Osasuna
Asteon ezagutu ditugu Espainiako gobernuak abiatu zuen azterketa serologikoen lehen emaitzak. %5 inguruk eman du positibo testetan. Horrek esan nahi du oso urruti gaudela talde-immunitatetik (horretarako populazioaren %60-%70 egon behar da immunizatuta). Hego Euskal Herrian, %4,4k ditu antigorputzak. Emaitzen berri izateko, jo ezazue Elhuyar Aldizkariko artikulu honetara.
Birusaren jarraipen epidemiologikoa egiteko mekanismo eraginkorra izan daiteke hondakin-urak aztertzea. Artikulu batean hala azaldu dute, hain zuzen, infekzioa hasi eta hiru egunera jada birusa gorotzetan eta gernuan azaltzen baita, eta erraz detektatu baitaiteke araztegietan. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
Espainiako Estatuko Karlos III.a Osasun Institutuak hondartzetan eta igerilekuetan SARS-CoV-2 birusak duen transmisio arriskua aztertu du. Jakinarazi dituzten ondorioei buruz hitz egin digu Miren Basarasek Berriako honetan. Esaterako, itsasoko uretara ailegatuko lirateke birusaren arrastoak? Eta hondartzetako harean? Igerilekuei dagokienez, kloroaren erabilerak lagunduko luke birusa inaktibatzen?
Osasun-zentroetako paradigma erabat aldatzea ekarri du izurriak. Beste modu batean funtzionatzeko aukerak kontuan hartu eta hainbat mekanismo jarri dituzte abian Osakidetzako eta Osasunbideko arduradunek: segurtasun neurriak sendotzeaz gain, telemedikuntzaren aldeko apostua egin dute. Berrian aurkituko dituzue xehetasun gehiago.
Koronabirus berriak eragindako osasun krisia hasi zenetik, askotan entzun dugu PCR hitza, birus horren diagnosia erabiltzen den teknika, alegia. Bada, Berriako testu honetan, teknika horri buruz hitz egin digute: biologia molekularraren arloan, XX. mendeko aurkikuntza garrantzitsuenetarikoa izan da. Bere asmatzailea Kary Mullis da, 1993. urtean kimika arloko Nobel saria eskuratu zuen biokimikaria.
Egunotan gure lagunekin elkartu gara lehenengoz konfinamendua hasi zenetik baina kontuz ibili behar dugu berriketa hutsarekin milaka birus zabaltzen direlako eta airean 14 minutu arte iraun dezaketelako ahotik irten ondoren, ikerketa batek jakinarazi duenez. Sustatu.eus-en aurkituko duzue informazio gehiago.
Zalantzak daude oraindik umeak eta gazteak pertsona helduen maila berean kutsatzen diren ala ez. Txinan egin den ikerlan batek aipatzen du hamabost urte baino gazteagoa den ume kutsatu baten ondoan hiru edo lau pertsona heldu daudela. Horretaz gain, Hego Euskal Herrian, umeak berriro kalera irteten hasi zirenetik, ikusi da umeen kutsatu kopuruak gora egin duela: hamar urtetik gorakoetan igoera hori %55ekoa izan da. Nola eragingo du honek ikastetxeen irekiera? Miren Basarasek honen inguruan hausnartu du Berrian.
GIBaren aurkako txerto eraginkorrago bat lortu dute tximinoetan AEBko ikertzaile-talde baten arabera. Antigorputz neutralizatzaileak sortzeaz gain immunitate zelularra indartzea da txerto berriaren gakoa. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.
Kimika
Konfinamendu egoeran, ogia egitea zaletasun bihurtu duzue askok. Horri jarraiki, Josu Lopez Gazpiok glutenari buruz hitz egin du. Berak azaltzen duen moduan, glutena irinean dauden proteina jakin batzuk dira eta proteina horiek egitura berezi bat osatzen dute. Ez galdu bere artikulu interesgarria!
Matematika
Koronabirus berria agertzeak ekarri duegunero datu pila bat jasotzea. Horien artean, grafikoak ditugu, pandemiaren eboluzioa islatzen dutenak. Horietako batzuetan, eskala logaritmikoa erabiltzen da. Bada, zer da eta zergatik komeni da hori erabiltzea? Artikulu honetan topatuko duzue erantzuna.
Astrofisika
UPV/EHUko Planeta Zientzien Taldeko ikertzaileek Saturnoko hexagonoaren, Planetako ipar poloan dagoen, egitura argitu dute. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, hexagonoa lanbro-geruzaz osatuta dago eta geruza bakoitzak 7 eta 18 kilometro arteko lodiera du; analisi espektralaren arabera, partikula oso txikiz osatuta daudela ikusi dute. Konposizio kimikoari dagokionez, lanbro horiek hidrokarburozko izotz kristal txikiaz osatuta egon litezke.
Berriak ere eman du ikerketa honen berri. Batez ere, egitura meteorologiko horren egonkortasunak harritu ditu zientzialariak, “engima” bat dela diote. Euren esanetan, lanbro horren aurkikuntzak informazio interesgarria ekarri du: “Laino geruza horiei esker, badakigu eremu horretan ia ez dagoela mugimendu bertikalik, geruzak oso egonkorrak direlako. Bestalde, jakin dugu laino horiek gai kimiko oso exotikoz osatuta daudela: azetilenoa eta benzenoa, besteak beste. Halako laino egiturarik ez dago beste inon”.
Klima-aldaketa
Klima-aldaketa dela eta, 2070. urtearen bueltan, 3.500 milioi lagun inguru bizitzeko egokiak ez diren eremuetan egongo direla aurreikusi dute ikerketa batean (hori populazioaren %30 izango da). Tenperaturen igoerak bizitza ia ezinezkoa bihurtuko du lurren %19an. Zientzialariek adierazi dutenez, ez zuten espero ondorioak hain muturrekoak izatea. Informazio guztia Juanma Gallegoren artikuluan
Emakumeak zientzian
Clara Immerwahrrek kimikako doktoretza egitea lortu zuen: azterketa gainditu zuen aurreneko emakumea izan zen. Haren tesi zuzendariaren laguntzaile gisa hasi zuen ibilbide zientifikoa; artikulu andana argitaratu zuen eta emakumeentzako eskoletan irakasle aritu zen. Baina ibilbide hori zapuztu zitzaion Fritz Haber zientzialariarekin ezkondu zenean. Clara nazkatuta zegoen Haber Alemaniako armadan egiten ari zen lanaz, armamentu kimikoaren fabrikazioan parte hartzea basakeria iruditzen baitzitzaion.
Genetika
Itxialdirako artikulu-sorta utzi digu beste behin Koldo Garciak. Bertan, gene-aholkularien inguruan idatzi du, gene-informazioa behar bezala jasotzea garratzitsutzat jotzen du.
Horretaz gain, koronabirus berriaren erretratua egin du honetan: bere historia, ezaugarriak, jatorria, infekzio-gaitasuna eta immunitateari buruz azalpen interesgarriak emanez. Ez galdu!
Biologia
Jakina da oraindik ez ditugula ezagutzen existitzen diren intsektuen espezie gehienak baina kalkulatzen da guztira sei eta hamar miloi artean izan daitezkeela, agian, animalia espezie guztien % 90 baino gehiago. Kakalardoa da, adibidez, espezie mota gehien dituen intsektua. Hain zuzen, horiei buruzko azalpenak aurkituko dituzue artikulu honetan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.