Elsie Maud Wakefield (1886-1972), botanikari ospetsua artean eta zientzian
Erresuma Batuan ematen den dominetako bat da Britainiar Inperioko Ordena (Order of the British Empire), artean edo zientzian egindako ekarpenak aintzatesteko ematen dena. Tradizio androzentrikoari jarraikiz, saridunak gizonak izan ohi ziren, eta oraindik ere hala jarraitzen du; dena dela, batzuetan domina emakume batzuei ere eman izan zaie. Horietako bat Elsie Maud Wakefield (1886-1972) britainiar botanikaria izan zen; Elsie onddoetan aditu famatua zen, eta saria 1950ean jaso zuen, bere karrera zientifiko apartagatik.
Birminghamen (Erresuma Batua) jaio zen, eta natura ikertzeko interesa piztu zitzaion bere aita H.H. Wakefieldren ondorioz, zientzia irakaslea, naturalista eta botanikako eskuliburu ospetsu baten egilea baitzen. Batxilergoa egin ondoren, Elsie gaztea Oxfordeko Somerville Collegen hasi zen ikasten, eta bertan botanikako gradua egin zuen. Laugarren urtean basoko fitopatologia ikastea erabaki zuen, Geoffrey C. Ainsworth mikologo eta zientziako historialariak (1905-1998) laburpen liburu batean deskribatu zuenaren arabera.

Prestakuntza eta lanbide garapen emankorra
Graduatu ondoren, beka bat lortu eta horri esker Alemaniara joan ahal izan zen, Munichen lan egiteko; bertan Karl von Tubeuf irakaslearekin (1862-1941) egin zuen lan, fitopatologian aditua zen mikologo ospetsuarekin. Bertan, Elsie Wakefieldek onddoei buruzko ikerketa xeheak egin zituen, eta bere lehenengo artikulu zientifikoa alemanieraz argitaratu zuen, zientzietako emakumeen historiako espezialista aditua den Marilyn Ogilviek adierazi zuenez.
1910ean Wakefield Ingalaterrara itzuli zenean, George Massee botanikariaren (1845-1917) laguntzaile gisa jardun zuen lanean; Massee Royal Botanic Gardens, Kew erakundean mikologiako burua zen. Zientzialaria urte batzuk geroago erretiratu zen, 1915ean, eta Elsiek bere kargua bete zuen mikologiako buru gisa; hala lorategi botaniko famatuak espezialitate horretan kontratatu zuen lehenengo emakumea izan zen. Ondoren, Marilyn Ogilviek adierazi zuenez, 1920an berriz beka lortu zuen; horren bidez, Erdialdeko Amerikara joatea erabaki zuen eta bertan sei hilabetez Kariben egon zen lanean, zehazki, Barbadosen, mikologo gisa jardunez. Han aukera izan zuen onddo tropikalak eta uzta garrantzitsuetan sor ditzaketen gaixotasunak ikertu ahal izan zituen. Eskualdean egindako egonaldiak nabarmen suspertu zuen zientzialaria, eta bere barnean bertako inguruetako onddoen gaineko interes bizia piztu zen.
Erdialdeko Amerikako egonaldi emankor horren ondoren, Wakefield Kewera itzuli zen, eta bertan geratu zen 1951n jubilatu zen arte; horren harira, ñabartu behar da beste botanikari askorekin alderatuta Wakefield ez zela bidaiari amorratua izan. 1920ko hamarkadaren amaieratik, lan proiektu sutsu batean murgildu zen, onddo britaniarrei eta tropikalei buruzkoan; lortu zituen emaitza interesgarri eta berriei esker aitortza eta errespetu handia lortu zuen, bai nazioan bertan bai nazioartean.
Keweko Lorategi Botanikoko kontserbatzaile Lynn Parkerrek honako hau adierazi zuen Wakefieldi buruz: “Britaniako nahiz itsasoaz haraindiko hainbat onddo espezie deskribatu eta izendatzeaz gain, talentu handiko irudigilea ere izan zen, eta berak identifikatutako espezieen akuarelazko marrazki ederrak egin zituen”. Halaber, gaineratu du botanikari ingelesaren ohorez bi genero eta zortzi espezie izendatu zirela; kopuru handi horrek bere ekarpenen balio handia nabarmentzen du. Mikologoaren irudi eder eta xeheak Keweko Lorategian daude.
