Klimaz (II)

Zientziaren historia

Zientziak behar zuen filosofia berria XIX. mendeko lehen hamarkadetan agertu zen, eta geografia nahiz meteorologia, naturaren osotasunaren ikuspegi erromantikoa eta Ilustrazio berantiarraren metodoak -hau da, tresneria eta neurketa zehatzak- uztartu zituen.

Alexander von Humboldt da sintesi horren ordezkaririk ezagunena. XVIII. mendearen hondarreko filosofia natural eta esperimentalaren testuinguruan ikasi bazuen ere, oso harreman estuak izan zituen mugimendu erromantiko alemaniarraren partaide nagusiekin. Lurralde batean beha zitezkeen elementu natural guztietatik abiatu zen, eta osotasun elkarreragile eta koherentea bilatu zuen geologian, kliman, landaredian, faunan eta giza kulturan oinarri hartuta. «Physique générale» izena eman zion osotasun horri.

Beraren ustez, geografia fisikoaren elementu ugarien elkarreraginek eratzen dute klima: lurzoruak osatzen dituen egituren tamaina eta orientazioa, haien garaiera eta osaera geologikoa, lurzoruaren eta uraren arteko hartu-emanak, landare- eta elur-estaldurak etab. Bat-batean, Humboldtek eta garaikideek eskualde nahiz herrialde mailako patroi meteorologikoak aurkitu zituzten, iraganeko ikertzaileek tokiko berezitasunak baino ikusi ez zituzten bitartean. Isotermen bidez -mapa batean tenperatura berdineko puntuak lotzen dituzten lerroak- irudikatu zuten aurkikuntza hori, zeinetan tenperaturaren datu globalak elkartzen diren osotasun koherente bat eratzeko.

1 irudia: Woodbridge kartografoak eta von Humboldt egindako grafiko isotermikoa 1823an. (Iturria: Wikimedia Commons).

Humboldten garaiko klimatologoek klimak munduan zehar nola banatzen ziren aztertu zuten; ikuspegi klimatikoa erantsi zioten biogeografiari, eta gogoeta egin zuten jakiteko aldi historiko eta geologikoen klimak nolakoak izango ote ziren, erregistro idatzi nahiz fosilak kontuan hartuta.

Mendearen bigarren erdialdean, inperialistek gero eta gehiagotan erabili zituzten argudio hipokratikoak arraza europarraren nagusitasuna berresteko eta Asiako zein Afrikako konkistak arrazoitzeko. «Arrazak klimaren ondorio dira» dioen baieztapen hipokratikoari jarraituz, hainbat geografok eta antropologok aldarrikatu zuten buruargitasuna, industria, neurritasuna eta XIX.ean goraipatu ohi ziren beste hainbat bertute Europako eta AEBtako klima epelaren ondorio zirela. Eta kolonietako klima erosoek, aldiz, arraza ahulak sortu izan zituztela, men egiteko jaioak.

Ideia horiekin estuki lotutako arazoez arduratu zen medikuntza tropikala; besteak beste, aurkitzeaz zer oinarri klimatologiko zuten lur exotikoetako gaixotasunek, europarrek itsasoaz bestaldeko jabetzak gobernatzea oztopatzen baitzuten; era berean, kolonietako biztanleen endekapen fisiko eta morala aztertzeaz ere arduratu zen.

XIX. mendeko klimari buruzko ikerketen adar enpiriko eta praktikoenak arazo biogeografikoez eta nekazaritzakoez arduratu ziren batez ere. Auzi bat oso maiz agertu izan zen garai hartan: elementu klimatologikoek (tenperaturak, hezetasunak, prezipitazioek, intsolazioak…) uzten bizi-aroetan eta giza kokaguneetan zer eragin zuten jakitea.

2. irudia: Köppen-en lehen mapa klimatikoa, 1884an. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica).

Klimatologoek klimen sailkapen ugari garatu zituzten, elementu meteorologikoak nahiz biogeografikoak erabiliz beren grafikoetan. Horien artean ezagunena Köppen-ek 1884an aurkeztu zuena da. Gerora doituz joan zen hainbat argitalpenetan agertuta mende erdi baino luzaroagoan. Izan ere, XIX. mendearen azken herenean, «klimatologia klasiko» delakoak ahalegin handia egin zuen neurketak estandarizatzeko eta fidagarritasuna bermatzeko.

Behin XX. mendea heldu zelarik, Vilhelm Bjerknes-en lana funtsezkoa izan zen klimatologia eta geografia guztiz banantzeko eta lehena fisikaren adar bihurtzeko; aurreikuspenerako gaitasun handia hartu zuen horrela. Agian meteorologia zientzia gisa behin betiko finkatu zuen gertaera Bigarren Mundu Gerrako Normandiako lehorreratzea dugu, azterkuntza klimatikoa oinarri zela aukeratu baitzen D eguna. Bestalde, aipatu ditugun garaietan metatuz joan den klima-jakintza guztiak ahalbidetu zuen munduko klima aldatzen ari delako ikuspegia indartzea XX. mendearen erdialdetik aurrera.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.