Birusak (eta III)

COVID19 · Dibulgazioa · Kolaborazioak

SARS-CoV-2 birusak eragindako COVID-19 gaixotasunak gure gizartea astintzen duen egun hauetan, interesgarria da birusak zer diren jakitea. Ez bakarrik, koronabirus berriaren kasu zehatza, baizik eta birusen kasu orokorra. Ekarpen honekin amaitzen den artikulu-sortan, birusen egitura eta transmisioa aztertu dugu jada eta, orain, birusek ekar ditzaketen arriskuak eta organismoak birusei aurre egiteko dituen mekanismoak plazaratuko dira.

birusak
Irudia: Immunitate sistema da birusei aurre egiteko mekanismo nagusia, baina, denbora eta osasun egoera orokor ona beharrezkoak dira erantzuna eraginkorra izateko. (Argazkia: Tumisu – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Birusak bizidunak diren edo ez eztabaidagaia da adituen artean. Ziurra dena zera da: birusek ez daukate metabolismo propiorik eta, hortaz, haien buruaren kopiak egiteko beste bizidun baten beharra dute. Bizidun hori birusak kutsatzen duen zelula ostalari bat da. Birusak tamaina oso txikikoak dira, nanometro batzuk, eta bi atal nagusi bereizten dira haien egituran. Alde batetik, azido nukleikoa dute -DNA zein RNA forman egon daitekeen informazio genetikoa-. Informazio genetiko horretan, birusaren kopia berriak egiteko beharrezkoa den informazio guztia dago. Beste aldetik, azido nukleikoa hainbat babes-geruzekin inguratuta dago. Kasurik sinpleenean kapside izeneko proteinek babestuko dute informazio genetikoa eta, beste zenbait kasutan, beste geruza batzuk ere egongo dira.

Zelula ostalaria kutsatzen duenean birusak, bi egituren arteko elkar ezagutzea gertatu behar da, giltza eta sarraila baten modura. Lotura hori gertatzen denean, birusak informazio genetikoa zelula ostalarian txertatzen du eta une horretatik aurrera, birusak bere onurarako erabiltzen du zelularen makineria guztia. Birusak mugaraino ustiatzen du zelula eta, hortaz, zelulak bere funtzioak betetzeari utzi behar dio. Prozesuaren amaieran, birusaren kopiak zelulatik atera daitezke edota zelula suntsitu egin daiteke barruan dauden birus guztiak kanporatuz. Modu horretan, organismo ostalariaren beste zelula batzuk kutsatuko ditu birusak edo beste organismo bat erasotzen hasiko da, lehen organismotik kanporatzeko aukera badauka -eztularen edo doministikuaren bidez, esate baterako-.

Hori guztia gertatzen den bitartean, organismoak immunitate-sistemaren bidez egiten dio aurre birusaren erasoari. Hasiera batean, immunitate-sistema gai da birusaren mintzetako proteinak ezagutzeko, eta gai da konturatzeko proteina horiek arrotzak direla, ez direla propioak. Horren aurrean, immunitate-sistema antigorputzak ekoizten hasiko da. Prozesu horrek denbora eta osasun egoera orokor ona behar ditu eraginkorra izateko.

Immunitate-sistemak birusa lehenagotik ezagutzen bazuen, antigorputzak prest izango ditu edo azkarrago egingo du beharrezko ekoizpen hori. Horixe da, hain zuzen ere, txertoen funtsa. Txertoa jartzen denean, birusaren -edo beste patogeno baten, ez baita birusetara mugatzen- mintzeko osagaiak edo gaitasun patogenikoa ez duten birusak injektatzen dira gorputzean: nolabait, immunitate-sistema entrenatu egiten da. Behin antigorputzak odolean daudela, birusaren mintzeko proteinetan itsasten dira eta horrela birusak ezin du bere ekintzarekin jarraitu.

Orokorrean birusek eragindako gaixotasunak tratatzea zailagoa da bakterioek eragindakoak tratatzea baino. Salbuespenak salbuespen, antibiotikoak erabilita modu nahiko eraginkorrean egiten zaie aurre bakterioei. Bakterioak, hasteko, askoz hobeto ezagutzen ditugu birusak baino. Birusen kasuan, arazoak gehiago korapila daitezke. Normalean, sintomak arintzeko sendagaiak har daitezke -sukarra, buruko mina, eta abar-, baina, birusa bera ez da erasotzen. Hauxe gertatzen da, esaterako, gripe arruntaren kasuan. Organismoak egin behar dio aurre birusari eta denborarekin lortzen da hori. Bien bitartean, sendagaiak har daitezke gripeak eragindako kalteak arinagoak izateko. Zenbait kasutan, badaude birusen aurkako txertoak zein sendagai antibiralak -zuzenean birusari edo bere metabolismoari aurre egiten dioten sendagaiak-, baina, hori ez da kasu askotan gertatzen.

Horrekin lotuta, ulertu behar da birus hilgarrienak ez direla kutsakorrenak; izan ere, birusak ostalaria azkar hiltzen badu -beste bizidun bat kutsatzeko aukera izana baino lehen-, birusaren hedapena eten egiten da. Birusaren autosuntsiketa litzateke. Horrexegatik, gehien irauten duten birusak eta, hortaz, gizartearentzat arriskutsuenak direnak ez dira birus hilgarrienak, kutsakorrenak baizik.

SARS-CoV-2 koronabirusari dagokionez, hilkortasun-tasa ertain-baxua du eta kutsakortasun ertain-altua. Horiek gizartearentzat arriskutsua izateko beharrezko bi ezaugarriak dira, zalantzarik gabe. Hori gutxi balitz, inkubazio-denbora nahiko altua du eta sintomak agertzen hasi baino hainbat egun lehenago beste norbait kutsatzeko arriskua dago. Birusen aurkako sendagaiak egitearen arazoetako bat da birusak oso aldakorrak direla. Mutazio asko gertatzen dira birusaren kopiak egiterakoan eta, hortaz, zailagoa da aurre egitea. Une honetan SARS-CoV-2 koronabirusaren aurkako txertoa lortuko balitz ere, epe luzerako irtenbidea litzateke hori. Momentuz, sendagairik onena birusari hedatzen ez uztea da.

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.


Birusei buruzko artikulu-sorta:

  1. Birusak (I)
  2. Birusak (II)
  3. Birusak (eta III)

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.