Bestalde, lorategi botaniko horretako Ink David adituak ñabartu duenez, “Elsie Wakefieldek eginiko landako zirriborroak esplorazio zientifikoko prozesuan bertan egin zituen”. Egileak jarraitu duenez, haren lanean, “argi ikus daiteke zientzia eta artearen lotura estua dagoela, Wakefieldek bere akuarela ederrei gehitzen zizkion ohar luzeei esker ikus daitekeenez”. Gainera, Ink Davidek hausnarketa interesgarria egin du: “argitaratu zituen lanak ez bezala, bere marrazkiak, nolabait, oso pertsonalak ziren, oinarrizko oharrak egiten baitzituen, ondoren zirriborro zehatzagoetan eta lan taxonomikoetan erabiltzeko”. Adituaren arabera, “haren marrazkien bidez, egilearen estilo pertsonala argitaratutako artikuluetan baino argiago ikus daiteke, adierazten baitute botanikari bikaina izateaz gain artista aparta ere izan zela”.
Ink David harago doa; izan ere, honako hau azpimarratu zuen: “oso interesgarria da, Wakefieldek [bere irudietan] margotzen zituen onddoekin batera belar eta lurzoru motak margotzen baitzituen, orrialdean espeziea bakar bakarrik margotzean oinarritutako ohitura tradizionalean ez bezala. Habitat zabal batean beste elementu batzuk jasoz, bere laminek aurka egiten zioten praktika estandarrari, deskribapenetan jaso behar duten eta balio zientifikoa duten elementuei buruzko hausnarketa pizten baitute”.
Kudeaketa lan bikaina
Elsie Wakefieldek interesa izan zuen kudeaketa eta hedapen zientifikoaren gainean ere. 17 urtez British Mycological Societyko idazkaria izan zen, eta 1929an horren presidente bihurtu zen. 1950ean, aipatutako Britainiar Inperioko Ordena (OBE) domina jaso zuen, zientziari egindako ekarpen apartaz gain, Keweko Lorategi Botanikoko herbarioa antolatu eta kudeatzeko egin zuen lan zorrotzagatik, Wikipedian adierazita dagoen moduan.

Bere karrera emankorrean zehar, onddoei eta landareen patologiei buruzko ia ehun artikulu argitaratu zituen, eta azpimarratu behar da azkena zientzialariak 83 urte zituela argitaratu zela. Eta ezin da ahaztu zientziaren dibulgazioan egin zuen lana, bi landa gida ospetsu ere argitaratu baitzituen. Era berean, ñabartu behar dugu aditua ez zela ikerketa espezializatuan soilik aritu, gizarte xedeetarako zientziaren aplikazioan jarduten zuen Erresuma Batuko Scientific Civil Service erakundean lan egin zuenean aitzindaria izan baitzen.
Geoffrey Clough Ainsworth mikologo ingeles eta historialari zientifikoak (1905-1998) zehaztu duenez: “britainiar onddoei buruz zuen ezagutza entziklopedikoa zen, eta, horien gaineko interesaz gain, izugarri trebea zen akuarelista gisa, onddo jangarri eta pozoitsuei buruz [argitaratutako] azken edizioetako laminetan ikus daitekeen moduan”. Ainsowrthek gehitu duenez, Wakefield “bere belaunaldiko [emakumezko eta gizonezko] britainiar mikologoen artean itzal handiena izan dutenetako bat izan da”. Emakume zientzialarientzat hain zaila izan zen garai hartan emakumea izateak garrantzi handiagoa ematen die bere legatuari eta ematen duen eredu baliotsuari.
Iturriak:
- Ainsworth, G. C. (1996). Brief biographies of British mycologists. Stourbridge, West Midlands: British Mycological Society, 166–167
- Blackwell, E.M. (1973). Obituary: Elsie M. Wakefield. Transactions of the British Mycological Society 60: 167-174
- David, Ink (2023). Worth a thousand words: The hidden histories of botanical illustrations. Royal Botanic Gardens, Kew, 2023ko azaroaren 23a
- Parker, Lynn (2018). Fabulous fungi: the illustrations of Elsie M. Wakefield. Royal Botanic Gardens, Kew. 2018ko urriaren 12a
- Martínez Pulido, Carolina (2025). Las llamadas «plantas sin flores». Un fascinante mundo en la botánica. Círculo Rojo. Madrid
- Ogilvie, Marilyn eta Harvey, Joy (2000). The Biographical Dictionary of Women in Science: L-Z.
- Wikipedia: Elsie Maud Wakefield
Egileaz:
Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.
Mujeres con Ciencia blogean 2025eko abuztuaren 27an argitaratu zen artikulua: “Elsie Maud Wakefield (1886-1972), reconocida botánica en el arte y en la ciencia”
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.