‘Musu ematen’ duten ugaztunen atzetik
Gizakiontzat maitasun keinua den musuaren parekoak bestelako funtzioak ditu hainbat animaliatan.
Sarri bilatzen ditugu animalietan gizakiontzat ohikoak diren portaera eta imintzioen parekoak, seguruenera horiek nolabait guregana hurbiltzen dituztelakoan. Baina, agerikoa denez, gehienetan gauzak ez dira hala, sare sozialetako animalien bideo edo irudi kuki horien azalpena ematera ausartzen denak jaia zapuzten duen lagunaren ospea bereganatzeko arriskua badu ere.
Berez, musuak emateko portaera soilik hiru espezietan dokumentu izan da. Gizakia da, logikoa denez, espezie horietako bat. Zaila da jakitea noiztik dagoen portaera hau gizakien artean, baina lehen zibilizazioetatik dokumentatuta dago. Gainerako biak eboluzio katean oso gertutik ditugun ahaideak dira: txinpantzeak (Pan troglodytes) eta bonoboak (Pan paniscus).

Musutzat har ditzakegunak soilik espezie hauetan badaude ere, sudur edo muturrarekin egindako kontaktua, berriz, dezente zabalduta dago hainbat ugaztunen artean, baina orain arte portaera hau gutxi ikertu izan da, eta erregistratu diren portaerak anekdotikoak izan dira. Are, landa lanean erregistratu dira gehienak, ikerketa esperimentaletan baino. Hori dela eta, Evolution and Human Behavior aldizkarian Sophie Lund Rasmussen ikertzaileak argitaratutako berrikuspen artikulu batean, usainaren eta ferekaren artean egon daitekeen fenomenoaren gainean dagoen ezagutza bildu nahi izan du, portaera horren funtzioa argitu aldera.
Funtsean, portaera honek oso bestelako funtzioak izan ditzake, espeziearen arabera. Hala, espezie bakartietan txiripaz gerta daitezke hurbilketak, baina espezie sozialetan funtzio afektibo edota informatiboa izan ditzakeela uste dute etologia hori aztertu duten zientzialariek. Ugalketarako prestutasuna edota osasuna ebaluatzea da beste funtzioetako bat, baina baita beste kidea identifikatzea, seinale kimikoen bitartez. Espezie batzuetan bereziki garrantzitsua da usain bidezko komunikazio hau. Bestetik, espezie sozialetan, sudur bidezko kontaktua agurtzeko modua izan daiteke, bai eta elkar errekonozitzeko edota tentsioak arintzeko bidea ere.
Ugaztun bakartiei dagokienez, triku europarra (Erinaceus ieuropaeus) da ikertzaileak aipatu duen lehen adibidea. Are, espezie hau artikuluaren inspirazio iturria izan dela dio Rasmussenek. Gauaren babespean aritu ohi den ugaztun bakartia da, ikusmen nahiko pobrea baina, aldi berean, entzumen bikaina duena. Baina bakartasunean aritzeagatik, gutxitan topo egiten du espezie bereko beste kideekin, eta muturra-muturraren kontra kontaktua ia-ia nahigabean sortzen da. Ikertzaileak sinetsita daude hau hala dela, topaketa gertatzen denean kirikiñoak harritu egiten direla dirudielako. Halere, topaketak berehalako ondorioak ditu: kirikinoak gelditu egiten dira, eta beren begi niniak zabaltzen dira, hainbat segundoz geldituta geratzen direlarik. Suposatzen da kontaktu horretan komunikazio kimikoa egon behar dela —kontaktu kimiko gehiegi, agian; horregatik geratzen bide dira hainbat segundoz geldituta—, baina gehiago ikertzeko dagoen kontua da.
Zenbait saguzar espezietan —Tadarida brasiliensis eta Myotis bechsteinii espeziak aipatu dituzte— bokalizazioak eta apainketa soziala egiten dituzte sudurrak hurbiltzen dituztenean. Azken portaera horrek kolonia barruko lotura sozialak indartzen ditu, eta muturrean usain bidez emeen arteko kontaktua errazten duen likido oliotsu bat dutela ikusi dute ikertzaileek. Babesgunera bueltatzen direnean gertatu ohi dira mutur bidezko kontaktuak, eta horrek iradokitzen du seguruenera elkar agurtzeko eta ezagutzeko funtzioa daukala hurbilketa horrek.

Kastore europarraren (Castor fiber) kasuan, oraindik ez da ezagutzen kontaktua zertarako egiten duten. Bikotea sortu eta estaltze prozesuarekin lotu izan da, baina oraindik hori ezin izan da frogatu, batez ere portaera hauek gordelekuetan izaten direlako, horien behaketa zailduz. Baina hurbilketarekin batera soinuak ere egiten dituztenez, ikertzaileek susmatzen dute nahita egindako portaera soziala dela.
Txerri (Sus scrofa domesticus) haztegietan ere konprobatu dute maiz egiten dutela usaintze soziala. Egiari zor, gorputzeko beste leku askotara bideratzen dute mutur bidezko kontaktua, baina bi muturren artekoa da maizen gertatzen dena. Gainera, konprobatu dutenez, muturrak hurbiltzen direnean txerrikumeak gehiago hazten dira haztegietan. Txerrien kasuan, usaintzea ez dago lotuta haien artean egon daitezkeen menderatze dinamikekin, ezta ahaidetasun genetikoarekin ere. Arratoietan (Rattus norvegicus) ere atzeman dute muturrak elkartzeko joera, baina, ugaztun hauen kasuan, bibote edo bibrisa bidezkoa ohikoagoa da.
Azkenik, hierarkia handia duen sator biluziak (Heterocephalus glaber) ugaztun eusozialak dira —animalien artean, antolaketa sozialaren mailarik gorena da hau—. Azpiko gordeleku luze eta konplexuetan bizi dira, eta, izenak iradokitzen duen moduan, ikusmen oso mugatua dute. Horrekin beharrean, usainaren eta bibrisen bidez komunikatzen dira gehien.
Espezie horretan, erregina muturraz bailatzen da ugaltze monopolioa mantentzeko. Kasu honetan, kontrol sozialerako erabiltzen da, eta adituek uste dute agian erabiltzen dela ere menpeko emeak hormonalki inhibitzeko. Izan ere, ezagutzen da koloniako gainerako kideek ugaltzeko aukera galtzen dutela erreginarekin izandako kontaktuaren ondorioz. Erreginak eta hainbat arrek —bat eta hiru artean— monopolizatzen dute koloniaren ugalketa. Kasu honetan, erreginak muturrarekin atzera bultzatzen du aurrean duen koloniako beste kide bat, metro baterainoko atzerako mugimendua eragin dezakeelarik.
Keinu mota berean hainbeste esanahi desberdin egoteak argi uzten du eboluzioak keinu hori eralda dezakeela espezie bakoitzaren presio sozial edota ekologikoen arabera. Horregatik, etologoek espero dute hau bezalako ikerketak baliagarriak izango direla ugaztunen artean ahozkoa ez den komunikazioaren gaineko ezagutzan sakontzeko. Besteak beste, atzean egon daitezkeen seinale kimikoak aztertu behar direla babestu du artikuluaren egileak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Exploring nose-to-nose contact in mammals. Evolution and Human Behavior, 47, 1. DOI: 10.1016/j.evolhumbehav.2025.106809
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.