Asteon zientzia begi-bistan #359

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

xavier

Ingurumena

Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, Bilboko ekosistema-zerbitzuen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak neurtu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak. Indize bat diseinatu dute hiri bizkaitarreko espazio berde eta urdinek ematen dituzten hiru ekosistema-zerbitzuren eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak ebaluatzeko. Gainera, hiri-mota guztietarako balio duen indizea dela ziurtatzen dute.

Teknologia

Xavier, izen euskalduneko polizia robota Singapurreko kaleetan patruilatzen hasi dela azaltzen dute Sustatu agerkarian. Herritarren portaera zibiko zehatz batzuk zaintzea da ibilgailu txiki honen lana. Esaterako, erretzea debekatuta dagoen tokietan araua errespetatzen den edo ez. Xavierrek sistema konplexu baten bidez hautematen ditu jokabide desegokiak. Inguruko irudiak hartu eta kontrol zentrora bidaltzen ditu. Hauek denbora errealean aztertu eta arauak betetzen ez dituenarekin harremanetan jartzen da robota panel interaktibo bati esker. Berrian azaltzen dituzte ere euskaratik izena datorkion robotaren ezaugarriak.

Perseverance ibilgailu robotikoak Marteko zorutik lagin bat hartzea lortu duela azaltzen du Elhuyar aldizkariak. Aurreneko saiakerek huts egin zuten, baina, oraingoan, beste arroka-mota batekin lortu dute azkenean. Hurrengo misio bateko beste ontzi batek Lurrera ekarriko du aztertu ahal izateko.

Aste honetan Zientzia Kaieran, Asier López ingeniariari egin diote elkarrizketa, ikasketa automatikoaren inguruan. Azaldu duenez, ikasketa automatikoa, datu desberdinen pilaketari esker, elkarrizketa sistema naturalagoak sortzea ahalbidetzen duen prozesua da. Hainbat abantaila ditu eta bitxia bada ere, Asierrek azaltzen du, esaterako, hizkuntza jakin bat ezagutu gabe, hizkuntza horretan berba egiten duen sistema bat eratzea posible egiten duela. Adibidez, beraiek norvegieraz hitz egiten duen sistema bat egin dute, hizkuntza hori ez dakiten arren.

Berrian irakur daitekeenez, Sopela eta New York eta Cornwall (Ingalaterra) lotuko dituen ur azpiko kable bat jarriko du Googlek. Euskal Herrian hasiko dira lanean eta bi hilabete beharko dituzte kablea New Yorkeraino eramateko. Googleko arduradunek Sopelan azaldu dituzte egitasmoaren xehetasunak eta Joseba Zubiaren iritziz, Komunikazio Optikoetako katedraduna EHUn, honi esker abiadura handiagoaz jasoko ditugu Internet bidez datuak.

Osasuna

Emakumezkoen lehen heriotza kausa oraindik ikertu gabe dagoela dio dakargu Garak. Gaixotasun kardiobaskularrak dira emakumeen lehen heriotza kausa munduan baina ez dira behar beste diagnostikatzen, ezta aztertzen. Izan ere, gizonezkoek eta emakumezkoek ez dituzten modu berean adierazten gaixotasun berdinak, sintomak ez baitira berdinak batean zein bestean. Eta hori oso argia da, esaterako, bihotzekoaren kasuan.

Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen inguruan irakur daiteke Zientzia Kaieran. Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioak (OAEI) osasun-eremu ezberdinetan osasun-arreta jasotzeagatik gaixoek pairatu ditzaketen infekzioak dira. Hauen epidemiologia eta kontrolaren inguruan idatzi dute Mikele Macho eta Miren Basaras mikrobiologek.

Indiak SARS-CoV-2 birusarekiko immunitatea sustatzeko txerto bat baimendu berri duela azaltzen du Elhuyar aldizkariak. DNA-kate zirkular batean oinarritzen da txerto hau eta Indian bertan garatu dute. ZyCoV-D izena du eta 3 dosiko txertoa da baina orratzik gabe ematen da dermis barneko aplikatzaile bati esker. Honekin, Indiak 12 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat COVID-19rako lehen txertoa lortu du. Txertoa helduentzako ere baliagarria da. du elduez gain.Berezitasun handiena: ez dago ziztatu beharrik, larruazalean ematen da


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.