Gaur egungo efektua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

“Egun, luxua gogoko dute gazteek. Portaera txarra dute, agintaritza mespretxatzen dute; ez dituzte nagusiak errespetatzen, eta nahiago dute berriketan aritzea ariketa egitea baino gehiago”

Askotan, halakoak esaten ditugu helduok. Ez da oraingo kontua, gero; aitzitik, gure arbasoen aburuen idatzizko erregistroak ditugunetik esan izan dira. Sokratesena da, zehazki, testu honen hasieran komatxo artean jarritako aipua. Baina hori egia izango balitz, hots, gazteak gero eta libertinoagoak, lotsagabeagoak, alferragoak eta zoroagoak izango balira, gazteei leporatu ohi zaizkien akats bakan batzuk aipatzearren, gain behera etorriko zatekeen gazteria eta, harekin batera, gizadia, modu jasanezinean gainera. Zerbaitek huts egiten du adierazpenotan.

Argazkia: Helduek gazteez gaizki hitz egiteko duten joera, zenbait mekanismo kognitibotan oinarritua dagoen funtsezko ilusioa da. Izan ere, gazteak ginen sasoiko oroimena alboratu egiten dugu eta egun ditugun ezaugarriak erkatzen ditugu gazteekin eta ez gazte sasoian izan genituenak. (Argazkia: birgl / Iturria: Pixabay.com )

Ikerketa batek gai horri heldu dio, eta duela gutxi ezagutarazi dira haren ondorioak. Zehatz-mehatz, “gaur egungo efektua” deritzon fenomenoa —these days effect ingelesez— aztertu du lanak. Horretarako, hainbat pertsona nagusiri iritzia galdetu zaie, beren aburuz hiru alderdi haiek gazteak zirenetik gaur egun arte nola aldatu diren jakiteko. Nagusienganako errespetua, adimena eta irakurzaletasuna dira hiru alderdiak.

Hau da ikerketaren ondorio nagusia: gazteez gaizki hitz egiteko joera orokorra dagoela, nagusienganako errespetuari eta irakurzaletasunari dagokienez. Eta gazteak negatiboki baloratzeko joera ere badago, ustez norbera nabarmena den edota nabarmentzen den ezaugarrietan; joera hori bat dator ikertutako hiru bereizgarrietan. Hau da, pertsona heldu batek agintea asko errespetatzen duenean, uste du egungo gazteek bere garaikoek baino gutxiago errespetatzen dituztela pertsona nagusiak. Eta gauza bera gertatzen da adimenarekin eta irakurzaletasunarekin. Efektua, batez ere, ezaugarri bakoitzari dagokio; izan ere, irakurtzeko zaletasun handia duen baina agintea gutxi baloratzen duen norbaitek ez du pentsatuko gaur egungo gazteek ez dituztela zaharrak lehen bezala errespetatzen. Labur esanda,gaur egungo efektua” ez da gazteak gaitzestea edo oro har haiei buruzko iritzi txarra izatea, baizik eta arlo nahiko zehatzetara mugatzen da.

Efektuaren azpiko bi mekanismo aurkitu zituzten lanaren egileek. Alde batetik, ikusi zuten alderdiren batean nabarmentzen direnak alderdi horretan besteek egiten dituzten hutsegiteak antzemateko joera berezia dutela, gazteengan zein helduengan. Bestetik, beren egungo ezaugarriak iraganerantz proiektatzeko joera omen dute, eta, horrenbestez, gaztetan ere egungo bertute edo dohain berak zituztela pentsatzen dute, nahiz eta oker egon. Horregatik erkatzen dituzte gazteak beren egungo izatearekin, kontuan izan gabe haiek ere ez direla duela berrogei urte bezalakoak. Baliteke milurtekoz milurteko egon izana joera hori bera, horrek dakartzan ondorioekin.

Mende luze daramagu “egungo gazteak” gaitzesten, eta, hartara, litekeena da nagusiok hala egiten jarraitzea. Hori dela eta, egungo gazteek diziplinarik ez dutela, nagusiak errespetatzen ez dituztela, irakurtzen ez dutela edota lehen unibertsitatera hobeto prestaturik iristen zirela entzuten badiozu senide edo lagunen bati —edota zure buruari—, baieztatu edo diatribarekin jarraitu aurretik, pentsatu greziarrek ere horixe bera esaten zutela duela ia hogeita bost mende.

Erreferentzia bibliografikoa

Protzko, John eta Schooler, Jonathan W. (2019). Kids these days: Why the youth of today seem lacking. Science Advances, 5 (10), eaav5916 . DOI: 10.1126/sciadv.aav5916.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

  • […] Bai, TikTok eta halakoetan maisu zareten millennial belaunaldiko ondorengo horiek: zuen dantza birala munduaren beste punta batean zabaldu daiteke, baina zuek ez duzue unibertsoaren zaratan arakatu pijaman, zibilizazio estralurtarren aztarnen bila. Aurreko belaunaldietako asko lagun, berriz, bai. Corel Draw […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.