Mikrobiologia
Asteon, koronabirus hitza askotan agertu da egunkarietan, baita sare sozialetan ere. Hasieran, Wuhanen (Txina) gaixotutako pazienteen birusak aztertu zituzten, eta haren kode genetikoa argituta, jakin zuten koronabirus bat zela. Orain birus horren jatorria zehazten aritu dira. Hasiera batean ostalaria saguzarrak izan zitezkeela uste zuten, baina Pekingo ikertzaile batzuek erakutsi dute sugeak izan direla. Munduko Osasun Erakundea egunotan ari da erabakitzen larrialdi-maila eta hartu beharreko neurriak, Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez.
2019 Novel Coronavirus (2019-nCoV) izendatu duten birusari buruz ere hitz egin dute Berrian. Asteon jakin izan dugunez, zientzialari batzuk ahaleginak egiten ari dira birusak eragiten duen pneumonia ezohikoa gelditzeko —dagoeneko hemezortzi pertsona hil baititu eta 630 baino gehiago kutsatu sei herrialdetan—. Dakigunez, birusa animalia batetik gizaki batengana pasatu zen animalia-merkatu batean. Gerora jakin zuten gizakien artean ere zabaldu zela. Horrek alarma piztu du epidemia bat sor dezakeelako. Birus honi buruzko informazio gehiago artikulu honetan duzue irakurgai.
Genetika
Genetikaz ari garenean, beti atentzioa ematen digun elementua genea da. Baina mundu horretan, badira beste osagai batzuk garrantzitsuak direnak. Ildo honi jarraiki, berriki egin den ikerketa batek arrozean aztertu ditu gene-materia ilun honen parte diren osagai batzuk, proteinarik sortzen ez duten RNA luzeak, hain zuzen. Gene-osagai horiek geneen funtzioa modulatzen dute, geneen adierazpena kontrolatzen baitute; hau da, geneen aktibitate-maila doitzen dute. Ez galdu Koldo Garciaren azalpen interesgarria!
Biologia
Ricardo Mutuberria biologoari egin diote elkarrizketa Berrian. Bertan, ikertzaileak dio beharrezkoa dela zientzia jende amateurrengana gerturatzea eta horretarako joko biotikoak (biologia eta bideo jokoak biltzen dituen hitza) aipatzen ditu, horiek gazteak animatzeko tresna egokiak direla gehituz. Bada, nola eratzen dira joko horiek? Mutuberriak azaltzen du: “Web kamera bat egitura batean jartzen da, eta horren gainean mikroorganismoak jartzen dira porta batean. Paramezioak eta euglenak izaten dira mikroorganismorik ohikoenak. Horiek pultsu elektrikoen edo argiaren bidez mugitzen dira, eta mikroskopioa ordenagailura konektatzean, irudia pantailan ikusten da”.
Badakizue zer diren tardigradoak? Muturreko egoeretan bizirik irauteko gai diren animalia txikiak dira. Orain arte egin diren probetan ikusi da egoera berezitan daudenean tardigradoek -200 ºC eta 150 ºC arteko tenperaturak jasateko gai direla. Bada, badituzte ere puntu ahulak: ikerketa batek frogatu duenez, tenperatura altuak luzatu eginez gero, tardigradoak askoz zaurgarriagoak dira. Informazio guztia Juanma Gallegoren artikuluan.
Betidanik entzun dugu ariketa fisikoa egitea lagungarria dela argaltzeko. Baina, badirudi, osasungarria den arren, oso laguntza txikia dela. Pisua kontrolatu nahi bada, hobe da gutxiago jatea, hori omen da modurik eraginkorrena. Testuan azaltzen digutenez, jarduera metabolikoa murriztu egiten da, eta energia gastuak behera egiten du. Gorputzeko tenperaturan ere badu eragina: hotzak egongo gara gehiagotan.
Adimen artifiziala
Lehenengo robot biologikoak sortu dituzte: zelula amez osatuta daude baina ordenagailu batek diseinatu ditu. Txikiak dira (0,1 cm-koak gutxi gorabehera), giza gorputzean bidaiatu ahal izateko. Zertarako balio dezakete? Ba, gorputzean botikak garraiatzeko eta modu adimentsuan entregatzeko, arterietako plakak kentzeko, edota kaltetutako ehunak bere onera ekartzeko… Nola egin zituzten jakiteko, jo ezazue Elhuyar aldizkariak argitaratu duen artikulura!
Ingurumena
Berriki argitaratu den ikerketa baten arabera, palma-olioa ekoizteak gero eta kalte handiagoa eragiten du ingurumenean, hau da, baso zingiratsuetan palma-olioa ekoizteko lurra prestatzeak eta palmondo gazteak hazteak landaketa helduek baino kalte askoz handiagoa eragiten diote. Munduan gehien kontsumitzen den landare-olioa da; azken hemezortzi urteetan eskaera hirukoiztu egin da, gainera. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.
Kimika
Egun, ahalik eta informazio gehien ahalik eta espazio murritzenean gordetzea da gizartearen nahia eta beharra. Ildo honi jarraiki, 1993. urtean Mn12-ac koordinazio konposatua aurkitu zen eta aurrerapauso handi eman zen horri esker. Iman Molekular (SMM, Single Molecule Magnet) deituriko konposatu hauek informazio unitatea molekula bakar batera murriztea ahalbidetzen dute. Artikulu honetan, 1993. urtetik gaur egun arte emandako aurrerapauso garrantzitsuenak daude irakurgai.
Teknologia
Gailu elektronikoetan ahots sintetiko pertsonalizatuak erabiltzeko aukera eskaintzen du UPV/EHUko Aholab ikerketa taldeak. Taldearen ikertzaile nagusia Inma Hernaez dugu, Bilboko Ingeniaritza Eskolako katedraduna eta ahotsaren prozesamendu teknologietan aditua. Proiektua abian jarri zuen ahots sintetiko pertsonalizatua eskaintzeko, bai hitz egiteko arazoak dituztenei, bai ahotsa galdu dutenei eta baita hitz egiteko arazorik ez dutenei ere. Gainera, ahotsen banku bat ere sortu dute, Berrian argitaratutako artikuluaren arabera.¡
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.