Eguzki sistemako bigarren planetaren iragan klimatikoa simulatu dute zientzialariek, eta ikusi dute denbora luzez gainazalean ura eta bizia garatzeko moduko baldintzak egon zitezkeela bertan.
Izugarrizko aurrerapenak egin ditugu azken hamarkadetan, baina, esplorazioari dagokienez, gure planetaren bi auzokideek erritmo guztiz desberdinak daramatzate: Martek pixkanaka haren misterioak azalerazten dituen bitartean, Artizarraren kasuan ez da berdina gertatzen; are gehiago, ez dirudi erraza izango denik aurrerantzean ere horietan sakontzea.
Planetas liburuan Francisco Anguita Virella eta Gabriel Castilla Cañamero adituek oso modu argigarrian azaltzen dute zertan den gaur egun Artizarrari buruz daukagun ezagutza. Edo, hobeto esanda, ezagutza eskasa. Kontua ez da inolaz ere zientzialariak saiatzen ez direnik: saiatu arren, zinez lan zaila dute. “Radarraren teknologiak aukera eman digu zientzia altxor hau kartografiatzeko, baina bidean are oztopo handiagoa azaldu zaigu: Artizarra arduratu da haren historiaren hasieraren %90 ezabatzeaz. Planetaren gainazalerako bidaia konplikatua izan bada, harriek geologoei denboran atzera joateko ahalbidetu dieten aukera ia ezinezkoa izan da. Azken 1.000 urteetako aztarna arkeologikoen laguntza soilarekin giza zibilizazioen iragan osoa berreraikitzearen parekoa litzateke hau”.
Erronka itzela, beraz, ikertzaileentzat: ia guztiz eraberritu den gainazal bat, etengabeko hodei geruza batez estalita. Tokian bertan ikertzea ere ez da lan erraza. Hara joan diren espazio ontzi apurrek gutxi iraun dute 450 ºC-ko tenperatura duen planeta batean.
Horregatik, irudimena piztu du Artizarrak. Zientzialari batzuen irudikoz, iragan urrun batean planetak bizigarria izateko baldintzak izan zituen. Aspaldi errotutako teoria da, baina ez da bakarra, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaile Itziar Garatek gogorarazi duenez. “Teoria baten arabera, Artizarrean inoiz ez zen bizigarritasun baldintzarik egon. Baina badira beste bi teoria kontrakoa proposatzen dutenak: planeta noizbait bizigarria izan zela, alegia”. Proposamen horiek Pioneer Venus misioak neurtu zituen deuterioaren eta hidrogenoaren arteko proportzioen neurketetan oinarritzen dira: datu horrek noizbait ura egon zelako hipotesia hauspotu zuen.
Lehen teoriaren arabera, bizigarritasun tarte laburra egon zen, planeta sortu eta gutxira; baina, ondoren, izarraren eboluzioagatik Eguzkiaren berotasuna handitzen joan zen heinean, Artizarra lehortu zen. Bigarren teoriak babesten du bizigarritasun hori luzaroan mantendu zela. Bada, azken teoria honen alde egiten duen ikerketa berria aurkeztu dute orain NASAko Goddard Institutuko bi ikertzailek Journal of Geophysical Research aldizkarian argitaratutako artikulu batean (hemen, irekian).
Zientzialari hauen irudikoz, 3.000 milioi urtez sakontasun gutxiko urez osatutako ozeano zabal bat egoteko baldintzak mantendu ziren Artizarrean, planetaren historiaren azken zatian (duela 300-700 milioi urte inguru) gauzek okerrera jo zuten arte. Garai horren bueltan, hainbat probintzia igneo erraldoi aldi berean azaleratu ziren, eta ordura arte klima epela zena gaur ezagutzen dugun infernua bilakatu zen. Batera izandako erupzio horiek guztiek (batera zentzu geologikoan, noski) karbono dioxido kopuru itzelak isuri zituzten, berotegi efektu erraldoia eraginez. Lurraren historian ere horrelako erupzio erraldoiak izan ziren arren, ez ziren aldi berean gertatu, eta horrek ahalbidetu zuen, hein handi batean, bizia mantentzea.
Artizarraren kasuan, 3.000 milioi urtez mantendu zen egoera hori Lurrarena berarena baino egonkorragoa izan zela babestu dute ikertzaileek, eta horrek, noski, irudimena pizten duen proposamen horietako bat da. Hain tarte luzean, bizigarritasun horrekin batera bizia ere garatuko al zen? Are gehiago, bizi adimenduna? Artizartar zibilizaziorik? Hala izanik ere, ez dirudi inoiz aukera egongo denik horrelakorik frogatzeko, aurrean aipatu dugun bezala, planetaren gainazal gehiena guztiz birziklatuta dagoelako.
Dena dela, simulazio batean egindako ikerketa dela kontuan izan behar da. Zehazki, NASAren Rocke-3D eredu informatikoa baliatu dute Artizarraren paleoklimen simulazioak egiteko. Eta, Garatek ohartarazi duenez, kontuan izan behar da halako simulazioetan aukeratzen diren parametroen araberako emaitzak oso bestelakoak izan daitezkeela. “Honekin ez dut esan nahi ikerketari indarra kendu behar zaionik. Atera duten emaitza benetan interesgarria da, baina behaketa edo neurketa gehiago beharko genituzke bizigarritasunaren aukeraren alde egiteko”.
Kasu honetan, gainera, badira ezagutzen ez diren parametro asko, Garateren arabera. Esaterako, Artizarrak gaur egun duen inklinazio berdina izan zuela suposatu dute simulazioan, baina astrofisikariak nabarmendu du inklinazio hori noiztikoa dela ez dakigula. Berdina gertatzen da errotazio abiadurarekin.
Gauzak horrela, Artizarrari buruzko ezagutza handitzen jarraitzeko beharra aldarrikatu du adituak. Are gehiago, aurrean dauden erronka teknologikoak hein handi batean gainditzeko moduan egongo garelakoan dago Garate. Batez ere, tenperatura altuei denbora gehiagoz eusteko gai diren material berriak ditu gogoan.
“Garatzen ari diren material berri horiekin, bertaratutako robotek Artizarraren baldintzak jasan ahal izango dituzte hogei bat egunez. Egia da honek gutxi ematen duela, Marten urteak ematen dituzten gailuekin alderatuta, baina aurreko misioetan Artizarrean bi orduz iraun duten robotekin konparatuz gero, alde handia dago”.
Adituaren esanetan, Artizarrera bueltatzeak bide asko irekiko lituzke. Deuterioaren eta hidrogenoaren arteko proportzioa jarri du adibidetzat. “Datu hori behin baino ez genuen eskuratu, baina bizigarritasunaren inguruko proposamen guztiak horretan oinarritzen dira. Baina, horrez gain, badira ere ezagutzen ez ditugun beste gauza asko, Artizarra in situ gutxien behatu den planetetako bat delako”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Way, M. J., & ( 2020). Venusian habitable climate scenarios: Modeling Venus through time and applications to slowly rotating Venus‐like exoplanets. Journal of Geophysical Research: Planets, 125, e2019JE006276. DOI: https://doi.org/10.1029/2019JE006276
1 iruzkina
[…] da gasezko planeta erraldoietan fosfano abiotikoa egon badagoela, baina, prozesu horiek ezin dira Artizarrean […]