Abuztuaren 4an Beiruten gertatutako eztandak oihartzun handia izan du mundu osoan; iturri ofizialen arabera 190 hildako eta 6.000 zauritu baino gehiago egon ziren eta milaka lagunek beren etxeetatik alde egin behar izan zuten. Portuan gertatuko leherketa ikaragarria izan zen: handik 3 kilometrora dauden etxebizitzen leihoak ere apurtu zituen hedatze-uhinak. Baina zerk eragin zuen eztanda bortitz hau? Leherketa amonio nitratoaren eraginez gertatu zen.
Amonio nitratoa gatz zuri bat da, amonioa eta azido nitrikoa erreakzionatuz lortzen dena. Batez ere ongarriak egiteko erabiltzen da, nitrogenoan aberatsa baita. Horretaz gain, lehergailuak egiteko ere erabiltzen da, meatzaritzarako eta eraikuntzarako.
Amonio nitratoa giro tenperaturan baldin badago eta ez badu beste ezpurutasunik ezin du eztanda egin, substantzia oxidatzailea baita. Baina berotuz gero edo ezpurutasunen presentzian eztanda egiteko duen gaitasuna nabarmen areagotzen da. Amonio nitratoa 230 °C-ra berotzen bada deskonposatu egiten da eta, 260 °C-tik gora, eztanda egin dezake. Ezpurutasunei dagokienez, substantzia organikoak baldin baditu areagotu egiten da eztanda egiteko probabilitatea, substantzia organikoek erregai bezala jokatzen baitute. Amonio nitratoa deskonposatzerakoan nitrogenoa, ur lurruna eta oxigenoa gasak sortzen dira. Gas horiek eta prozesuan askaturiko energiak eragiten dute uhin hedatzaile suntsitzailea. Beiruteko kasuan Richter eskalan 3.3 graduko dardara erregistratu zen.
Eztanda gertatu eta berehala itxura oso berezia duen lainoa sortu zen, onddo antzekoa. Laino mota honi Wilson lainoa deritzo eta eztanda ingurune hezean gertatzen denean sortzen da. Honela, leherketan sortu den gas beroa igotzen hasten da, baina igo ahala hoztuz doa, eta inguruko airearen tenperatura berdina duenean dispertsatu egiten da. Beiruten izandako eztandan ke gorria ere ikusi zen. Horrek leherketan amonio nitratoa zegoela adierazten zuen; izan ere, albo-erreakzioetan nitrogeno dioxidoa sortzen da, kolore gorria daukan konposatua.
Zoritxarrez, amonio nitratozko eztanda ugari egon dira historian zehar. Egin diren estimazioen arabera, amonio nitratoak eragindako eztanda handiena Frantzian gertatu zen 1947an. Bertan konposatu horren 3.000 tonak eztanda egin zuten, eta 30 hildako, milaka zauritu eta kalte handiak sortu zituzten. Texasen ere antzeko kantitate batek egin zuen eztanda, 2.960 tonak, eta ia 600 hildako eta 3.000 zauritu baino gehiago utzi zituen. Datu horien arabera, Beiruten gertatutako leherketa amonio nitratoak eragindako handienen artean kokatzen da (2.750 tona), Frantziakoaren eta Texasekoaren ondoren. Eztanda txikiagoak ere gertatu izan dira Txinako Tainjin hirian (2015, 800 tona), Alemaniako Oppau hirian (1921, 450 tona) edota Irango Neyshabur hirian (2004, 400 tona).
Amonio nitratoaren ahalmen suntsitzailea dela eta, Vytenis Babrauskas zientzialariak historian zehar egon diren istripuak aztertu ditu. Egindako azterketaren arabera, istripu guztiak sute baten ondoren gertatu ziren. Babrauskasen arabera, bi estrategia daude amonio nitratoaren arriskua murrizteko: alde batetik, amonio nitratoa gordetzeko erabiltzen diren biltegiek suarekiko babestuta egon behar dute eta sute bat sortzen denerako modu azkar eta eraginkorrean itzaltzeko instalazio egokiak izan behar dituzte. Bestalde, amonio nitratoari murriztu egin behar zaio sua hartzeko erraztasuna. Horretarako, nitrato purua erabili ordez beste konposatu kimiko batzuk gehitzeko aukerak ikertu dira.
Erreferentzia bibliografikoa:
Babrauskas, V. (2016). Explosions of ammonium nitrate fertilizer in storage or transportation are preventable accidents. Journal of Hardous Materials, 204, 134-149. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jhazmat.2015.10.040
Iturriak:
- Edgington, Tom (2020). Beirut explosion: What is ammonium nitrate and how dangerous is it? BBC News, 2020ko abuztuaren 5a.
- Mosher, Dave (2020). Terrifying Explosion in Beirut Wasn’t Nuclear, Experts Say, And Here’s Why. Science Alert, 2020ko abuztuaren 5a.
Egileez:
Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.