“Daukanari emango zaio, eta are gehiago jasoko du. Gutxiago duenari daukana ere kenduko zaio.” Mateo 25: 14-30, Talentuen parabola.
Robert K. Merton soziologoak Mateoren hitzak hartu zituen aintzat hainbat arlotan gertatzen zen fenomenoa azaltzeko. Izan ere, Mateo fenomenoaren arabera idazle, zientzialari edota artista entzutetsuek estimazio handiago jasoko dute, pareko lanak egin dituzten baina ezezagunagoak diren, beste batzuekin alderatuz. Hau da, ezezagunagoak diren ikertzaileen lanek, besteen bestekoak edota hobeagoak izan arren, aipu gutxiago jasoko dituzte. Eta, horrez gain, baliteke ahaztuak edo zokoratuak izatea ere, zientzialari ospetsuen itzalak estalita.
Ikertzaile distiratsuen ospea karismaren, erreputazioaren edota ikerketa-taldeetan izandako arduren eraginez zela ondorioztatu zuen Mertonek. Aldiz, “galtzaileen” egoera euren posizio ezegonkorra edota hauen espezializazio faltagatik omen zela ebatzi zuen. Finean, Mertonen ustez, ikusgarritasuna lortzeko garrantzitsuagoa zen “rol” jakin bat eskuratzea, egindako lana baino. 1968an Science aldizkarian eman zuen Mateo efektuaren berri soziologoak eta efektua izendatzeko, haren lantaldeko ikertzaile baten lanaz baliatu zen, Harriet Zuckermanen ikerketa erabili zuen.
60. hamarkadan tesia egiten zegoelarik, Harrietek Nobel saria irabazitako hainbat zientzialari estatubatuar elkarrizketatu zituen. Hauetako askok aitortu zioten ikerketak aurrera eramateko, komunitatearentzako ezezagunak ziren, ikertzaile gazteekin batera egin zutela lan eta hauen ekarpenak funtsezkoak izan zirela ikerketarako. Baina hala ere, komunitate zientifikoak meritu guztia eurei eman ziela. Zuckermanek elkarrizketatu zuen Nobel saridun batek onartu zuen oso modu bitxian esleitzen zirela merituak, ikertzaile famatuei ematen baitzitzaizkien hauek. Agian, ikerketa bateko egileen izenak irakurriz gero, “ezagunaren” izena gogoratzen dugulako eta besteak ahaztu. Harrietek, meriturik gabeko ikertzaileen egoera ikerketa-taldeen egiturazko harremanen ondorioa zela nabarmendu zuen.
1965. urtean defendatu zuen tesiko emaitzak berebizikoak izan ziren Mertonek Mateo efektua identifikatu, azaldu eta izendatzeko. Baina Harrieten lanak ez zuen aitortza publikorik jaso. 1968. urtean Robert Mertonek argitaratu zuen The Matthew Effect in Science artikuluaren oin-oharretan agertzen da soilik Harriet Zuckermanen izena aipatua. Bi soziologoek elkarrekin jarraitu zuten lanean eta, azkenean, 1993. urtean ezkondu ziren.
Mertonek eta Zuckermanek zientziaren soziologia landu zuten. Komunitate zientifikoaren egitura, harremanak eta sozializazio prozesuak izan zituzten aztergai baina ez zioten erreparatu sasoi hartan komunitatean antzeman zitezkeen genero desberdintasunei. 25 urte beranduago, 1993. urtean, Margaret W. Rossiter zientziaren historialariak dakarkigu Mertonen eta Zuckermanen arteko pasadizoa, emakumeak zientzian pairatu duen diskriminazioa azaltzeko.
Margaret W. Rossiterrek emakumeek zientzian sufritu duten errepresio sistematikoa definitu zuen Harriet Zuckerman eta Matilda Joslyn Gage, emakumeen eskubideen aldeko aktibista, gogoan izanik. Horrela, emakumeak zientzian bizi izan duen diskriminazioari “Harriet/Matilda efektua” deitu zion, nahiz eta egun Matilda efektua deritzogun. Matilda efektuak diskriminazioa eta baita ere, emakumeak zientzian egindako ekarpenen ukapena azalarazten du, non, sarri askotan, haren lanaren jabetza gizonezkoari ematen zaion. Rossiterrek hainbat diskriminazio mota bildu ditu: senarrarekin batera artikulu zientifikoak sinatzen dituzten emakumeen ahaztura; lantaldean isolatuak izan diren emakume ikertzaileak; ekarpen zientifikoak gutxiesteko asmoz, ospe txarra pairatu duten ikertzaileak; ekarpenak lapurtu dizkioten zientzialariak; lanpostu batera aurkeztu eta, curriculum pobreagoa duten gizonezkoen aurrean, baztertuak izan diren emakumeak edota, datu-base zientifikoetan, euren izenaren eta abizenaren lehen hizkiaz identifikatuak egon diren emakume egileak. Azken honen ondorioz, bilaketa emaitzetan oso zaila zen euren izenak eta presentzia antzematea.
Mertonek Bibliako izen bat hartu zuen jada errekonozimendua duten zientzialarien gehiegizko goraipamenei azalpena emateko. Rossiterrek, aldiz, XIX. mendean emakumeen eskubideen alde egin zuen aktibista baten izena hartu zuen, zientzian emakumeek bizi izan duten errekonozimendu eza definitzeko. AEBtako zientziaren historialariak sarritan azpimarratu izan du, beharrezkoa dela emakumeek zientzian sufritu duten diskriminazio sistematikoa onartzea eta aitortzea, aurrera begira historiaren lerroak modu egokian idatz daitezen. Zientziaren historiak zientzialarien ekarpenak eta izenak jaso beharko lituzke zuzen eta artez, bidean izan ditugun Matilda guztien oroimena gogoan hartuz.
Iturriak
- Merton, Robert K. (1968): “The Matthew Effect in Science”, Science, 159. alea (3810), 56–63.
- Rositter, Margaret W. (1993): “The
MatthewMatilda Effect in Science“, Social Studies of Science, 23. alea, 325-341. - García Dauder, Silvia (2003): Psicología y feminismo: una aproximación desde la psicología social de la ciencia y las epistemologías, Universidad Complutense de Madrid. [Doktorego-tesia]
- Knobloch-Westerwick, Silvia; Glynn, Carroll J and Huge, Michael. (2013): “The Matilda Effect in Science Communication. An Experiment on Gender Bias in Publication Quality Perceptions and Collaboration Interest”, Science Communication, 35. alea, 603-625. DOI: 10.1177/1075547012472684
Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.
3 iruzkinak
[…] historiara iritsi dena, Agnes Pockelsek diseinaturiko tresnaren hobekuntza bat besterik ez da. Hona Matilda efektu delakoaren adibide bikoitz bat: jatorrizko kubetaren egilea eta kubeta horren hobekuntzan […]
[…] emakumezkoa izanda edo gizonezkoa izanda. Gure artean, askotan aipatu dugu praktiketara joatean emakumeok beti laguntzaile gisara izendatzen gaituztela, eta gizonak, berriz, lankideak ei […]
[…] Zientziarekiko jarrerei dagokienez, autoeraginkortasuna, interesa eta zientziarekiko gozamena ebaluatu dituzte ikerketan. Paradoxikoki, aztertutako herrialde guztietan hiru jarrera horietan mutilek neskek baino balio altuagoak ematen dituzte. Herrialdeen %58an mutilek zientziarekiko autoeraginkortasun altuagoa dute, %76an mutilek zientziarekiko interes handiagoa dute eta […]