Kukutxeztula: “gainditutako” gaitz baten itzulera

Argitalpenak · Dibulgazioa

Arnasbideetako infekzioak dira mundu mailan gaixotasun kutsakorrik hilgarrienak, heriotza-kausa nagusien artean hirugarrena izanik. Asko dira aipa genitzakeen infekzioak: azken urtean ezagun egin den koronabirusa (MERS eta SARS), difteria, tuberkulosia edota kukutxeztula, besteak beste.

Kukutxeztula atzean utzi genuela pentsatu arren, azken hamarkadetan haren intzidentzia izugarri igo da mundu zabaleko herrialde desberdinetan. 2012an AEBtako intzidentzia 1980an baino 9 aldiz handiagoa izan zen eta Brasilen, berriz, 2011tik 2014ra kasu kopurua bikoiztu egin zen. Australiak, Argentinak edo Kanadak ere kasu kopuruen igoera jasan dutela adierazi dute. Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) dagokionez, ustez gaindituta zegoen arren, kasu kopuruak gora egin du 2009. urtetik hona. Esaterako, EAEk 2015ean Espainia osoko intzidentziarik altuena izan zuen, 100.000 biztanleko 91,67 kasurekin. Beraz, honek argi uzten du kukutxeztularen zabalkundea saihestu eta desagerrarazteko erreminten faltan gaudela.

Kukutxeztula
Grafikoa: EAEko kukutxeztul kasu berrien eboluzioa 1996-2016 urteen artean. EDO erregistrotik eratorritako datuekin osatuta. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Datuak ikusirik, gaixotasunaren gorakada azaltzen duten arrazoi posibleak jaso eta horiei aurre egiteko erabili ditzakegun tresnak identifikatu nahi izan dira. Horretarako, gaixotasunaren egungo egoera aztertu da mundu mailan eta baita EAEn martxan dauden prebentzio neurriak ere. Osasun publikoa bermatzeko hautatutako neurririk erabiliena txertoa da, hala ere, kukutxeztularen aurkako txertoek eraginkortasun txikia erakutsi dute. Eritasun honek sortutako immunitatea behin-behinekoa izateak honi aurre egitea zailtzen du. Izan ere, infekzio naturalekin nahiz txertoekin eskuratutako immunitatea poliki-poliki galdu egiten dela ikusi da. Ondorioz, gaixotasunaren gorakada ziklikoak behin eta berriz errepikatzen dira.

Gaixotasunaren analisiaz gain, infekzioa sortzen duen Bordetella pertussisen bakterioaren ezaugarriak eta honek jariatzen dituen birulentzia faktoreak ere deskribatu dira. Izan ere, gaixotasunaren gorakadaren aurrean, txertoak eta immunizaziorako tresna berriak garatzeko beharra ikusi da. Sendagai berrientzako itu zelularrak identifikatu nahi badira, infekzioa maila zelularrean eta molekularrean nola gertatzen den guztiz deskribatzea beharrezkoa da.

Kukutxeztula eragiten duen B. pertussisek trakeako epitelioa eta birikak inbaditu, bertan itsatsi eta ostalariaren defentsak erasotzen ditu. Arnasbideetako beste patogeno batzuek ez bezala, B. pertussisi lotutako agerraldiak ez dira uniformeak izaten, ez baitaude urtaroei edo leku zehatzei loturik. Horrez gain, bakterioaren aurkako immunitatea behin-behinekoa da: immunitate naturalak 3,5-30 urte artakoa da eta txertoen bidezkoa 4-14 urte artekoa. Beraz, birulentzia faktoreen mekanismoak eta funtzionamenduak ongi ulertuz gero, gaixotasunari aurre egiteko itu molekular eraginkorra izan liteke.

Adenilato ziklasa toxina (ACT), adibidez, B. pertussisek jariatutako birulentzia faktore garrantzitsuenetako bat da. Zelula ostalari desberdinei (immunitate-sistemako zelulei, eritrozitoei, epitelioko zelulei, etab.) espezifikoki edo ez-espezifikoki lotu eta haiek zulatzeko gaitasuna dauka. Honez gain, zelula hauen zitosolean katalizatu egiten da adenosin monofosfato zikliko (cAMP) kontzentrazio altuen sintesia eta, ondorioz, zelulen seinaleztapen bidezidorrak asaldatu ditzake. Zenbait kasuetan, gainera, zelularen apoptosia eraginez.

Bestalde, ACTak txerto antigeno garraiatzailea izateko potentziala dauka. Izan ere, immunitate-sistemako zelula dendritikoak espezifikoki ezagutu eta zenbait T zelularen eta antigorputzen erantzuna eragiteko gai da. 30 urteko ikerkuntza ibilbidearen ostean, haren funtzionamenduari buruzko hainbat galdera erantzun diren arren, beste hainbat airean daude oraindik. Toxina honen inguruko ezagutzak, itu molekularra izatetik harago, zelularen mintzean zehar gertatzen diren beste hainbat prozesuren ulermenean ere lagun dezake.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 39
  • Artikuluaren izena: Kukutxeztula: “gainditutako” gaitz baten itzulera.
  • Laburpena: Arnasbideetako infekzioek heriotza tasa altuak eragiten dituzte munduan, COVID-19 birusa izanik azken urteetako adibiderik argiena. Hala ere, ez da libre dabilen patogeno bakarra eta berrikuspen honetan Bordetella pertussis bakterio patogenoak eragindako kukutxeztulaz arituko gara. Kukutxeztula arnasbideen infekzio larri eta kutsakorra da, bertako jariakinekin edota listu tantekin kontaktua izatean transmititzen dena. Helduetan arrisku berezirik ez duten sintomak eragiten dituen arren (etengabeko eztul gertakariak, arnasteko zailtasuna edota sukarra, besteak beste), heriotza eragin dezake urte batetik beherako haurretan batez ere. Kukutxeztula fase goiztiar batean gainditu ez duten gaixoek bigarren mailako pneumonia bezalako konplikazioak garatu ditzakete, horixe izaten delarik kukutxeztulaz hiltzen diren gehienen arrazoi nagusia. Lehen txertoa garatu zenetik kontrolpean zegoela uste izan den arren, kalte handiak eragin ditu garapen bidean dauden herrialdeetan batez ere. Herrialde garatuetan ere badu bere inpaktua, eta 2011tik gaur arte Ipar Amerikan eta mendebaldeko Europan epidemia egoera zabaldu da. Berrikuspen honetan kukutxeztulari buruzko informazioaren eguneratze bat aurkezten da, B. pertussisek erabiltzen dituen hainbat mekanismo infekziosotan arreta jarriz. Mekanismo hauen oinarri molekularra ulertzeak lagundu dezake zeluletan gertatzen diren beste hainbat prozesuren ulerkeran, gaixotasunaren aurkako sendagai berrien garapenean edota biologia molekularreko tresna berrien garapenean.
  • Egileak: Jone Amuategi, Asier Benito-Vicente, Kepa B. Uribe, Cesar Martin eta Helena Ostolaza
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 61-78
  • DOI: 10.1387/ekaia.21789

Egileez:

Jone Amuategi, Asier Benito-Vicente, Cesar Martin eta Helena Ostolaza Biofisika Zentroko ikertzaileak dira eta Kepa B. Uribe Cic biomaGUNEkoa.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.