Parisko akordioa betetzea ez da nahikoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Lurraren batez besteko tenperatura ez dadila bi gradu baino gehiago igo: horixe izan da ituna sinatu duten agintariek hartu duten gutxieneko konpromisoa. Frantziako bi ikertzailek egin duten lanaren arabera, baina, bi gradutan ez, 1’5 gradutan dago benetako lerro gorria. Hortik gora, Mediterraneoaren zati handi bat basamortu bihurtzeko eta baso ugari galtzeko arrisku larria dago.

Azaroaren 4az geroztik, ofizialki martxan dago klimari buruzko Parisko Akordioa, eta aste honetan eta hurrengoan Marrakexen (Maroko) dute hitzordua agintariek, akordio hori gauzatzeko urratsak egite aldera. Erronka ez da makala. Mendea bukatzerako, Lurraren batez besteko tenperatura ez dadila bi gradu baino gehiago igo, industria aurreko garaian genuenarekin alderatuta: horixe da hitzarmena sinatu duten estatuek hartu duten konpromisoa. Eta are gehiago, langa hori 1’5 gradutara mugatzen ahalegindu behar dutela ere zehaztu dute idatzian.

Frantziako bi ikertzailek ondorioztatu dutenez, ordea, bi graduko helburua ez da nahikoa, eta 1’5 graduak ez gainditzeko ahalegina ez da borondate kontua, hil ala bizikoa baizik. Izan ere, egin duten azterketaren arabera, mendea bukatzerako tenperatura bi gradu edo gehiago igotzen bada, klima-aldaketak lurralde mediterraneoetan eragingo dituen gorabeherak galantak izango dira, Holozenoan inoiz ikusi gabeak. Hori saihesteko lerro gorria 1’5 gradutan dagoela estimatu dute. Ez gehiago. Hala azaldu dute Science aldizkarian argitaratutako artikuluan.

1. irudia: Punta-puntako agintariak, iaz, Parisen. Aurtengo azaroaren 4tik martxan da akordioa. (Argazkia: Presidencia de la Republica Mexicana / CC BY 2.0)
1. irudia: Punta-puntako agintariak, iaz, Parisen. Aurtengo azaroaren 4tik martxan da akordioa. (Argazkia: Presidencia de la Republica Mexicana / CC BY 2.0)

Mediterraneoari behatu diote Joel Guiot eta Wolfgang Cramer ikerketaren egileek, lurralde horietan inon baino agerikoagoa baita klima-aldaketaren aztarna. Horren erakusle, 1880-1920 denbora tartetik gaur egun arte, tenperatura 1’3 gradu epeldu da bertan; munduan, aldiz, 0’85 gradu, batez beste. Gainera, Mediterraneoak ekarpen handia egiten dio munduko biodibertsitateari, eta ur garbia eta beste zenbait zerbitzu eskaintzen ditu. Bertan gertatzen den edozer bereziki kezkagarria da, beraz.

Ikerketa egiteko, Mediterraneoko sedimentuetako polen nukleoak baliatu dituzte, eta horiei esker, azken hamar mila urteotan (Holozenoa) klimak eta ekosistemak izan duten aldakortasuna berreraiki dute. Zer dela eta polena? Bada, polen mota bakoitza landare edo zuhaitz bati dagokiolako, eta landare edo zuhaitz bakoitzak habitat eta kondizio zehatz batzuk dituelako bereizgarri; haritzek eta pinuek ez dituzte klima eta toki berberak gustuko, adibidez. Horrenbestez, polen mota batzuk besteak baino maizago aurkituz gero, baditugu zantzuak, klimaren historia berreraikitzeko.

Iragana aztertu eta bildutako informazioan oinarrituta, etorkizunera begira jarri dira gero bi ikertzaileak. Izan ere, simulazioak egin dituzte, tenperaturaren halako edo bestelako aldaketak ekosisteman zer ondorio izango lukeen aurresateko.

2. irudia: Almeriako basamortua. Neurri zorrotzak hartzen ez badira, horrelakoak hedatu egin daitezke Espainia hegoaldean. (Argazkia: Colin C Wheeler / CC BY-SA 3.0 es)
2. irudia: Almeriako basamortua. Neurri zorrotzak hartzen ez badira, horrelakoak hedatu egin daitezke Espainia hegoaldean. (Argazkia: Colin C Wheeler / CC BY-SA 3.0 es)

Hala, inolako neurririk hartzen ez bada eta orain arte bezala jarraitzen badugu, Espainia hegoalde osoa basamortu bihurtuko dela ondorioztatu dute, Mediterraneoko baso hostogalkorrek mendian gora egingo dutela, eta orain baso horiek dauden tokiak sasiz beteko direla. Zehatz esateko, lau gradutik gorako berotzeak Europa hegoalderainoko basamortutzea ekarriko luke. Hiru gradu artekoak, aldiz, Afrika iparraldea idortuko luke, eta mendietako basoen kopurua murriztu.

Artikuluaren arabera, eraiki duten matematika ereduak adierazten duenez, Parisko Akordioa ozta-ozta beteta ere, ez litzateke nahikoa: mendea bukatzerako, tenperatura industria aurreko garaikoa baino bi gradu epelagoa bada, Mediterraneoak gogotik ordainduko du. Horrenbestez, 1’5 graduko langa gainditzen ez duen agertokia da ondorio hain larriak ez dakartzan bakarra. Azken kasu horretan, klima-aldaketak ez lituzke gorabehera hain apartak eragingo; ez, behintzat, Holozenoko une batzuetan izan direnak baino handiagoak.

Erreferentzia bibliografikoa

Joel Guiot, Wolfgang Cramer. Climate change: The 2015 Paris Agreement thresholds and Mediterranean basin ecosystems. Science, 28 Oct 2016: Vol. 354, Issue 6311, pp. 465-468. DOI: 10.1126/science.aah5015


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude