek eta baliabide zientifikoek eraikitzen dute bere zientzia-kapitala. Zientzia eta teknologia arloko profesionalen genero-parekotasun joerak positiboak badira ere, oraindik ere badira unibertsitateko ikasketa teknikoetan, batez ere ingeniaritzako ikasketetan, neska-mutilen matrikula-kopuruaren arteko aldea mantentzen duten estereotipoak. Hori, beharbada, adin goiztiarretan landu beharreko eredu-faltagatik izan daiteke, batez ere curriculum kanpoko jardueretan, ikasleria ingeniaritzako jarduera profesionaletan islatzen ez delako.

ILARGI
Irudia: STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) ekimenek gazteak arlo zientifiko horietara hurbiltzea dute helburu. (Argazkia: Gustavo Fring – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Bestalde, hezkuntza teknikoak garrantzi berezia du gaur egun, diziplina horietan prestatutako profesionalen eskaria gero eta handiagoa baita. Hala ere, karrera teknikoetako matrikulazioak murriztu egin dira eta etorkizunera begira gehiago murriztu daitezke jaiotza-tasa txikitu delako. Gainera, generoen arteko aldea nabarmena da; arlo horietan emakume gutxi daude, batez ere ingeniaritzan. STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) ekimenek gazteak arlo zientifiko horietara hurbiltzea dute helburu, neskengan arreta berezia jarriz eta funtsezkoa da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleak gai horiekin konektatzea, etorkizunean egingo duten hautapen profesionalean interesa eta motibazioa sortzeko.

ILARGI proiektua Elhuyarreko STEAM Hezkuntza arloarekin eta ENEDI eta DoPER ikerketa-taldeekin elkarlanean garatu da, eta gazteen artean STEM gaiekin lotutako asmo profesionalak sustatzea du helburu, haien zientzia-kapitala handituz eta arlo horietan erreferenteak sortuz. Horretarako, energia-eraginkortasuna sustatu da eskola-eraikinetan, energia-auditoretzen eta ikasleekin egindako saio esperimentalen bidez. Ikuspegi horrek, STEM gaitasun zientifikoak sustatzeaz gain, pentsamendu kritikoa eta talde-lana ere sustatu ditu, eta, amaitzeko, proiektuak Elhuyar Zientzia Azokan aurkeztu dira.

Artikulu honek ILARGI proiektua aurkezten du, non energiaren arloko unibertsitate-ezagutzak eta praktikak biltzen diren, bigarren hezkuntzako ikasleak inplikatuz. Proiektuan zehar, bigarren hezkuntzaren eta unibertsitate-ikasketen arteko lotura sendotzen da energia-estrategien bitartez eta ikastola batean “proiektu pilotua” eginez. Ikastetxeko energia-kontsumoa aztertzen da unibertsitateko ikertzaileen eta ikasleen lankidetzarekin, eta baita Eusko Jaurlaritzako Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiko (EKKL) profesionalekin ere. Aipatu bezala, helburua STEM gaiekin lotutako asmo profesionalak sustatzea da, batez ere nesken artean, ikasleak STEM ikaskuntzan motibatzea, eraikinen energia-eraginkortasunaren ezagutza sustatuz. Funtsezkoa da bigarren hezkuntzako ikasleak arlo horiekin lotzea, beren etorkizun akademikoa aukeratzen laguntzeko eta, akaso, lanbide teknikoetan islatuta sentitzeko.

Egindako jarduera nagusien artean honako hauek daude: (1) ikastetxeen egungo energia-kontsumoa aztertzea; (2) dibulgazio-hitzaldiak antolatzea; (3) saiakuntza esperimentalak egitea; (4) ikasleek energia-eraginkortasuna hobetzeko proiektuak garatzea; (5) EKKLra bisitak egitea, eraikuntzako energia-sektorearen errealitate profesionala ezagutzeko; (6) ikasleentzako kongresu bat planifikatu eta aurkeztea; eta (7)Proiektuak Elhuyar Zientzia Azokan aurkeztea.

Orobat, ILARGI proiektua ikasleentzat esperientzia aberasgarria izan da energia arloko profesionalekin lan egiteko aukera baitute eta beren ikaskuntza benetako auditorietan oinarritu dutelako. Emaitza positiboak medio, proiektu-pilotu hau proiektu handiago baten aitzindaria izango da, non beste ikastetxe batzuetan ekintzak errepikatuko baitiren. Beraz, ikasitako praktikak hedatuko dira, hobekuntzak gaineratuz, ahalik eta zientzia-kapital gehien sortuz.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 47
  • Artikuluaren izena: Energia aurrezpena eta jasangarritasuna: aplikazioa ikastetxeetan eta Eraikinen Kalitatea Kontrolatzeko Laborategian.
  • Laburpena: Lan honen xedea da unibertsitateko ezagutzak eta praktikak eraikinen energia-esparruan integratzea, Bigarren Hezkuntzako ikasleekin batera. Hala, Bigarren Hezkuntzaren eta unibertsitate-ikasketen arteko harremana sendotzeko energia-estrategiak definitzen dira, Deustuko Ikastolan «proiektu pilotu» bat gauzatuz, eta gaztetxoen artean Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako (STEM) bokazio zientifikoak sustatuz, bereziki emakumeen artean. Proiektuan ikastetxearen energia-erabilpena aztertzen da, unibertsitateko ikertzaileen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen laguntzaz, bai eta Eusko Jaurlaritzako Eraikinen Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiko (EKKL) profesionalen laguntzaz ere. Helburua STEM irakaskuntzan ikasleak motibatzea da, interesa eta hurbiltasuna pizteko eta eraikinen energia-eraginkortasunaren ezagutza sustatzeko. Funtsezkoa da Bigarren Hezkuntzako ikasleak eremu horiekin lotzea, lehenik etorkizun akademikoa aukeratzean oinarri bat izateko eta, ondoren, euren buruak horrelako lanbideetan islatzeko. ILARGI proiektuan garatutako jarduera nagusien artean (1) ikastetxeen energia-kontsumoaren egungo egoera aztertu da; (2) ikastetxeetarako dibulgazio-hitzaldiak diseinatu eta inplementatu dira; (3) saiakuntza esperimentalak egin dira in situ ikastetxeetan; (4) ikasleek ikastetxeetako energia-eraginkortasuna hobetzeko proiektuak garatu dituzte; (5) EKKL bisitatu da, eraikuntzako energia-arloko errealitate profesionala ezagutzeko; eta, bukatzeko, (6) ikasleentzako kongresu bat diseinatu eta inplementatu da. Ondorio gisa nabarmentzen da, ikasleentzat oso aberasgarria izan dela energia-eraginkortasunaren ezagutzak dituzten profesionalekin lan egitea, auditoretza-saiakuntza errealetan oinarrituz.
  • Egileak: A. Picallo-Perez, A. Hernandez-Arizaga, J. M. Hidalgo-Betanzos, J. Aldasoro, A. Lasa eta P. Sarriugarte-Onandi
  • Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 343-355
  • DOI: 10.1387/ekaia.26590

Egileez:

A. Picallo-Perez, A. Hernandez-Arizaga eta J. M. Hidalgo-Betanzos EHUko ENEDI ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.

J. Aldasoro eta A. Lasa Elhuyar Fundazioko ikertzaileak dira.

P. Sarriugarte-Onandi EHUko DoPER (DOnostia Physics Eduction Research) ikerketa-taldeko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.