Mesopotamiako zeruak gorriz estali zirenekoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Babiloniako oholtxo kuneiformeetan agertutako idazkunak eta zuhaitzen eraztunetan bildutako karbono isotopoak alderatuta, zientzialari talde batek duela 2700 urte inguru gertatutako eguzki-ekaitzak identifikatu ditu.

Munduan zoragarri diren gauzen artean, bada zirrara berezia sortzen duen gai bat: gure arbasoek zeruari buruz zuten ikuspuntua irudikatzea. Irudikatzea, bai; zeren gehienetan hori besterik ezin baita egin. Batzuetan, baina, ikuspegi horretara hurbiltzea badago, aztarna arkeologikoetan antzina idatzitako testuetan edota hizkuntzalaritzan ere zantzu batzuk agertzen direlako.

Harea mugikorrak dira gehienetan, eta aztarna horietatik oinarri askorik gabeko espekulazioak ere barra-barra zabaldu dira astronomia kulturala deitu izan den alorrean. Baina ekarpen sendoak ere badira, noizean behin. Orain, Tsukubako Unibertsitateko (Japonia) ikertzaile talde batek diziplinan beste aurrerapauso txikia aurkeztu du. Mesopotamiako antzinako testuetan oinarrituta, duela 2700 urteko aurora borealen lehen aipamentzat dituztenak aurkeztu dituzte. Espekulazio soiletik aldenduta, aipamen horiek eguzki-ekaitzen ondorioz zuhaitzen eraztunetan marraztutako froga fisikoekin babestu dituzte. The Astrophysical Journal Letters aldizkarian azaldu dute ondorio horretara iristeko erabili duten prozesua, baina arXiv biltegian ere dago eskuragarri zientzia-artikulua, modu irekian.

1. irudia: Zenbaitetan aurorek hartzen duten kolore gorria bereziki atmosferan dagoen oxigenoarekiko elkarrekintzari zor zaio. (Argazkia: Tobias Billings / NASA)

Antzinako Mesopotamiako astrologoek zeruan behatutako fenomenoak erregistratzen zituzten, eta horien arabera erregeei augurioak egiten zizkieten. Zeruan idatzita zegoena jakinda, antzinako babiloniarrek uste zuten erritualen bitartez posiblea zela jainkoek ebatzitakoa modu batean edo bestean baldintzatzeko eta ohartarazpen negatibo horiek aurreikusten zutena arintzeko. Orain agerikoa iruditzen zaigu lehen astrologia horretan oinarrituta lurrean gertatu behar zena jakiteko modurik ez zeukatela, baina, horren ordainetan, fenomeno astronomikoak aurreikusteko trebezia garatu zuten; adibidez, Jupiterren ageriko mugimendua.

Gauzak horrela, ez dirudi zerua odolez beteta ikustea oso augurio lasaigarria zenik. Eta hori da, hain justu, duela 2700 urteko idazki kuneiformeetan aurkitu dutena. Zehazki, “gorriak zerua estali du” eta “distira gorria” aipatzen dira Babiloniako eta Niniveko oholtxoetan. Aipamen horren atzean aurora mota berezi bat zegoela uste dute adituek: aurora arku gorri egonkorra (SAR-arc bezala ezagututa). Aurora difuso bat da, iraunkorra eta ia monokromatikoa, eta planetaren erdiko latitudeetan agertzen da. Eguzki-ekaitzetan sortutako eremu magnetiko indartsuek oxigeno atomoak kitzikatzen dituztenean sortzen dira aurora horiek, gorriaren uhin-luzeran.

Aipu historiko horiek zuhaitzen eraztunetan agertutako anomaliekin alderatu dituzte. Analisi horretan oinarrituta, Kristo aurreko 679-655 urte tartean izandako hiru eguzki-ekaitzaren aztarnak identifikatu dituzte. Analisi mota horretarako isotopoak balizatzen dira. Kasu honetan, karbono-14 isotopoaren kopuru handiagoak atzeman dituzte eraztunetan, eta gorakada horien atzean eguzki-ekaitzak daudela uste dute adituek.

Hau ez da lehen aldia zuhaitzetan isotopoen eta gertaera historikoen arteko harremana aurkitzen dena. 2012an ikertzaile talde berak gamma izpien eztanda bat identifikatu zuen, eta ondoren Alemaniako astronomoek izpi horien atzean VIII. mendean gertatutako supernoba baten eztanda egon zitekeela proposatu zuten. Oraingo ikerketa honetan, zientzialariek azaldu dute behaketa horien data zehatza zein den jakiterik ez dutela, baina hori nolabait zehaztu ahal izateko astrologo bakoitza lanean noiz egon zen kalkulatzen saiatu direla.

2. irudia: Rm211 izeneko idazkuna, Kristo aurreko 679-655 urteetan datatua, Issār-šumu-ēreš astrologoak eginda. Bertan “akukūtu” edo “distira gorri bat” aipatzen da. (Irudia: Hayakawa et al.)

Nola ikusiko dira, bada, aurorak, hain latitude baxuetan? Argi dago ez direla oso ohikoak, baina, noizean behin, fenomenoa eman ematen da, bereziki Eguzkitik koroa masaren eiekzioak ateratzen direnean. Ikertu duten eremuari dagokionez, 1870ean Kairon eta Bagdaden aurorak ikusi ziren, eta bi urte geroago fenomenoa errepikatu zen, oraingoan Kairon eta Alexandrian. Gugandik gertuago, ezagutzen da 1938ko urtarrilean Euskal Herritik bertatik halako aurora gorri bat ikusteko aukera izan zela, Espainiako Gerra Zibila puri-purian zegoenean, hain zuzen. Bestetik, ikertzaileek beraiek aipatu dute uste dela iraganean ipar polo magnetikoa Ekialde Hurbiletik gertuago zegoela, eta horrek ahalbidetuko zuela fenomeno hori arruntagoa izatea.

Zientzialariek argudiatu dute aurkikuntza berriak bidea ematen duela Eguzkiaren jarduerari buruz ditugun erregistro historikoetan atzera egiteko. Zehazki, aipatu dute erregistro hori mende bat atzeratzea lortu dutela. Modu horretan harrian zizelkatutako informazio hori gaur egungo joerak hobeto ezagutzeko orduan lagungarriak izango dira. Dena dela, eta ikerketa guztien kasuan etekin praktikoren bat aurkitzea zilegi bada ere, argi dago kasu honetan ezagutza bera eskuratze soila justifikazio nahikoa dela. Eta, zergatik ez, milaka urte aurrerago egindako lehen idazkun horien balioa aitortzeko modua ere. Issār-šumu-ēreš, Nabû-aḫḫē-erība eta Zākiru izan ziren hiru astrologo horiek. Gizaki gehienak bezala, seguruenera, hilezkortasunaren ametsa izango zuten. Bada, modu batean bederen lortu dute: haiek harridura handiz deskribatutako “distira gorri” horiek etorkizunean hizpide eta inspirazio iturri bihurtu dira. Ez da gutxi.

Erreferentzia bibliografikoa

Hayakawa, Hisashi; Mitsuma, Yasuyuki; Ebihara, Yusuke; Miyake, Fusa, (2019). The Earliest Candidates of Auroral Observations in Assyrian Astrological Reports: Insights on Solar Activity around 660 BCE. The Astrophysical Journal, 884 (1): L18. DOI: https://dx.doi.org/10.3847/2041-8213/ab42e4


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.