Nazioarteko egun baterako arrazoiak

Ekitaldiak · Emakumeak zientzian

Ikastetxe batera joan gara eta gazte talde bati galdetu diogu emakumezko zer zientzialari ezagutzen dituzten. Marie Curie bakarrik aipatu dute; beste inor ez.

Hortik aurrera, elkarrekin hizketan hasi dira, emakumeek zientziaren munduan duten presentziari buruz. Hainbat arazo aipatu dituzte gai horrekin lotuta, besteak beste, emakumezko zientzialariak ez direla hainbeste aintzatesten, lehen emakumeek debekatuta zutela ikasketa jakin batzuk egitea, eta emakumeak pertsonen arreta eta zaintzarekin lotutako lanbideetara orientatu ohi direla. Ikuspegi desberdinak azaldu dituzte eta, halaber, aipatu dute gizarteak eta familiak neskak presionatu egiten dituztela euren prestakuntza eta lanbidea norabide batean edo bestean orientatzeko.

Nahiz zenbait lanbidetan aritzeko aukera gutxiago duten, ondo baino hobeto dakite edozein ikasketa egiteko eta edozein lanbide izateko gaitasuna dutela, eta halaxe adierazten dute. Iruditzen zaie gauzek hobera egin dutela, eta orain neskek askatasuna dutela zer izan nahi duten erabakitzeko.

Arazo horiek guztiak direla-eta da, hain zuzen ere, otsailaren 11 Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna. Mutilen eta nesken artean desparekotasuna dago ikasketei dagokienez, eta, batik bat, oso neska gutxik hautatzen dituzte bereziki zailtzat jotzen diren eta, suposatzen denez, ikasle bereziki argiei dagozkien diziplina jakin batzuetako gradu eta graduondokoak. Ikasketa bat edo beste hautatzeko orduan dauden desberdintasunek ondorio sozial eta ekonomikoak dituzte, arrakala sozial eta ekonomikoak sortzen eta jada existitzen diren arrakalak handiagotzen baitituzte.

Euskal Herriko Unibertsitatea konprometituta dago: gizartean gizonek eta emakumeek eskubide berak izatea eta aukera berberak izatea da helburua. UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak ere konpromiso hori hartu du bere gain, eta, ahal duen neurrian, egoera hori aldatzen lagunduko duela erabaki du. Horregatik, 2014ko maiatzaren 8az geroztik Mujeres con ciencia bloga argitaratzen da.

Gaur, otsailaren 11, guk ere bat egin nahi dugu Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunarekin, Nazio Batuen Erakundeak sustatzen duen egunarekin. Horretarako, Gai gara bideoa egin dugu, testu honekin batera dagoena. Agerian utzi nahi izan dugu unibertsitate aurreko ikasketak egiten ari diren gazteek nola ikusten duten emakumeek zientziaren munduan duten egoera. Bideoan agertzen diren neska-mutilekin bat gatoz: ez gaude ados egungo egoerarekin, bidegabea da. Gainera, neska-mutil horien baikortasuna partekatu nahi dugu, baita euren gaitasunekin duten konfiantza ere. Baina baikortasun hori gizon-emakumeen eskubide eta aukera berdintasunean aurrerapausoak ematearekin justifikatzeko, ekintzak beharrezkoak dira; lan egiten jarraitu behar da. Horixe da Kultura Zientifikoko Katedraren jomuga. Eta horregatik, guretzat, bihar emakume eta neska zientzialarien eguna izango da, atzo bezalaxe.

Gai garaK2000 enpresak ekoiztu du, Jose A. Pérez Ledok zuzendu eta musika Borrtex (Christmas Tree) jarrio dio. Bizkaiko Begoñazpi Ikastolan grabatua dago eta eskerrak eman nahi dizkiogu ikastetxeari haren lankidetzarengatik.


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.


Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunaren argitalpenak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.