Mary Sherman Morgan, espazio ontzien ingeniaria

Emakumeak zientzian

2013ko irailean, George D. Morganek Rocket Girl bere liburuaren aleetako bat lehen aldiz hartu zuen esku artean. Lan hura argitaratuz datu historiko eta zientifikoak bildu eta ikertzen emandako ia hamar urteko zikloari forma eman zion.

Testuaren azalean Ashley Stroupe zientzietan doktorearen izena ere nabarmenduta ageri zen; izan ere, istorioaren hitzaurreari bizia eman zion eta, gainera, idazleari lagundu zion kontakizunean aipatutako fisika eta kimika gaietan sakontzen.

Orduan argitaratutako obraren izenburu eta argumentu bera zuen antzezlan bat urte gutxi lehenago estreinatu zuen Morganek, 2008an. Testu hura ez zen maisulan modura hartu autoreak dramagile gisa egindako lanaren barruan, bere ibilbidean zenbait lan arrakastatsu izan zituen arren –Second to Die, Nevada Belle eta Thunder in the Valley, esaterako–. Gidoiak harrera xumea izan zuen, baina horrek ez zuen autorea kikildu. Ikertzen jarraitu zuen, gogotsu eta gertatutakoa ahal bezainbeste islatuz.

Irudia: Rocket Girl liburuaren azala. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Kritikak asko hitz egin zuen azken xehetasun horren inguruan, antzezlanaren zein liburuaren kasuan. Izan ere, Morganek bi proiektuak lan biografiko gisa planteatu zituen eta, zirudienez, aipatutako gertaera errealak islatzean lortutako objektibotasunak zalantzak eragin zizkien askori.

Aldi berean, idazlea ez zen sekula kikildu kontakizunak sorrarazten zion karga emozionalaren aurrean. Istorioa zorroztasunez kontatzeko ahalegina egin zuen, eskura zituen dokumentu erreal eta bere oroitzapenetatik eta ahoz aho iritsi zitzaizkion memorietatik jaso ahal izan zuen zorroztasunez.

Ez zen gelditu bere buruhausteen emaitza zalantzan jarri zutenei azalpenak emateko. Ontziak espaziora eramateko erregaia sortu zuen lehen ingeniari kimiko emakumearen historia Rocket Girl obraren lerroek kontatuko zioten munduari. Kontakizun haren heroia Mary Sherman Morgan izan zen, autorearen ama.

Belarretan jaiotako zientzialaria

Zortzi urte zituela Maryk ez zuen eskola sekula zapaldu. Bere gurasoak Ray herriko (Ipar Dakota, Estatu Batuak) bi nekazari ziren, Michael eta Dorothy Sherman; Mary bikoteak bizirik zeuzkan sei seme-alabetatik bosgarrena izan zen. Gurasoek erabaki zuten seme-alabek familiaren lurretan egingo zutela lan, hezkuntzari lehentasuna eman beharrean.

Azkenean, gizarte zerbitzuek esku hartu zuten eta senar-emazteek seme-alabak eskolara eraman behar izan zituzten. Ekintza burokratiko sinple hark erabat aldatu zuen Maryren bizitza. Ikasten bere adineko haurrak baino geroago hasi arren, Maryk argia zela erakutsi zuen, eta handik gutxira bere kideen parean zegoen.

14 urterekin bazekien kimikari izan nahi zuela. Horregatik, 1939an, bigarren hezkuntza bukatu ondoren, Minot Estatu Unibertsitatean eman zuen izena eta gai horretan graduatzera bideratu zuen bere ibilbide akademikoa. Hala ere, Bigarren Mundu Gerra piztu zen eta, horren ondorioz, plana pixka bat zapuztu zitzaion.

Estatu Batuak gerran sartzearen ondorioz gizon gazte eta langile ugari borrokara deitu zituzten. Emakumeak, berriz, herrialdean bertan geratu ziren, baina orduan fabrikak indarberritzera eta elikagai eta armen ekoizpena mantentzera deitu zituzten. Emakume haietako bat Mary izan zen.

Karrera bukatu gabe zeukan arren, kimikari buruz zekienari esker lanpostu bat lortu zuen Sanduskyko (Ohio) fabrika batean. Orduan gurasoen etxetik urrun joan zen bizitzera, eta lehengusina batekin eta haren senarrarekin bizitzen hasi zen.

Maryren lanpostua Plum Brook Ordnance Works enpresan zegoen, gerrarako munizioa ekoitzi behar zuen konpainietako batean, hain justu ere. Trinitrotolueno (TNT), dinitrotolueno (DNT) eta pentolita bestelako substantzia lehergarrietan oinarritutako bonbak ekoiztea zen Mary gaztearen ardura.

