Ezin Lurrari gehiago berotzen utzi

Dibulgazioa · Kolaborazioak

IPCCk “klima-aldaketaz inoiz egin den ebaluazio osoena” aurkeztu du. Lan mardul honetan garbi igorri dute mezua: gizakiak klima-aldaketan izan duen eragina eztabaidaezina da. Hala ere, mundu jasangarriago bat eraikitzeko trantsizioa oraindik bideragarria da teknikoki, baina berehala hasi beharra dago.

Klima-aldaketaren aurkako borrokak zifra zehatz bat du jomugan: 2 gradu. Ezin diogu gure planetari industria aurreko garaian baino bi gradu beroagoa izaten utzi, dagoeneko atzera bueltarik ez duten ondorioak are kaltegarriagoak izan daitezen nahi ez badugu. Gaur egun Lurra XIX. mende bukaeran baino 0,8 gradu epelagoa da, eta tenperaturak gora egiten jarraitzen du. Baina IPCCk argitaratu berri duen txostenean oharrarazi bezala, orain da ekiteko unea, auzia ezin da gehiago atzeratu.

Izan ere, IPCCk “klima-aldaketaz inoiz egin den ebaluazio osoena” omen den lanaren sintesi txostena aurkeztu du pasa den asteburuan Kopenhagen. 800 ikertzailetik gora aritu dira horretan lanean azken hamahiru hilabeteotan. Inork zalantzarik bazuen, lan mardul honetan inoiz baino garbiago eta ozenago igorri dute mezua kideok: gizakiak klima-aldaketan izan duen eragina eztabaidaezina da. Ez da albiste ona, noski, baina badu gauza on bat: horrek esan nahi du gizakion esku dagoela, era berean, akatsak zuzentzea eta hala klima-aldaketa motelaraztea.

Txostenak erakusten duenez, ur eta lurrazalaren tenperatura hazkundea etengabekoa izan da, eta are handiagoa 1980ko hamarkadatik hona. Jakina, hotzberoak gorabeherak izan ohi ditu urte batetik bestera, baina epe ertainera begiratuz gero, honakoa ikusten da: 1850etik, denbora hiru hamarkadaka multzokatu eta batez bestekoak eginez gero, 30 urteko denbora tarte horietako bakoitza aurrekoa baino epelagoa izan da, beti.

“Gure ebaluazioan ondorioztatu dugunez, atmosfera eta ozeanoak berotuz joan dira, elur eta izotz bolumenak murriztu dira, itsasoaren maila igo da eta karbono dioxido kontzentrazioak hainbeste handitu dira, ezen ez baitago aurrekaririk, gutxienez, azken 800.000 urteotan”, azaldu du Thomas Stocker txostenaren egileetako batek.

Irudia: Oina: IPCCren txostenari erreferentzia egiten dion irudia. (Argazkia: IPCC) (Sinadura: IPCC)
Irudia: Oina: IPCCren txostenari erreferentzia egiten dion irudia. (Argazkia: IPCC)
(Sinadura: IPCC)

Hain zuzen, besteak beste eta bereziki karbono dioxidoak eragiten duen berotegi efektuari begiratu besterik ez dago. Aspaldi dugu ekintza antropogenikoek ingurunean duten eragin kaltegarriaren berri, eta hala ere, berotegi efektuaren eragile diren isuriek inoiz baino gehiago egin zuten gora 2000 eta 2010 urteen artean, IPCCk azaldu duenez. Isuri horien artean, %35 energiaren sektoretik datoz, %24 nekazaritzatik, %21 industriatik, %14 garraiotik eta %6 eraikuntzaren sektoretik.

Ozeano Artikoko izotzaren eta glaziarren urtzea, itsas mailaren igoera… hasiak gara klima-aldaketaren lehen urratsak antzematen, baina inpaktu potentziala are okerragoa da. Aipatutakoez gain, lehorteek landarako lur eremuak murriztu eta ur edangarri kopurua urriagotu lezakete, uholdeak gerta litezke kostaldeetan, eta askok eta askok beren sorterritik ihes egin beharko dute agian, beste norabait. “Klima-aldaketa zuzenean pairatzeko aukera gehien duten pertsonetako askok ia ez dute zerikusirik izan berotegi efektua eragiten duten gasen isurian”, esan du R.K. Pachauri IPCCko presidenteak.

Hala ere, erakunde honek argi azaldu du oraindik badagoela klima-aldaketaren aurka lehiatzerik, gaur egungo gizakiak badituela hura mugatzeko eta etorkizun oparoago bat eraikitzeko baliabideak. Dena dela, azkar ibili beharra dago. Izan ere, adibidez, 2 graduei dagokien helburu hori betetzeko, karbonoaren isuriak mugatu behar dira berehala. 790 GtC da karbonoa baliatzeko dugun guztizko ‘aurrekontua’, xedea bete nahi badugu. Baina industrializazioa hasi zenetik hona, dagoeneko aurrekontu horren %65a kontsumitu du gizakiak. Ezinbestean beste bide batetik jo beharra dago.

Trantsizioa teknikoki bideragarria dela dio IPCCk, teknologia eta baliabideak eskuragarri daudela, baina politika egokiak aplikatzea falta dela. “Ez zaigu denbora askorik geratzen, 2 graduko berotze marjinari eusteko aukera itxi aurretik. Horretarako, isuriak %40 eta %70 artean txikitu behar ditugu munduan, 2010a eta 2050a bitartean. Eta 2100ean ez luke batere isuririk egon behar. Esku artean daukagu aukera, eta gure esku dago erabakia”, dio Pachaurik. Txostenean bertan ageri denez, esaterako neurri horien aplikazioa 2030era atzeratu balitz, teknologia, ekonomia, gizarte eta instituzio erronkak askoz ere zailagoak izango lirateke, betiere kontuan izanda 2 graduko berotze tarteari eustea dela helburua.

Horretarako, energia berriztagarriak izango dira gakoetako bat, baina ez bakarra. Norberaren ohiturak aldatzea ere ezinbestekoa izango da. Orain arte, herrialde baten gas isuri kopurua eta bertako aberastasun maila elkarri lotuta joan dira: zenbat eta ekonomia garatuagoa, orduan eta kutsadura handiagoa. Joera hori etetearen garrantzia azpimarratu dute IPCCtik, eta ez zaiola beldurrik izan behar hazkunde ekonomikoa moteltzeari. Epe luzera, errentagarriagoa izango da ingurune jasangarriak bermatzea, poltsikoan diru pixka bat gehixeago izatea baino.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.