Beherakoa eta idorreria: hesteetako mikrobiotari eragiten dioten ohiko asaldurak
Beherakoa eta idorreria hesteetako ohiko asaldurak dira. Egoera kontrajarriak izan arren, bata zein bestea gerta daitezke gaixotasun jakin batzuetan, hala nola heste narritakorraren sindromean. Hortaz, horien kausak, sintomak eta maneiatzeko moduak ezagutzea funtsezkoa da digestio-osasun onari eusteko.
Beherakoa
Beherakoari auzo-erdaretan diarrea eta diarrhée esaten zaio, grekerazko diárroia hitzetik, zeinak «alde guztietatik jariatzea» esan nahi baitu. Honela definitzen da: sabel-uste maiztasuna handitzea edo gorozkien trinkotasuna murriztea; hau da, gorozkiak ohi baino bigunagoak edo likidoagoak izatea.

Asaldura honen jatorria askotarikoa izan daiteke: elikadura-infekzio edo -intolerantzia bat, Crohn-en gaixotasunaren patologia…
Beherako kronikoan, hau da, bi aste baino gehiago irauten duen horretan, mantenugaien malabsortzioa da konplikazio nagusia. Izan ere, egoera horretan elikagaiak azkarregi igarotzen dira hestetik (non ia elikagai guztiak xurgatzen baitira), eta, ondorioz, zaildu egiten da ura eta mineralak behar bezala xurgatzea, besteak beste. Horrek nutrizio gabeziak eta, epe luzera, desnutrizioa eragin ditzakete; ondorioz, arreta berezia jarri behar zaio arazo horri.
Beherako akutuan, zeinak astebetera arte irauten baitu eta beherako mota ohikoena izaten baita, hidratazio egokia mantentzea izango da lehentasuna, bereziki haurren eta adineko pertsonen kasuan, deshidratatzeko arrisku handiagoa baitute. Beherako akutua agertzen denean, ahotik berhidratatzeko glukosa, sodio eta potasiodun soluzioak hartzea gomendatzen da. Nahiz eta soluzio horiek etxean presta daitezkeen, hobe da soluzio komertzialak erabiltzea, elektrolitoen proportzio egokia bermatzen dutelako. Aitzitik, ez da freskagarri, zuku edo kirol-edaririk erabili behar, horiek ez dituztelako elektrolitoak proportzio egokietan. Gainera, horietako askok azukre-eduki altua izaten dute, eta horrek beherakoa areagotu dezake.
Elikadurari dagokionez, beherako akutua tratatzeko, gaur egun (lehen ez bezala) ez da gomendatzen dieta hertsiki idorgarriak egitea, hau da, erraz digeritzen diren elikagaiak hartzea (gantz eta zuntz gutxi dutenak). Horren ordez, egokiena da pertsonak nahi duena jatea, maiz eta kantitate txikietan; saihestu egin behar dira, ordea, okerrago onartzen diren elikagai gantzatsuak, edo beherakoa larriagotu dezaketen elikagai azukretsuak. Bularreko haurretan, berriz, amagandiko edoskitzea mantendu behar da.
Beherako akutuaren aldaera berezi bat honako hau da: «bidaiariaren beherakoa». Nork ez du beherakoa izan atzerrira joan denean? Mota horretako beherako akutuak oso maiz izaten dituzte Latinoamerika, Afrika, Ekialde Ertaina, Asia edo antzeko lekuak bisitatzen dituzten bidaiariek.
Beherako akutu mota hori agertzen da, oro har, ur garbirik ez dagoen edota elikagaiak modu seguruan manipulatzen ez diren lekuetara bidaiatzean. Halako kasuetan funtsezkoa da prebentzioa, eta horretarako badira zenbait gomendio; hala nola, soilik botilako ura edo irakindako ura edatea, kutsatuta egon daitezkeen izotzak eta elikagai gordinak ez hartzea (ur kutsatuarekin garbitu diren entsaladak edo zurituta saltzen diren frutak, esaterako), ondo egositako eta bero zerbitzatzen diren elikagaiak lehenestea ahal dela, eskuak maiz garbitzea urez eta xaboiez, eta, hala komeni denean, txertoak jartzea. Arreta berezia jarri behar da hortzak garbitzerakoan ere; izan ere, ezingo da iturriko urarekin egin, kutsatuta egon baitaiteke eta, ondorioz, mikroorganismo patogenoak irents baititzakegu. Hori dela eta, ahal den neurrian, botilako urarekin garbitu beharko ditugu hortzak. Bidaiariaren beherakoa izanez gero, edozein beherako akuturenaren antzekoa izango da horren tratamendua.
Idorreria
Idorreriatzat hartzen da pertsona batek astean hirutan baino gutxiagotan sabela ustea, gorozki gogor edo lehorrak eginez.
