Astrofisika
Europako Espazio Agentziako Solar Orbiter zundak Eguzkiari gertutik egindako irudietan fenomeno bat ikusi dute: izarra “su txikiz” osatuta dago eta zientzialarien arabera, horiek edonon daude: “Lurretik ikusten ditugun Eguzki erupzioen senide txikiak dira, halako milioi bat edo milaka milioi txikiagoak”. Lortutako lehen irudiei dagokienez, ez zuten halako emaitza onak hasieratik lortzea espero. Berrian dituzue irakurgai xehetasunak.
Ingurumena
Ikerketa batean kalkulatu dute urtero autoen jardunaren ondorioz sortutako ia 200.000 tona mikroplastiko iristen direla ozeanoetara eta bestelako ur ekosistematara. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, ozeanoetako mikroplastikoen %30 errepidean sortzen da eta horietatik gehienak pneumatikoen urraduraren ondorioz sortzen dira.
Biologia
Onon kukuari buruz hitz egin digu testu honetan Josu Lopez-Gazpiok. Ikertzaile talde batek jarritako lokalizagailuari esker ikusi dute kukuak 26.000 kilometroko bidaia egin zuela Mongoliatik Afrikako hegoalderaino, hau da, lurreko hegazti baten kasuan dokumentatu den bidaiarik luzeenetakoa. Eta gai honi jarraiki, testuan aukera izango duzue kukuen ezaugarriei eta ugalketari buruz irakurtzeko.
Kimika
Badakizue zer den dopin teknologikoa? Ekipamenduak kirolari bati abantailak ematen dizkionean gertatzen da. Artikulu honetan, igeriketa hartu dute adibide gisa, hain zuzen, bainujantzien afera pasa den hamarkadan zalaparta handia sortu baitzuen Olinpiar Jokoetan. Nolakoa izan da jantzi honen bilakaera historikoa? Ez galdu!
Osasuna
Zer dakigu orain arte SARS-CoV-2 birusaren aurkako erantzun immune zelularrari buruz? Berriak kontatu digunez, azken ikerketek ohartarazi dute T zelulen garrantziaz koronabirusaren infekzioa kontrolatu ahal izateko. Adibidez, Suediako Karolinska Institutuan egindako ikerketa batean ikusi dute sintoma arinak dituztenek edo asintomatikoak direnek, nahiz eta antigorputzik ez izan, oroimeneko T zelulak detektagarriak dituztela.
Geofisika
1928an Milanetik Italia izeneko baloi gidatu bat abiatu zen; Ipar Polora airez iristen bigarrena izatea zuen helburu. Espedizio hartatik itzultzean, baina, haizete indartsuek baloi gidatua eraman zuten eta 17 kide hil ziren. Ikertzaileek bidaia tragiko hori aztertu dute eta horren gainean esan dute afera honetan zeresan handia izan zuela espazio eguraldiak, euren esanetan, naufragoak irrati hutsune baten eraginpean egon ziren.
Genetika
NHGRI erakundeko zientzialariek giza kromosoma baten zehaztasun handiko sekuentzia osoa eskuratu dute, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Testuan agertzen den moduan, ikertzaileek iritzi diote lorpen honek “aro berria” ireki duela genomikan, orain arte kontuan hartu ez diren genomaren zatiak kontuan hartuko dituztelako hemendik aurrera.
Biokimika
Kikunae Ikeda kimikako irakasleak 1909. urtean, umai-a (zaporea japonieraz) zapore berri gisa aurkeztu zuen artikulu batean. Umai-a Japonian hegaluze deshidratatuarekin eta konbuarekin egiten den saldaren (dashi) bereizgarria da. Azkenean, Umami gisa izendatu zuen zapore berria. Zein da bere jatorria eta oinarrian duen konposatua? Ez galdu!
Klima-aldaketa
Artikoko kasko polarra murriztu da 40 urtean, Errusiako Rosgidroment hidrometeorologia agentziako zerbitzuburu Igor Shumakovek jakinarazi duenez. 1980an, 7,6 milioi kilometro koadro zeuden eta 2019an, berriz, 4,1. Horretaz gain, izotz geruza gero eta meharragoa da, eta neguan azkarrago urtzen da. Berriak eman dizkigu xehetasunak.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.