Zure bizilagun gaztearen motorrak ez al zaitu lasai jaten uzten? Etxe azpiko tabernarekin ezin al duzu lo egin? Ez al duzu zure bikotekidearen solasa jatetxe batean ulertzen, ondoan badago ere? Zaratarengatik dela ados egongo ginateke guztiok.
Halere, zarataren mugak ez dira horren argiak: zuri musika iruditzen zaizuna, zure amonarentzat zarata hutsa izan daiteke. – Itzal ezak irrati hori, arraio! Buruko mina besterik ez dit ematen zarata horrek!- entzungo zenuen noizbait, beharbada, gaztetan. Batzuetan ez da erraza soinua, zarata eta musikaren arteko mugak ondo zehaztea.
Dezibel gehiegi?
Ohiko definizio batean, zarata gizakion jarduerekiko oztopo den soinu ez nahia edo kaltegarria da. Baino nola definitu zer den kaltegarri? Adibidez, 1 Formula-ko lehiaketan, zaletuek eta gidariek kexu zeuden, 2014an motor hibridoak ezarri zirenean. Aldaketarekin, lasterketak horren ikusgarriak egiten dituzten soinu-mailak baxuegiak bihurtu ziren, bere esanean. Eta soinu-mailari begiratzen badiogu, ikusten dugu zaletuek min egiten eta entzumena kaltetzen duten soinu-mailak exijitzen zituztela 1 Formulan! 140 dB-tik gorako mailak, hain zuzen ere. Zarata edo soinu da hau, orduan?
Ikusten dugu orduan goiko zarataren definizioa behatz artean erori daitekeela, hondarra balitz bezala. Soinu-maila magnitude fisiko petoa da eta, beraz, era guztiz objektiboan neurtu eta zehaztu daiteke tresneria egokia erabilita, sonometro bat, hain zuzen ere. Zarataren kontzeptuak, ordea, kutsu peioratiboa dauka, horregatik subjektiboa da eta ezin dugu tresna batekin zehaztu estimulu bat zarata den ala ez. Hori bai, dagokion soinu-maila inongo anbiguotasunik gabe finka daiteke dezibeletan.
Dezibel gutxiegi?
Dezibelen tarteko beste muturrean, munduko lekurik isilenetarikoen artean, anekoiko motako sala batek -20,53 dBA-ko marka dauka. Bertan pertsona gehienek ez dituzte 45 minutu baino gehiago jasaten, horren da sakona eta erradikala nabaritzen den sentsazioa. Orduan, isiltasuna egungo mundu azeleratuan luxu bat iruditzen bazaigu ere, neurri bateko soinu-maila beharrezkoa daukagu gizakiok; neurrizko dezibelio maila bat behar dugu ondo sentitzeko. Ikusi daiteke orduan soinu-maila gehiegizkoak kalte egiten duela, baina soinu maila minimo bat behar dugu entzuten hasteko eta baita ere eroso egoteko. Bi muga horien artean, soinuak plazera sortu dezake gugan. Hor, musikarekin topo egiten dugu.
Musika
Zer kontsideratzen dugun musika eta zer zarata ez dago ere batere argi, eta horren adibide dira musika kultu garaikideko pieza ugari, edota John Cage konposatzaile estatubatuarraren 4’33’’ pieza famatuaren estreinaldia 1952n. NASAko Voyager misiotan, Golden Record grabazio famatuan, gizakiok espaziora Lurreko argazki, irudi eta diagramak, musika eta soinuak bidali genituen, noizbait beste organismo inteligenteek informazio hau interpretatu ahal izango dutelakoan. Ezin jakin orduan estralurtarrek, existitzekotan, fenomeno hauekiko sentsibilitatea daukaten ala ez (Steven Spielberg-en 3. Motako Hurbileko Topaketak filmean, estralurtar musikalak ezagutu genituen). Esan dezakegu, hori bai, existitzen direla munduan musika melodiak, tonuak edota erritmoak barneratu, interpretatu eta prozesatzeko gaitasun edo sentsibilitaterik ez duten pertsonak: amusia deitzen zaio trastorno honi, eta Oliver Sacks neurologoak oso ondo deskribatzen du bere Musicofilia liburuan [1]. Beraientzat, normalean musika kontsideratzen duguna zarata deseroso izan daiteke.
Ez da, ba, harritzekoa Charles Darwinek esatea musika egiteko gaitasuna eta musikarekin lortzen dugun gozamena gizakion dohainik misteriotsuenen artean daudela.
Ezin dugu gailu baten bidez zehaztu soinu bat zarata den ala ez; ezin dugu ezta ere erraz ulertu zergatik daukagun gizakikok musikarekiko zaletasuna, edota zergatik kontsideratzen dugun soinu bat musika. Soinuak, zaratak eta musikak muga difusoak dauzkate eta, batzuetan, ezin ditugu zientifikoki mugatu. Gaiak eztabaida subjektiborako esparru zabala uzten digu eta zientziatik harago joan behar dugu, orduan. Eta zientzia ederra dela badiogu, eztabaida hau ere oso polita dela esan daiteke.
Erreferentzia Bibliografikoa
[1] SACKS O. 2009. Musicofilia. Ed. Anagrama, Barcelona.
Iturria
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Soinua, zarata, musika: argi al daude mugak?
- Laburpena: Zure bizilagun gaztearen motorrak ez al zaitu lasai jaten uzten? Etxe azpiko tabernarekin ezin al duzu lo egin? Ez al duzu zure bikotekidearen solasa jatetxe batean ulertzen, ondoan badago ere? Zaratarengatik dela ados egongo ginateke guztiok. Halere, zarataren mugak ez dira horren argiak: zuri musika iruditzen zaizuna, zure amonarentzat zarata hutsa izan daiteke. —«Itzal ezak/ezan irrati hori, arraio! Buruko mina besterik ez zidak/zidan ematen zarata horrek!»— entzungo zenuen noizbait, beharbada, gaztetan. Ikusiko dugun bezala, batzuetan ez da erraza soinua, zarata eta musikaren arteko mugak ondo zehaztea.
- Egileak: Marta Urdanpilleta Landaribar
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 277-290
- DOI: 10.1387/ekaia.20041
Egileez
Marta Urdanpilleta Landaribar UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatua I sailean dabil.
4 iruzkinak
[…] Zaratari aurre egiteko diseinatutako proiektu honetan, abiadurari ematen zaion tratamenduaren parekoa emango zaio hotsari; beraz, ezarritako mugak gainditzen dituztenei 135 euroko isuna jarriko zaie. […]
[…] Zaratari aurre egiteko diseinatutako proiektu honetan, abiadurari ematen zaion tratamenduaren parekoa emango zaio hotsari; beraz, ezarritako mugak gainditzen dituztenei 135 euroko isuna jarriko zaie. […]
[…] dago guztiz argi zer gertatzen den ditxosozko melodia behin eta berriro buruan bueltaka dugunean. Badirudi zirkuitu neuralak trabatuta geratzen direla […]
[…] Female Pressure atarian, zeinetan musika eta soinu-efektuen ehunka sortzaile zerrendatzen diren. Horrez gain, barne hartzen ditu arloko hainbat sortzaile […]