Asaldura hori, hein batean, zuntz gutxiko elikadurarekin lotzen da. Izan ere, idorreriaren prebentzioa zuntzetan aberatsa den elikadurari jarraitzean oinarritzen da; modu horretan, gorozki-bolumena handitu eta heste-igarotzea bizkortu egiten da, eta, ondorioz, idorreria hobetu. Zehazki, idorreria kudeatzeko egunean hau jatea gomendatzen da: 5 fruta eta barazki anoa (gutxienez 600 g fruta eta barazki), 3-6 osoko zereal anoa (200-300 g inguru ogi, pasta, arroz, olo, etab.) eta astean 4 lekale anoa (200 g inguru lekale lehor, kozinatu gabe). Horretaz gain, garrantzitsua da ondo hidratatuta egotea eta ariketa fisikoa erregularki egitea. Dieta eta bizimodua aldatzeak ez badu inongo efekturik, medikuak laxanteak erabiltzea gomenda dezake.
Nola eragiten du gure mikrobiotak hesteetako gaitzetan?
Hesteetako mikrobiotaz ari garenean, hesteetan, eta bereziki kolonean, bizi diren mikroorganismo multzoaz ari gara. Gero eta ezagunagoa da hesteetako mikrobiotak gure osasunean duen garrantzia. Hain zuzen, badakigu mikrobiota «desegokia» edo «ez-osasungarria» izateak (disbiosia deritzogu) gure hesteetako osasunean eragin negatiboa duela, eta horrek beherakoa eta idorreria gaitzen gisakoak okertu egin ditzakeela.
Era berean, mikroorganismo horiei ere eragin diezaiekete beherakoaren edo idorreriaren gisako arazoek. Baina nola alda dezakete heste-desoreka horiek heste-mikrobiotaren konposizioa? Beherakoaren kasuan, gorozki likidoak areagotzeak mikrobiota osoari eragin diezaioke, eta mikroorganismo patogenoak ugaritzen lagundu dezake, hala nola proteobakterioak edo Streptococcus generoko bakterioak. Gainera, infekzio batek eragindako beherakoaren kasuan, medikuak agindu dezake tratamendu moduan antibiotikoak hartzea, zeinak hesteetako mikrobio-aniztasuna («mikrobiota osasungarri» baten ezaugarria) nabarmen murritz baitezake. Idorreriak ere eragin negatiboa izan dezake hesteetako mikrobiotaren konposizioan, batez ere, gorozkiak denbora gehiagoan egoten direlako kontaktuan mikroorganismo horiek bizi diren mukosarekin. Gorozkien igarotze geldoak hestearen ingurune bizia aldatu dezake; hain zuzen ere, pH-a eta oxigeno zein mantenugaien eskuragarritasuna. Horrez gain, hartzidura luzeegiak eragin ditzake; ondorioz, hestearen osasunerako onuragarriak diren mikroorganismoak (adibidez, bifidobakterioen generoa) gutxitu eta mikrobio-dibertsitatea murriztu ditzake.
Horregatik, esan dezakegu bi noranzkoko harremana dagoela heste-osasunaren eta mikrobiotaren konposizioaren artean. Hau da, hesteak behar bezala funtzionatzen duenean, mikrobiota «osasungarri» bat mantentzeko ingurumen egokia sortzen da, eta, aldi berean, mikrobiota «osasungarri» batek heste-osasunerako funtsezkoak diren funtzioak beteko ditu. Ildo beretik, azken berrikuntzetako bat dira emaile osasuntsuen hesteetako mikrobiota-transplanteak, zeinak disbiosia duten pazienteak tratatzeko baliagarriak izan baitaitezke. Modu horretan, mikroorganismo horiek disbiosia duten pertsonen heste-ekosistema birpopulatu eta haren oreka berrezar dezakete, eta horrek hobetu egingo du mikrobiota-transplantea jasotzen duten pertsonen heste-osasuna. Testuinguru horretan, zenbait saiakuntza klinikok (III. fasean) emaitza onak izan dituzte, eta frogatu da transplante horiek eraginkorrak direla Clostridium difficile patogenoak eragindako beherako errepikakorra duten pazienteetan. Izan ere, bakterio horrek disbiosia sortzen du, eta, hortaz, beherakoa eragiten du. Horrez gain, bakterio hori lotuta dago antibiotikoen kontsumoarekin edo ospitale-inguruneko infekzioekin ere.
Laburbilduz, beherakoa eta idorreria heste-igarotzearen ohiko asaldurak dira, eta hainbat kausaren ondorio izan daitezke; esate baterako, infekzio edo nahasmendu kroniko baten ondorio. Zuntz ugariko elikadura orekatua, hidratazio egokia eta jarduera fisikoa maiz egitea dira horiek prebenitzeko estrategiarik onenak. Sintomak larriagoak badira, garrantzitsua da profesional espezializatu batengana jotzea, diagnostiko eta tratamendu egokiak egin ditzan.
Egileez:
- Iker Gómez-García eta Miren Fisico-Echezarraga EHUko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileak dira.
- Laura Arellano-García EHUko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko eta Carlos III Osasun Institutuko CIBERobn taldeko ikertzailea da.
- Saioa Gómez-Zorita, María P. Portillo eta Iñaki Milton-Laskibar EHUko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko eta Carlos III Osasun Institutuko CIBERobn taldeko eta BIOARABA Osasunaren Ikerketa Zentroko ikertzaileak dira.