Bizirauteko hainbat estrategia garatu dituzte animaliek. Funtsean, bi dira harraparien atzaparretatik ihes egiteko garatu dituzten sistemak: oinarrizko defentsa-sistemak eta sistema sekundarioak. Azken hauen artean, badago antzerki-estrategia bat, interpretatzen zaila dena: tanatosia. Aditu askoren esanetan bera da bizirauteko azken baliabidea.
Tanatosia hainbat animalia-espeziek darabilten defentsa-estrategia ebolutibo bat da. Mekanismo honen oinarria da harraparia engainatzea hildakoaren plantak eginez. Hau da, hilda dagoela simulatzen du harrapakinak. Intsektuen kasuan, adibidez, fasmidoek, koleopteroek edo inurriek erabiltzen dute. Narrastien artean, sugeek eta sugandilek. Horiez gain, badira ere tanatosia bizirauteko trikimailu gisa erabiltzen duten anfibioak, ugaztunak edo hegaztiak.
Defentsa-sistemak
Inguruarekiko ahalik eta ikusezintasun handiena lortzeko estrategiak dira oinarrizko defentsa-sistemak. Horien artean, gorputzeko kolorea inguruko objektuekin harmonizatzeko gaitasuna (homokromia), inguruko objektuek dituzten antzeko forma hartzeko gaitasuna (homomorfia) edo inguruko ezaugarriak kontuan hartuta kamuflatzea (mimetismoa). Mekanismo hauen helburua da, harrapari batek harrapakina harrapatzen hasteko probabilitatea murriztea.
Bigarren mailako defentsa-mekanismoak dira behin harrapariarekin kontaktua izanik martxan jartzen direnak. Hauen helburua da, predatzaile batek harrapakina arrakastaz lortzeko probabilitatea murriztea. Babeserako sistema sekundarioak ekintza aktiboak izan daitezke, esaterako, ihes egitea edo borrokatzea (hozka eginez, pozoituz edo eztena sartuz), edo tanatosia bezalako ekintza pasiboak.
Tanatosia
Tanatosia “mugiezintasun toniko” moduan definitzen dute zientzialari askok. Mugiezintasun tonikoa da harrapakin bat zeharo geldirik egoten denean, predatzailearen (harrapari) kontaktu fisikoaren edo hurbiltasunaren ondorioz. Kontaktu fisiko horrek ez du esan nahi kalterik edo minik sortu dionik baina baliteke hori gertatzeko probabilitatea handia izatea.
Harrapariaren presentziaren ondorioz, harrapakina denbora jakin batean mantentzen den inhibizio motorrean murgiltzen da. Hau da, funtzio edo jarduera motorra aldi baterako eteten du. Egoera horretan, harrapakinak kanpoko estimulazioari erantzun murriztua ematen dio, baina jatorrizko egoera fisiologikoa berreskuratzen du behin arriskua pasatzen denean.
Geldirik egoteaz gain, animalia hauek bestelako ezaugarri bereziak erakusten dituzte ere:
- arnasketa-tasa txikitzen dute,
- bihotz-uzkurduraren maiztasuna jaisten dute,
- muskulu-jarduera toniko ahaltsu bati esker jarrera zurruna erakusten dute (muskulu batzuek tentsioa handitu behar dute eta beste batzuek tentsioa inhibitu edo erlaxatu, postura mugiezina mantentzeko),
- kanpoko estimuluekiko erantzuna gutxitzen dute eta geldirik egoteko joera denbora tarte batez mantentzen dute (kinadarik egin gabe egoten dira segundo edo ordu batzuez),
- mihiaren edo miztoaren protrursioa (mihia kanpora ateratzen dute, esaterako, suge askok),
- begiak zabal-zabalik mantentzen dituzte,
- eta gorputz-adarrak luzatzen dituzte (igel edo apo batzuen kasuan).
Ezaugarri hauei erreparatuz gero, itxuraz, azken arnasa eman dutela dirudi. Adibide esanguratsuenetakoa da Natrix natrix sugea (suge gorbataduna). Honek antzerki-lan osatua aurkezten baitu: katalepsia egoera baten murgiltzen da, non miztoa atera eta aho erdi irekian zintzilik uzten du, begi-niniak beherantz bueltatzen ditu eta odola ateratzen du ahotik.
