Zergatik deitu zioten XX. mendeko arma kimiko bati ziape-gasa?

Ikasleen begietatik · Kolaborazioak

Arma kimikoak hitz-segida entzuteak beldurra ematen digu. Adibidez, Siriako gerran bonbak botatzen dituztenean, normala iruditzen zaigu gerran daudelako; baina arma kimikoak erabiltzen dituztenean, eskuak burura eramaten ditugu denok. Nor ausartuko da horrelako basakeria egitera?

Azken urteetan telebistan ikusi da Siriako gerran, sarin-gasa eta antzeko gas toxikoak erabili direla biztanleriaren aurka. Nahiz eta arma kimikoak gaur egungoak direla uste izan, lehenengo aldiz antzinako Grezian erabili ziren; adibidez, K.a. 600. urtean, atenastarrek helleborus landarearen sustraiak erabili zituzten setiatzen ari ziren hiri baten ura pozoitzeko edo K.a. 429. urtean, espartarrek Peloponesoko gerran sulfuroari su eman zioten ke toxikoak sortzeko.

1. irudia: Helleborus niger landarea. Landarearen sustraiak arerioen aurka egiteko erabili izan dira historian zehar. Izena grezieratik datorkio eta janariari min egiten diola esan nahi du, haren ahalmen pozoitsuari so eginez (“helle” min egin eta “bora” janaria). (Argazkia: Archenzo Moggio / Wikipedia – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Hala ere, arma kimikoak Lehen Mundu Gerran erabili ziren gehien. Frantsesek erabili zuten lehenengoa, etil bromoazetatoa izan zen. Hortik aurrera o-dianisidina klorosulfonatoa, kloroazetatoa, kloro gasa, fosgenoa, azido zianhidrikoa, difenilkloroartsina, etildikloroartsina eta metildikloroartsina deituriko gas toxikoak ere erabili ziren, eta ia 10.000 hildako egon ziren.

Baina baliteke garrantzitsuena eta ospe handiena lortu zuena ziape-gasa izatea. Lehenengo aldiz soldadu alemanek erabili zuten 1917. urtean, tropa frantsesen aurkako Ypreseko hirugarren guduan. Beste gas toxikoak bezala, arriskutsua da arnas-aparatuarentzat. Horretaz gain, azala ere zuzenean erasotzen du, nahiz eta jantzita egon. Beraz, gas-maskarak ez zaitu babestuko.

2. irudia: Ziape-gasari buruzko posterra. (Iturria: Texas Military Museum)

Ziape-gasak azalarekiko kontaktuan besikulak sortzen ditu, azala puztuko balitz bezala. Besikula horiek gasarekin kontaktuan egon eta orduetara sortzen diren arren, jantzietan itsatsita geratzen dira eta gainera, ezinezkoa da bendak jartzea.

Orokorrean, ziape-gasak eragindako heriotza-tasa oso baxua da, baina sortzen dituen minak eta efektuak bizitza osorako izan daitezke. Erizain ingeles batek esan zuen moduan, gas-zaurien tratamenduan zeuden soldaduak balaz edo lehergaiez zaurituak baino gehiago kexatzen ziren mina dela eta.

Alemaniaren garaiko industriei, azpiegiturei eta tindaketa-fabrikei esker, alemanek 2-kloroetanola (HOCH2CH2Cl) oso erraz lor zezaketen, eta horrek ziapearen lorpena asko errazten zuen, eta ondorioz prozesua asko azkartu eta merkatzen zen. Seguruenik, horregatik ezin izan zuten frantsesek eta ingelesek bere kabuz ziape-gasik sortu. Hasieratik gasa erraz identifikatu zuten, baina asko kostatu zitzaien sortzea, beste metodo batzuen bidez egiten saiatu zirelako.

Hala ere, gas toxikoen inguruan hitz egiten dugunean beti aipatzen da Lehen Mundu Gerra eta ez bigarrena. Zergatik? Bigarren Mundu Gerran herrialde gehienek ere gas toxikoak eskura zituzten, baina ez ziren ausartu guduetan erabiltzera. Badirudi arrazoi nagusia beldurra izan zela, zeren herrialde bakoitzak ez zekien besteek arma kimiko ahaltsuagoak izango zituzten ala ez. Litekeena da Lehen Mundu Gerran gertatutakoa ikusi eta gero ez erabiltzea erabaki izana, itun ikusezin bat izango balitz bezala.

3. irudia: Bigarren Mundu Gerrako arma kimikoei buruzko posterra. (Iturria: Wikimedia Commos – domeinu publikoko argazkia)

Bigarren Mundu Gerra gertatu ondoren, zorionez, murriztu egin zen arma kimikoen erabilera, baina hala ere, erabiltzen ziren nolabait arma horiek. Adibide garrantzitsuenetariko bat 1980-1988 urteen arteko Irak-Iran gerra izan zen, bertan sarin- eta ziape-gasak erabili zirelarik batez ere. Badugu beste adibide bat, Japonian 1995ean, Aum Shinrikyo talde terroristak metroan sarin-gasarekin egindako atentatua. Sektako liderra zen Shoko Asahara atentatuaren buruari heriotza-zigorra jarri zioten, eta 2018ko uztailean exekutatu zuten.

4. irudia: Soldadu irandarra gas-maskararekin Iran-Irak Gerran. (Argazkia: Wikimedia CommonsCC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Hala ere, Lehen Mundu Gerran bezalako basakeriak ez dira errepikatu: 10.000 soldadu inguru hil ziren arma kimikoengatik. Arma kimikoek era askotan eraso dezakete gorputza. Lehen Mundu Gerran erabilitako gas gehienek arnas-aparatuari erasaten zioten. Ziape-gasak ere azala erasaten du eta irudian ikusten diren besikulen antzerakoak eragiten ditu. Arma kimiko modernoenek, aldiz, nerbio-sistema erasotzen dute, eta unean bertan hiltzeko gai dira; horren adibide dira sarin edo VX gasak.

5. irudia: Ziape-gasarekin kontaktuak egondako esku bat. (Iturria: Clinical Pharmacology and Toxicology of Mustard Compounds liburua)

Zeinek pentsatuko zuen 1822an nahi gabe aurkitutako konposatu bat azkenean arma kimiko moduan erabiliko zenik? Are gutxiago bere usain txarra dela eta ziape-gasa izena jarriko ziotela. Edonola, argi dago arma kimikoak guztiz kendu behar direla.

1993an mundu osoko ia herrialde guztiek nazioarteko itun bat sinatu zuten. Nahiz eta bertan munduko arma kimiko guztiak eliminatzeko akordioa sinatu zen, gaur egun oraindik geratzen dira hainbat herrialde sinatu gabe eta ezin da jakin talde terroristek arma kimikoak dituzten ala ez. Zoritxarrez, horren aurrean ezin da asko egin. Nork daki zein izango den arma kimikoak erabiltzen hurrengoa? Historiak erakutsi digun moduan, hurrengo bat egongo da eta horren aurrean egin daitezkeen gauza bakarrak prebentzioa eta ikerketa dira.

Erreferentzia bibliografikoak

Informazio osagarria


Egileaz: Koldo Herrero UPV/EHUn graduatutako kimikaria da.

Artikulua, Maxux Aranzabe irakasleak Komunikazioa Euskaraz: Zientzia eta Teknologia ikasgaian bultzatutako Gas toxikoei buruzko jardueraren harira idatzitako lana da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.