1943. urtearen inguruan Maryk haurdun zegoela jakin zuen. Emakume ezkongabe bat haurdun geratzeak eragiten zion estigma sozialak tarte txikia utzi zion zer egin erabakitzeko. Eskura zituen aukeren artean legez kanpoko abortu arriskutsu bat egitea edo lagun eta senideetatik ezkutatzea zeuden. Azken aukera hautatu zuen.

22 urte pasatxo zituenean, Maryk alabatxo bat izan zuen; handik hilabete gutxira Maryren lehengusinak eta haren senarrak adoptatu zuten. Sekretua hainbat hamarkadaz isilpean gorde zuten.

Izarretara iristeko pauso bat

Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean Maryk ez zeukan unibertsitate titulurik, baina lehergaien diseinatzaile gisa curriculum bikaina zuen. Aurrekari horrekin, hegazkinak ekoizten zituen North American Aviation enpresa ezaguneko lanpostu batera aurkeztea erabaki zuen.

Lanpostua lortu zuen, eta berriz ere etxetik joan behar izan zuen, oraingoan Canoga Parkera, Kalifornian. Han, Rocketdyne dibisioaren lantaldean sartu zen; motor mota jakin batetik esperotako errendimendua matematikoki kalkulatzea zen lantaldearen helburu nagusia.

Barne propultsioko motorra industria aeroespaziala aldatzeko iritsi zen. Aurrerapen zientifiko hari esker hegazkin askoz indartsuagoak fabrikatzen zituzten; hala ere, zientziak urrunago joan nahi zuen, eta hurrengo maila unibertsoa zen.

2. irudia: Jupiter-C satelitearen jaurtiketa 1959ko urtarrilaren 31. (Argazkia: NASA – Iturria: Wikipedia)

Mary aparteko ikerkuntza talde baten parte izan zen, beste 900 gizonezko ingeniarirekin batera. Ontziek Lurraren atmosfera gainditu ahal izatea lortzea zen haien misioa.

Urte luzez, proiektua sekretupean garatu zen North American Aviationeko laborategietan. Garai hartan, Maryk George Richard Morgan ingeniari mekanikoa ezagutu zuen; ezkondu egin ziren eta bere hurrengo lau seme-alaben aita izan zen.

Ipar Amerikako adituak biziki saiatu ziren, baina Sobietar Batasuna ere tinko ari zen espaziora iristeko modua bilatzen. 1957ko urrian lortu zuten. Espaziora bidali zuten satelitea espazioko lasterketa lehiakorraren abiapuntu bihurtu zen.

Altzairuzko oihaletik ekialdera, garaipen hark presiopean jarri zuen Maryk gidatutako proiektua; orduan propelentearen ezaugarriak ari ziren aztertzen, ezinbestekoa baitzen ontzi estatubatuarrak abiarazi eta orbitan jartzeko. Emaitza gisa Hydyne erregai likidoa lortu zuten.

Substantzia hura nahasketa bat zen, % 60 dimetilhidrazina asimetrikoa (UDMH) zen eta % 40 dietilentriamina (DETA). 1958ko urtarrilaren 31n behin betiko hegaldia egin aurretik hainbat aldiz probatu zuten. Egun hartan iparramerikarrek Explorer I satelitea bidali zuten Juno I ontzian; Lurretik gertuko espazioan mantendu zen 1970eko martxora arte.

Mary erregai berria izendatzera ere gonbidatu zuten, erregai hura sortzearen ardura berak izan baitzuen. Ikertzaileak Bagel proposatu zuen, baina proiektu aeroespazial estatubatuarraren ardura zuen armadak ideia hura baztertu zuen.

Maryk ia bizitza osoa eman zuen North American Aviation konpainian lanean. Hala ere, bere karrera eta karrera horretan berak lortutakoa ez zen jendaurrean jakinarazi Mary bera hil eta gerora arte, 2004an.

Familiak berak esan zuenez, Mary emakume sotila eta xumea izan zen, eta bere proiektuetan nahikoa zuen ontziak espazioan ikustearekin; ez zuen bestelako goraipamenik bilatu. Hala ere, gogoratu behar da Gerra Hotzean sekretismo handia zegoela, eta, horren ondorioz, ezinezkoa izan zen Maryk egindako ekarpenei aintzatespen nabarmenagoa egitea.

Espazio erregaiaren aitzindaria zendu ondoren, alargunak heriotza ohar sinple bat eskatu zion seme zaharrenari. Eskela hura antzezlan bihurtu zen, eta, gerora, liburu; den-denek espazio ontzien erregaietan emakume batek izandako talentuaren arrastoa osatzen dute.

Iturriak:


Egileaz:

Claudia Alemañy Castilla zientzia eta osasun gaietan espezializatutako kazetaria da. Juventud Técnica aldizkarian egiten du lan.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko urtarrilaren 5ean: Mary Sherman Morgan, ingeniera de cohetes espaciales.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..