Bideoa: suge gorbataduna hildakoaren plantak egiten.
Estrategia eraginkorra
Adituen esanetan, mugiezintasun tonikoa defentsa-mekanismoa bizirauteko “azken baliabide” gisa har daiteke, azken aukera lez. Eta, badirudi emaitzak ematen dituela. Baina, zer dela eta da estrategia ona?
- Harrapari asko bizirik dauden animaliez elikatzen dira. Harrapakina bizirik egonez gero, elikagaia freskoa dela eta gaixotasunik ez duela bermatzeko modu bat omen da. Harrapakin batek hilda dagoela simulatzen badu, predatzaileak aspalditik hilda dagoela uler dezake eta kontsumoak arriskuren bat ekar diezaiokeela pentsatzera eraman eta albo batera uzten du antzerkigilea.
- Badira janaria edo elikagaia mugimenduan dagoen harrapariekin lotzen dituzten animaliak. Beraz, geldirik dagoena albo batera uzten dute, ez baitute jangarri gisa identifikatzen.
- Bestalde, tanatosia harrapakin osoak irensten dituzten harraparien aurkako defentsa fisikoa ere izan daiteke. Hildakoaren itxura egiten duen animaliak hartzen duen posturak (oso tenkatuta, luze edo bola bat eginda) irensteko zailtasuna ekar baitiezaioke harrapariari, ehizakiak hartzen duen tamainagatik.
Bizirauteko mekanismoa erabiltzen duten animalien artean badago aktore lan onenaren saria mereziko lukeenik ere. Hori zarigueia litzateke. Zarigueia, arrisku baten aurrean ihes egiteko aukerarik ez duenean, koma sakon induzitua bezalako egoera baten sartzen da. Tanatosiaren ohiko ezaugarriez gain, animalia honek beste batzuk ere adierazten ditu hildakoaren plantak egiten dituenean: oka egiten du, hortzen artean bitsa erakusten du, gorputza bihurritu egiten du ezinezkoak diruditen posturak hartuz eta pixarekin eta gorotzekin batera usain txarra darion substantzia kimiko bat hedatzen du. Substantzia horren kiratsari esker, gorpua deskonposatzen ari dela sinestarazten die harrapariei eta hauek uko egiten diote jateari.
Bideoa: zarigueia bat tanatosia defentsa-mekanismoa gauzatzen.
Zarigueiak lan asko egiten du bizirik mantentzeko. Izan ere, animalien munduan bizirautea bada lana eta tanatosia, bizitzaren eta heriotzaren arteko muga marraz dezakeen defentsa-estrategia bat da. Azken hatsa emateko prest ez daudenen antzerki-lan ikusgarria.
Iturriak:
- Domenec, Ros, Joan (1976). Sistema de defensa en los Opistobranquios. Oecologia aquatica, 2, 41-77.
- Fernández-Guiberteau, D., Carrero-Casado, F. (2016). Tanatosis en lagartija roquera (Podarcis muralis), lagartija occidental ibérica (Psammodromus occidentalis) y culebra viperina (Natrix maura). Butlletí Societat Catalana d’Herpetologia, 23, 93-96.
- Marineros, Sánchez, Leonel (2017). Primer registro de tanatosis en la serpiente centroamericana Crisantophis nevermanni Dunn, 1937 (Serpentes; Dipsadinae). Revista Biodiversidad Neotropical, 7(3), 200-204.
- Van den Berg, Eva (2019). El arte del camuflaje. El camuflaje en la naturaleza es un arte y una necesidad. National Geographic, 9, 24-39.
Egileaz:
Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
1 iruzkina
[…] Animaliak bizidun harrigarriak dira. Izan ere, bizirik irauteko hamaika amarru eta trikimailu garatu dituzte. Horietako asko harrapariei aurre egiteko defentsa-mekanismoak dira. Badira oinarrizko defentsa-mekanismoak (harrapariaren begi-bistatik desagertzeko helburua dutenak) eta mekanismo sekundarioak (harrapariak detektatuz gero, harrapatuak izatea saihesteko erabiltzen […]