Asteon zientzia begi-bistan #370

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Nilo

Astronomia

Aste honetako astelehenean, azaroak 22, NASAk zunda bat bidali zuen espaziora, Lurra asteroideetatik babesteko teknologia berritzailea probatzeko. DART izena jarri diote misioari eta Dimorphos asteroidearen kontra joko du misio honen lehen zundak. Ez da asteroide mehatxagarri bat, baina zundaren kolpea honen orbita aldatzeko nahikoa den ikusteko erabiliko dute, etorkizunean gure planetara gehiegi gerturatzen diren asteroideetatik defendatzeko. Datuak Berrian: Lur planeta asteroideetatik defendatzeko DART misioa jaurtiko dute bihar.

Komunikazioa

Science aldizkariko editorialak eztabaida berri bat ireki du, zientzia-komunitateak informazioa gizarteratzeko dituen arazoak salatuz. Honen adibide argia da COVID-19arekin bizitzen ari garen egoera. Nahiz eta prebentzio-neurriak eta tratamenduak eraginkorrak direla frogatuta egon, askotan jendeak uko egiten die eta hau porrot modura definitzen du aldizkariak. Horri aurre egiteko, zientziak gizartera iristeko beste errei bat gehitu behar duela azaldu du, inplementazio-ikerketa. Zientziaren lerro honek, zientziak lortutako emaitzak nola gizarteratu aztertu eta landu beharko luke. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Beste errei bat gizartera iristeko.

Teknologia

AEBko eta Txinako ikertzaile batzuek materialei ezaugarri mekaniko bereziak ematea lortu dute, origamian eta kirigamian inspiratuta. Bi Japoniako arte-diziplina horiek papera tolestuz egitura ezberdinak sortzea dute helburu; 2D materialak 3D bihur daitezke tolestuz (origami), ebakiz (kirigami), edo biak eginda, hau da, tolestuz eta ebakiz (hibridoak). Teknika horiek aintzat hartuta, elektronika malguan, gailu medikoetan, robotikan, ingeniaritza zibilean edo ingeniaritza aeroespazialen erabili ahalko liratekeen metamaterialak sortu daitezkeela azaldu dute Applied Physics Reviews aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Datuak Elhuyar aldizkarian: Origamia eta kirigamia, materialei ezaugarri bereziak emateko.

Mutrikuko dikean 2011tik dago martxan olatu-energiaren instalazioa. Orain, EOLO UPV/EHUko Meteorologia, Klima eta Ingurumen ikerketa-taldeak, eredu estatistiko batez baliatuz, instalazioak 1979-2019 bitartean zenbat energia elektriko ekoitzi ahal izango zukeen kalkulatu du, tarte horretan martxan izan balitz. Horretarako, hamar itsas egoera identifikatu dituzte ikertzaileek eta azken lau hamarkadetan olatuek izan duten bilakaera kontuan hartuta, metodologia bat garatu dute aipatutako kalkulua egiteko. Eredu estatistiko honekin ikusi dutenez, Mutrikun olatu-energia handitzen bada ere, elektrizitate-ekoizpena ez da areagotzen. Askoz ere olatu-indar handiagoa beharko litzateke ekoizpen elektrikoa ere handitzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran: Mutrikuko olatu-energiaren ekoizpena aurresateko eredua.

Ingurumena

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, Europako ekialdean, hondakin elektronikoen % 3,2 baino ez dute kudeatzen. Nazio Batuen Erakundeak eman du datua, Estatu Independenteen Erkidegoan eta Georgian hondakin elektronikoen inguruan egindako lehen azterketaren ostean. Azaldu duenez, % 50 hazi da hondakin elektronikoa herrialde horietan, munduko bataz bestekoaren pareko. Alabaina, munduan bataz beste hondakin elektronikoen % 17, 4 berreskuratu eta tratatzen bada ere, herrialde horietan 3,2-koa da ehunekoa. Datuak ikusirik, beraz, herrialdeei politika eta arau sendoak ezartzea eskatu dute, hondakin elektronikoak kudeatzeko eta ingurumena babesteko.

