Eloise Gibletten (1921-2009) ezagutza etengabea

Emakumeak zientzian

Lantzean behin, norbaitek aurretik ezagutzen ez zenuen zerbait azaltzen duenean, liluratuta gelditzen zara; jakina, beti dago deus ez ulertzeko arriskua baina noizbehinka bada zerbait, hitz bat edo esaldiren bat burutik kendu ezin duzuna. Azalpen horrek jakin-mina pizten du ezinbestean; bat-batean denak hartzen du zentzua, esku artean giltza-sorta astun bat izan eta lehenengo saiakeran, begi aurrean duzun atea irekitzeko gai izango bazina bezala. Eloise Gibletteri, Elo deitzea nahiago zuenari, antzeko zerbait gertatu zitzaion haren nebak kimikaz lehen aldiz hitz egin zionean. Ordura arte ez zuen zientziekiko interesik erakutsi, baina hark atomoak eta molekulak izendatu zituenean aurpegia erabat aldatu zitzaion.

1. irudia: Eloise Giblett. (Argazkia: NAS)

“Edertasun dastatzaileak zeinahi lekutan aurkituko du edertasuna”, idatzi zuen Marguerite Yourcenarrek Memorias de Adriano liburuan. Gibletteri antzeko zerbait gertatu zitzaion; txikitan musika maite zuen –bereziki oso fina zen biolinarekin–, baina baita mikrobiologia, genetika eta hematologia bezalako adar zientifikoak ere. Ildo horretatik, egindako aurkikuntzen artean, nabarmentzekoa da hark aurkitu zuela immunoeskasiaren lehen gaixotasuna: Adenosina Desaminasaren (ADA) urritasuna. Immunoeskasia konbinatu larri bat (ICG) eragiten duen purinen metabolismoan desordena bat da. Halaber, haren lanen artean azpimarratzekoak dira odol-taldeko antigeno ugariren identifikazioa –horietako batek bere izena darama– eta globulu gorrien transfusio segurua lortzeko lana.

Odolaren bidea

Elo Giblett Tacoman (Washington) jaio zen, 1921ean. Beka bat lortu zuen Mills Collegen ikasteko; bertan, bi urte igaro zituen kimikako espezializazioa egiten. Ondoren, Washingtongo Unibertsitatean mikrobiologia hautatu, eta 1942an bukatu zuen gradua. Ikasketak amaitu ondoren, unibertsitateko Mikrobiologia Sailean irakasle izateko lanpostua eskaini zioten, baina Spokane-ra (Washington) itzultzea erabaki zuen.

Pearl Harbourren aurkako erasoaren ondoren, 1944an WAVESen izena eman zuen (ingelesez “Women Accepted for Volunteer Emergency Service”), soilik emakumez osatutako AEBtako Itsas Armadaren dibisioan, hain zuzen. San Diegoko Ospitaleko Itsas Unitatean hasi zen; munduko ospitalerik handienetakoan, eta han medikuntza-teknologiari buruz ikasteko abagunea izan zuen eta, gainera, odol-frotisaren bidez meningitisa detektatzeari buruzko artikulu bat idazteko. Gerraren ondoren, Giblettek berriro ekin zion bere ikasketei Washingtongo Unibertsitatean; 1947an bukatu zuen mikrobiologiako masterra.

2. irudia: Eloise Giblett (1955). (Argazkia: UW Medicine)

Arnasa hartzeko ia denborarik gabe, urte horretan bertan medikuntzan matrikulatu zen, unibertsitateak ireki zuen eskola berri batean. Lehenengo urtea amaituta, ikerketa-lanean murgildu zen Charles Evans Mikrobiologia Saileko zuzendariarekin batera. Evans larruazaleko mikrobiota bakterianoaren zahartzearen efektua aztertzen ari zen. Horren gainean bion artean egindako ikerlana 1950ean argitaratu zuten Journal of Investigative Dermatology delakoan.

