Maratoi-korrikalariek burmuineko mielina erabiltzen dute energia-iturri moduan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

3 min

Maratoi-korrikalariek burmuineko mielina erabiltzen dute energia-iturri moduan

Distantzia luzeko kirol bat egitean, jakina da karbohidratoez gain gure gorputzak beste energia-iturri batzuk baliatzen dituela, hala nola lipidoak edo proteinak. Oraingoan, Carlos Matute EHUko irakasleak gidatutako taldeak lipidoen jatorrian sakondu du, eta burmuineko mielina kontsumitzen dela ikusi dute.

Aski ezaguna da maratoi hitzaren jatorria. Mitoaren arabera, K.a 490. urtean, Mediar gerra bete-betean, greziarrek persiarrak garaitu zituzten Maratongo hondartza inguruan. Berri hori zabaltzera Filipides bidali zuten Atenasera; guztiz ahituta heldu omen zen bertara, eta albistea eman eta berehala hil zela dio kondairak. Maratonen eta Atenasen arteko tartea 42,195 km-koa denez, luzera hori hartu zuten gaur egun hainbeste korrikalarik lehiatzeko egiten dituzten maratoi ospetsuek. Historialari askoren ustez, gaur egun kontatzen dena ez omen da egia; Filipidesek inoiz ez omen zuen Maraton eta Atenas bitarteko tartea korritu, baizik Atenas eta Esparta artekoa, azken horiei laguntza eskatzeko persiarren aurkako gerran. Hori horrela balitz, aldea nabarmena da; izan ere, Esparta eta Atenas arteko ibilbidea 245 kilometro ingurukoa da, eta Filipidesen joan-etorria ia 500 km-koa zatekeen, gaur egun ezaguna den 42,195 km baino dezente luzeagoa. Baina ez gara historia-kontuetan sartuko, baizik fisiologian.

iraupen luzeko
Irudia: ikertzaileek ikusi egin dute iraupen luzeko frogen parte-hartzaileen gorputzak burmuineko mielina erabiltzen dutela energia-iturri gisa. (Argazkia: Vincent Peters – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Giza gorputzak bi energia-iturri nagusi ditu: alde batetik, gluzidoak —karbohidrato edo azukre ere deituak— eta, bestetik, lipidoak. Gluzidoak azkar mobilizatzen dira eta energia-iturri azkarra dira; lipidoak, ostera, geldoagoak dira, baina energia gehiago ematen digute gramo bakoitzeko. Muturreko egoeretan gure gorputza gai da proteinak degradatu eta prozesu hori energia-iturri moduan erabiltzeko, baina, normalean, gluzidoak eta lipidoak izaten dira erabilienak. Gluzidoak biltegiratzea nekezagoa da, ura metatzen dutelako eta bolumen handia okupatzen dutelako; hortaz, haien kopurua mugatua da; lipidoak, ordea, errazago eta gehiago biltegiratzen dira. Iraupen luzeko kiroletan bi energia-iturrien arteko oreka bilatzen da, eta biak ala biak erabilgarri egitean datza sarri askotan arrakasta.

Baina hori guztia atletek kontzienteki egiten duten plangintzan sartzen da, eta gorputzaren jarduna batzuetan beste modu batekoa izaten da; hori frogatu du, hein batean, Nature Metabolism aldizkari ospetsuan argitaratutako lanak. Hainbat ikertzailek osatutako ikerketa-taldeak maratoi desberdinetako parte-hartzaileen burmuineko irudiak lortu zituen erresonantzia magnetiko bidez, maratoian parte hartu aurretik eta ondoren. Emaitza argia izan zen: iraupen luzeko froga hori egitean, gorputzak burmuineko mielina erabiltzen zuen. Mielina nerbio-zuntzak babesten dituen lipidoz osatutako leka bat da. Berez, leka hori oligodendrozitoen —nerbio-sistema zentralean— edo Schwannen zelulen —nerbio-sistema periferikoan— mintz plasmatikoa baino ez da. Leka horrek axoi moduan ezagutzen diren nerbio-zuntzak —neuronen luzakinak— inguratzean nolabait haiek babestu egiten ditu, eta nerbio-bulkada azkartzen du. Mielina-leka ezaguna da, baita ere, gaixotasunengatik; entzutetsuena esklerosi anizkoitza da. Gaitz horretan axoiek mielina-leka galtzen dute —desmielinizazio-prozesua— eta nerbio-bulkadak ez dira behar bezala igortzen.

Aipatu moduan, mielinaren funtzioa nerbio-zuntzen babesarekin lotu izan bada ere, lipidoz osatuta dago hein handi batean, eta badirudi gure gorputza gai dela mielina hori energia-iturri moduan ere erabiltzeko. Maratoia korritu zuten atleten mielina kantitatea nabarmen gutxituta ikusi zuten arren, nabarmendu behar da atleta horiek bi asteren bueltan mielina kopurua lasterketa egin aurreko mailetan zutela berriz ere, atseden hartu eta dieta egokia egin ondoren.

Ikerketa honek ondorioak izan ditzake, kirol-fisiologian ez ezik, esklerosi anizkoitzaren ikerketan edo zahartzaroaren ulermenean. Mielinaren birsorkuntza mekanismo garrantzitsua izan daiteke bi prozesu horiek hobeto ezagutzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Mañas Bastidas, Alfonso (2024). Mitos del running. Almuzara.

Ramos-Cabrer, Pedro; Cabrera-Zubizarreta, Alberto; Padró, Daniel; Matute-González, Mario; Rodríguez-Antigüedad, Alfredo; Matute; Carlos (2025). Reversible reduction in brain myelin content upon marathon running. Nature Metabolism, 7, pages 697–703. DOI: 10.1038/s42255-025-01244-7


Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.