Berak asmatu zuen janari elikagarriak, ahogozagarriak eta jangarriak fabrikatzea ahalbidetu zuen teknologia, zenbait astetako misioetara doazen soldaduentzat edo espaziora doazen astronautentzat. Kontsumitzeko prest dauden elikagai mota horien erabilgarritasuna gaur egun posible da kanadar-estatubatuar nutrizionista eta elikagaien teknologo Mary Richardson-Klickak (1921–2007) bere bizitza osoan zehar egin zituen lan eta ikerketei esker.
Ekarpen gehienak Estatu Batuetako Indar Armatuekin lankidetzan egin zituen, eta inpaktu handia izan zuen testuinguru militar eta espazialetarako anoa eta paketeak diseinatzean. Besteak beste, gizakia Ilargira eraman zuten Mercury, Gemini eta Apolo misioetarako menuak egin zituen.

Haurtzaro eta gaztaroa
Mary 1921eko apirilaren 30ean jaio zen Winnipegen, Kanadako Manitoba probintzian. Aita William Henry Richardson ingeniari zibil ingelesa zuen eta, ama, berriz, Clara Myrtle Ferguson estatubatuarra. 1923an, Kelsora joan ziren (Washington, AEB), eta bertan igaro zituen haurtzaro eta gaztaroa.
1939an bigarren hezkuntza amaitu zuen. Ondoren, Washingtoneko Unibertsitatera joan zen, eta bertan dietista ikasketak egin zituen. Praktikak Chicagoko Michael Reese ospitalean egin ondoren, Enpresen Administrazioa masterra (MBA) egin zuen Chicagoko Unibertsitatean.
Bere bizitza profesionala hasi zuenean, Illinoisko Unibertsitateko Ospitalean eta Western Electric Co enpresan lan egin zuen, Chicagon.
Kontsumitzeko prest dauden produktuak diseinatzea
1951n, Richardson-Klicka Estatu Batuetako armadaren Natick Laborategian lanean hasi zen, Massachusettsen. 1957an, erakunde militar horretako anoa operazionalen, biziraupenekoen eta berezien planifikaziorako eta diseinurako arduraduna izan zen.
Indar Armatuentzako elikagaiak ikertu eta garatzeko programan egindako ekarpenak ezinbestekoak izan ziren Meals Ready-to-Eat (MRE) direlakoak, edo, bestela esanda, kontsumitzeko prest dauden elikagaien anoak garatzeko. Metodo horiei esker, muturreko baldintzetan zeuden soldaduak produktu elikagarriak eta iraunkorrak eskura izatea bermatu zuten.

Bere ikerketetatik abiatuta, Mercury (1961-1963), Gemini (1965-1966) eta Apoloren (1967-1972) ilargi-misioen proiektuetarako menu espazialen garapenaren buru izan zen, NASArekin eta AEBetako Aireko Indarrarekin lankidetzan.
1958an, misio espazial batean parte hartu zuen Nazio Batuen Erakundearekin (NBE) batera. Misio horren baitan, in situ ikerlan bat egin zuen nazioarteko erakunde horrek Gazako Larrialdi Indarrei entregatu zizkion anoekin izandako arazoak aztertzeko.
Eragina elikagaigintza komertzialean
Ikertzaileak ingurune militarrei egokitutako elikagaiak diseinatu zituen; izan ere, irismen luzeko patruiletako soldaduek jaki arinak kontsumitu behar dituzte, tamaina txikikoak eta beroarekiko erresistenteak, hotzean mantendu beharrik gabe.
Misio espazialen kasuan, astronautak elikatzerakoan eskakizun jakin batzuk bete behar dira. Elikagaiak grabitaterik gabeko eremuetan kontsumitzen direnez, tresna bereziak asmatu eta fabrikatu behar dira; izan ere, eskuragarri duten ura eta berotzeko lor dezaketen tenperatura mugatua da. Hortaz, baldintza berezietan deshidratatutako elikagaiak berrosatu behar dira.
Dietista eta teknologoak soluzio berritzaileak asmatu zituen testuinguru mota horietan elikagaiak gorde, prestatu eta kontsumitzeko, betiere ezohiko inguruabarrak kontuan hartuta. Ildo horretatik, honako hau idatzi zuen: “gerran dauden soldaduen elikadura militarrari eta astronauten elikadurari buruzko ikerketek eragina izan dute elikagaigintza komertzialean”.
1960ko hamarkadan egin ziren esperimentuei esker sortu ziren produktu izoztuak, prekozinatuak, liofilizatuak, irradiatuak eta paketatze malguak diseinatzea ahalbidetu zuten teknologiak; espaziora egindako bidaiak areagotu zirenean, hain zuzen ere.
Urte horietan, dietista eta sektoreko beste zientzialari batzuk espaziorako elikagaiak garatzen aritu ziren, pertsonengan zituzten efektuak neurtzeko ikerlanen bidez. Une horretara arte, kontserbazioa gerra testuinguruetan erabili ahal izateko ikertu zen soilik, baina ez zegoen eskakizun espezifikorik, hala nola grabitaterik eza.
Argitalpen zientifikoak eta sariak
Richardson-Klickak bere ikerlan asko idatziz jaso zituen, eta aurrerako aldizkari zientifikoetan eta profesionaletan argitaratu zituzten, hala nola Aerospace Medicine, Military Medicine eta Journal of Food Science aldizkarietan. Bere kabuz zein elikadura militarraren arloko espezialistekin lankidetzan egin zituen.
Hainbat aintzatespen jaso zituen. 1969an “Urteko Emakume” aukeratu zuen Massachusettsko Emakume Enpresari eta Profesionalen Kluben Federazioak. Urtebete beranduago, Estatu Batuetako Defentsa Sailak Gizarte Zerbitzuaren Saria eman zion, herrialde horretako Indar Armatuek herritarrei ematen dieten saria. Pentagonoan egin zen ekitaldi horretan saritutako emakume bakarra izan zen, eta aintzatetsi zuten gerran dauden soldaduen eta astronauten premia nutrizionalen inguruko sormenagatik eta pertzepzio akutuagatik.
Halaber, erakunde profesional nabarmenetako kide izan zen, besteak beste Estatu Batuetako Nutrizio eta Dietetika Elkarte, Zahartzeari buruzko Kontseilu Nazionala eta Elikagaien Teknologoen Institutuko kide.
2007ko abuztuaren 26an hil zen, Waterburyn (Connecticut).
Iturriak:
- Nentl, Jerolyn (1970). Department of Defense Honors Former Kelso Woman for Ration Design Aids, News Papers, 1970eko irailaren 2a
- Fitch, John (1966). Food For Space Travelers, MIT Science Reporter.
- ¿Cuál es la diferencia entre las misiones de Mercury Gemini y Apollo?, Science
- Mary Klicka, Wikipedia
Egileaz:
Analía Boggia Komunikazio Sozialean lizentziaduna, kazetaria, irakaslea eta dibulgatzailea da. Egun, Ikerketa Zientifikoko Komunikazio Sozialari buruzko Master ofiziala egiten ari da Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko ekainaren 18an: Mary Richardson-Klicka, la pionera del desarrollo de alimentos especiales para militares y astronautas.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.