Lanak pilatzen hasi ziren, liburuek mesanotxean egiten duten moduan. Honek, baina, ez zion trabarik egiten. Erresidentzia amaitu ondoren eta bi urteko hematologia ikerketa beka bati esker, Clement Finch hematologo ospetsuarekin lan egin zuen. Hark eritrozinetika ikertzen zuen, globulu gorrien ekoizpena eta suntsipenaren inguruko diziplina, alegia. Hori gutxi balitz bezala artikulu ugari argitaratu zituen eta horietako zenbaitetan lehen egile gisa ere sinatu zuen.

Ez ziren hemen bukatu Gibletten eta beste lankideen arteko harremanak. Arno Motulsky genetistarekin ere jardun zuen. Izan ere, 1960an, Motulskyk populazio ikerketa bat egin zuen Kongon eta ehunka odol lagin bidali zituen. Giblettek horiek aztertu zituen polimorfismoen bila. Hogeita hamar urte geroago ustekabeko emaitza batekin topo egin zuen: lagin horietako batean gizakietan Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) lehen arrastoa aurkitu zuen.

Ikertzailea izatetik, zuzendaria izatera

Haren bizitzak beste norabide bat hartu zuen garai hartan King County Central Blood Bank (orain Puget Sound Blood Center) zuzendariarekin, Richard Czajkowskyrekin, elkartu zenean. Laborategian eskarmentua zuen norbait behar zuten eta Elo egokiena zen kargurako. Behin hautatu zutela, sei hilabete igaro zituen Ikerketa Medikoko Kontseiluaren odol-transfusioaren Ikerketa Unitatean, Londresen, punta puntako teknologiaz ikasteko asmoz. Horrela, Seattlera itzultzean, zentroaren zuzendarikidetza hartu ahal izango zuen Czajkowskyrekin batera. Han, laborategiaren arduradun bihurtu, eta globulu gorrien antigenoen genetika eta proteina serikoen aldaketa genetikoak ikertu zituen. Une horretan, odoleko edozein aldaketa genetiko transfusioen segurtasunerako garrantzitsua izan zitekeela jabetu zen. 1979an zuzendari bihurtu zen eta 1987an erretiroa hartu zuen.

Erretiroa hartu arte erronka handiak hartu behar izan zituen, hala nola 1981ean immunoeskasiari zuzenean lotutako gaixotasun berri bat agertu zenean. Une hartantxe ikusi zuten diagnostikatutako kasu mordoa gizon homosexualen artean gertatzen ari zela. Epidemiologoek odolaren bidez eta sexu bidez gaixotasuna transmiti zitekeelako susmoa zuten. Ideia horrek indarra hartu zuen odol-transfusioak erregulartasunez jaso zituzten zenbait hemofilikok HIESaren sintomak garatu zituztenean. Horren kariaz, Estatu Batuetako makina bat odol bankuk uko egin zion beste gizon batzuekin sexu harremanak zituzten gizonen odola jasotzeari. Elo krisi honi aurre egiten saiatu zen, zentroan odol emaileak detektatzeko politika berri bat garatuz.

3. irudia: Genetic markers in human blood, Eloise Gibletten liburua. (Irudia: Mujeres con ciencia)

Era berean, aipagarria da Dottie Thomas eta bere senarra Edward Donnall Thomas laguntzeko egin zuen lana. Bikotea hezur-muina transplantatzeko teknikan, eta leuzemia eta odol-arazo batzuk aztertzen aitzindaria izan zen. Elok odol-antigenoetan eta odol-zelulen entzimetan oinarritutako markatzaileak garatu zituen hartzailea emailearengandik bereizten laguntzeko. Gainera, ikerketa biomedikoan lagundu zuen; funtzio immunearen eta pirimidinen eta purinen metabolismoaren arteko lotura aurkitu baitzuen. Berrehun artikulu baino gehiago eta Marcadores genéticos en la sangre humano (1969) liburua ondu zituen, eta 1980an, Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide hautatu zuten.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.