Antonietta Gallone Galassi, Errenazimentuko maisuak guregana hurbildu zituen zientzialaria, haien materialak eta koloreak aztertzearen bidez

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

4 min

Antonietta Gallone Galassi, Errenazimentuko maisuak guregana hurbildu zituen zientzialaria, haien materialak eta koloreak aztertzearen bidez

Imajina ezazu edozein portutatik irteten den itsasontzi bat, munduari bira emateko asmoarekin. Imajina ezazu, bidaian zehar, hainbat arrazoirengatik, itsasontziak matxurak dituela eta piezak ordezten joan behar dela. Hainbeste matxura ditu ezen pieza guzti-guztiak aldatu behar diren pixkanaka, itsasontziak bidaia eten gabe. Itsasontziak bidaia amaitu eta hasierako portura itzultzean, esan dezakegu itsasontzi berbera dela, edo beste itsasontzi bat da?

Planteamendu hori da, hain zuzen ere, baina xehetasun sinpleagoekin kontatuta, Teseoren paradoxa. Mendebaldeko filosofiaren dilema klasiko horrek zerikusia du zati ezberdinez osatutako izakien identitatearekin, eta Kristo aurreko mende batzuk lehenago eztabaidatu zuten jada horri buruz Heraklito edo Platon filosofoek, besteak beste.

Irudia: Teseoren paradoxa. (Argazkia: Yosemitek egindako itsasontziaren eskema, Belburyk editatu eta koloreztatua – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Berritzea edo zaharberritzea

Mendetan zehar, artelanak eta ondare artistikoa kontserbatzeko mendebaldeko ahaleginek paradoxa horren oihartzunak gordetzen zituzten, ezinbestean: artelan batek denboraren ondoriozko narriadura edo erabilera okerragatikoa edo beste edozein faktoreren ondoriozkoa pairatzen zuenean, horiek zaintzeaz arduratzen zirenek zuten aukera bakarra zen artelan horiek berritzen joatea. Hortaz, esan daiteke margolan bat Da Vincirena dela oraindik gal zedila eragozteko birmargotu denean?

1930eko hamarkadatik aurrera, zientziaren eta artearen historiaren arteko harremana gero eta estuagoa eta emankorragoa izan zen, eta Teseoren paradoxari ikuspegi berri bat gehitu zitzaion. Zenbat eta analisi teknika aurreratuagoak aplikatzean, orduan eta aukera handiagoa zegoen zehaztasunez identifikatzeko horien materialak, pigmentuak eta teknika artistikoak, eta horrek izaera berria eman zion zaharberritzeari: berritze jarduera izatetik, kontserbatzeko benetako ahalegin bihurtu zen, obra preserbatuta eta haren degradazio prozesua monitorizatuta.

Laborategitik museora

Ikuspegi aldaketa horren protagonistetako bat Antonietta Gallone Galassi italiarra izan zen, aitzindaria izan baitzen laborategian artelanen azterketa, kontserbazio eta zaharberritzerako teknikak eta tresnak aplikatzen; besteak beste, Leonardo Da Vinciren Azken Afaria landu zuen.

Antonietta Gallone
1. irudia: Antonietta Gallone Galassi ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Gallone Milan (Italia) inguruan jaio zen 1928an. Fisikan graduatu zen Milango Unibertsitateko Zientzia Fakultatean 1951n, eta lehen ikerketak Milango Unibertsitate Politeknikoan gauzatu zituen, non munduko lehenetariko laser laborategi bat instalatu zen, bai eta, aurrerago ere, positroien espektroskopiako lehen ekipoak ere. Unibertsitate horretako Fisika Institutuko ikertzailea zen arren, beti mantendu zituen lankidetza aktiboak beste diziplina batzuetako zentro eta erakunde askorekin.