Maria Larumbe kazetariak Europako GREENPEG proiektuaren inguruan idatzi du aste honetan Zientzia Kaieran. Proiektu honen helburua teknologia berdean erabiltzen diren metalak esploratzeko teknika berri eta ez hain inbasiboak garatzea da eta, bereziki, pegmatitak bilatzeko erabil daitezkeen esplorazio aurreratuko teknologiak garatzeko lanean dabiltza. Harri igneo hauek oso garrantzitsuak dira gailu elektronikoak edo auto elektrikoak egiteko. Proiektu honen parte da Encarnación Roda-Robles Zientzia eta Teknologia Fakultateko doktore eta geologoa. Berak zuzentzen duen taldearen lana LCT (litioa-zesioa-tantalioa) motako harri pegmatitikoak aztertzeko tresnak diseinatzen datza. Datuak Trantsizio ekologikoaren muinerako bidaia artikuluan.

Biologia

Jose Antonio Rodriguez EHUko Genetika irakasleak RNAk irekitako bide berrien inguruan idatzi du Berrian. Azken urteotan, RNA gero eta gehiago erabili da giza osasuna hobetzeko tresna gisa, esate baterako COVID-19aren aurkako txertoetan. Baina tresna gisa ez ezik, itu terapeutiko gisa ere erabil daiteke mRNA (RNA mezularia), zenbait gaixotasun genetiko tratatzeko. Horretarako, eraldatutako azido nukleiko molekula berezi batzuk garatu dira, noranzko-kontrako oligonukleotidoak deiturikoak (ASO, ingelesezko antisense oligonucleotide). Molekula hauek gene jakin baten mRNA behar bezala erabiltzea eragozten duten gaixotasun genetikoetan erabil daitezke. ASO molekula mRNA mutatuari lotuko da eta molekula mutatu horrek sortuko lukeen eragin negatiboa ezeztatuko du horrela.

Ibon Cancio biologoa Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzailea da eta aste honetan itsas estazio biologikoen historiari buruz eta bertan aurrera eramaten diren ikerketen inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Itsas estazio biologikoen xedea, itsasoko bioaniztasunaren ikerketa da. Pierre Joseph Van Benedenek zabaldu zuen lehen itsas-kostaldeko laborategia 1843. urtean Belgikan. Geroztik, 758 instituzio sortu dira mundu osoan zehar eta 80 Nobel saridun baino gehiagok burutu dituzte beraien lanak itsas estazio biologikoetan.

Arkeologia

Eurasiako orain arteko bitxi apaindurik zaharrena aurkitu dute. Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, Poloniako Stajnia kobazuloan aurkitu zuten 2010ean, eta erradiokarbonoaren datazio zuzenaren bidez, 42.000-37.000 urte dituela kalkulatu dute. Mamut-letaginez egindako zintzilikari apaindu bat da eta ikertzaileen arabera, ezagutzen den bitxi apaindu zaharrena da. Scientific Reports aldizkarian eman dute ikerketaren berri eta bertan azaldu dutenez, bitxia pentsamendu sinbolikoaren sorrerarekin eta Homo sapiens espeziearen hedapenarekin erlazionatuta egon liteke.

Geologia

Uholde handiek migrazio handi bat eragin zuten Egipton. Duela 10.000 urte inguru gertatu zen Nilo ibaiaren ertzetan, eta hiru milurtekoz abandonatuta egon zen inguru hori uholdeen erruz. Geologo talde batek Quaternary Science Reviews aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dutenez, aldi lehor horren ondoren, beste loraldi bat etorri zen, Kristo aurreko 14800 eta 5500 urteen inguruan. Afrikako aldi heze izenekoa gertatu zen, eta giza talde askok bizi ahal izan zuten Saharan. Datuak Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.