1976tik aurrera bere karrera bideratu zuen ondarea kontserbatzeko esparruko aplikazio fisiko-kimikoetara, eta lehenetarikoa izan zen kultura ondarearen esparruan “diagnostiko”aren kontzeptua aplikatzen. Ahalegin hori Lombardiako kultura agintariek indartu eta erraztu zuten: Gallonek ohiko lankidetza lagunkoia sortu zuen haiekin, eta gutunak trukatzen zituzten maiz. Franco Russoli, Lombardiako Monumentu eta Galerien superintendentea, izan zen garai hartan eskatu zion lehena laborategian erabiltzen zituzten ikerketa teknikak aplika zitzala zaharberritze prozesuan zeuden obretan, Russolik Frantziako arte museoetako laborategian ikusitako ereduari jarraikiz.

Prestakuntza artistikoa duten laborategiko teknikariak

Gallonek ondare artistikoaren kontserbaziora ekar zezakeen ezagutzak, gainera, bazuen beste abantaila bat: oso erabilgarria zen artelanak autentifikatzeko eta benetakoak faltsifikazioetatik bereizteko. Hala ere, garai hartako pertsona batzuek ohartarazten zuten arriskutsua zela konfiantza osoa metodo zientifikoetan jartzea, eta analisi historikoak eta artistikoak kontuan ez hartzea.

Kritika horiek ulertuta, bai eta horiek kontuan ez izatearen arriskua ere, Gallonek defendatzen zuen ondare artistikoaren diagnostikoan eta kontserbazioan lan egiten zuten zientzialari eta laborategiko teknikariek alderdi zientifikoan prestatzeaz gain, prestakuntza egokia jaso behar zutela, halaber, aztertuko zituzten teknika artistikoetan. Hau da, diziplina anitzeko prestakuntza sustatzen zuen, kontserbazioko zientzialarien lanbide profila garatu eta finkatzen laguntzeko.

Azterketak gauzatzeko, Gallonek aztergai zituen artelanen mikrolaginak jasotzen zituen. Mikroskopia optiko eta elektronikoko frogak egiten zizkien, laginaren berezko morfologia, geruza ezberdinak eta horien materialak aztertzeko. Irudi bidezko frogak ere egiten zituen, erreflektografia, adibidez; horri esker detektatu zezakeen pinturaren azpian aurretiazko marrazkiak edo zuzenketak egin ziren, artelanari kalte eragin gabe.

Errenazimentuko maisuak mikroskopio pean

Azkenik, teknika kimikoak eta energia dispertsiokoak edo X izpiak aplikatzen zituen artistak erabilitako pigmentuen eta disolbatzaileen konposizio kimikoa zehazteko. Bere aburuz, horren bidez guregana gerturatzen zituen Errenazimentuko maisuak, mikroskopioan aztertu baitzitzakeen haiek erabilitako koloreak eta materialak.

1980ko hamarkadaren hasieran, teknika berri bat garatu zuen: mikroespektrofluorimetria ultramorea. Horri esker identifika zitezkeen lagin baten barruko geruzen arteko loturak. Teknika hori garatzeko, Italiako eta Europako museo erakunde publiko eta pribatuekin lan egin zuen. Teknika hori aplikatu zuen, hain zuzen ere, bere lan ezagunenean: Da Vinciren Azken Afaria artelanaren azterketa eta zaharberritzea; hamarkada horren hasiera eta 1999. urtearen artean gauzatu zuen lan hori.

Antonietta Gallone
2. irudia: Da Vinciren Azken Afaria. (Argazkia: CC BY-SA 4.0 lizentziapean – Iturria: Wikimedia Common)

Bere karrera osoaren emaitza artxibo erraldoi bat da, askotariko artelanetatik (Rafael, Tintoretto eta Da Vinci, besteak beste) nahiz beste diziplina batzuetako obretatik (mosaikoak, eskulturak, aztarnategi arkeologikoak, ehunak) ateratako laginen ehunka analisi biltzen dituena. Informazio zientifiko-artistiko horrek guztiak balio izan du Italiako eta Europako ondare artistikoaren kontserbaziora aplikatutako ezagutzak hobetu eta handitzeko. Lan gehiena Milango Unibertsitate Politeknikoak sortutako eta bere izena duen artxibo batean dago gordeta.

Gallone 2015eko otsailaren 26an hil zen Milanen.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abuztuaren 14an: “Antonietta Gallone Galassi, la científica que nos acercó a los maestros del Renacimiento analizando sus materiales y colores“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.