Asteon zientzia begi-bistan #365

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

bikingoak

Genetika

DNA sekuentzia bitxi bat aurkitu dute Jill Banfield eta Basem Al-Shayeb mikrobiologoek lursail bateko lokatzetan. DNA zati hori sekuentziatu ostean, ikusi ahal izan dute inoiz ikusi ez den DNA-egitura bat dela: 1 milioi baseko luzera duela, geneen erdia ezezaguna dela, berezko sekuentzia-patroiak dituela hasieran eta bukaeran, DNA errepikakorra dagoela geneen artean eta bere burua kopiatzeko balizko gaitasuna duela. Borg izena jarri diote egitura honi, Star Trek frankizian agertzen diren organismo zibernetikoei erreferentzia eginez. Oraindik, hala ere, ez dute argi DNA-egitura bitxi hauen jatorria baina Methanoperedens deitutako arkeobakterioaren sekuentziak izan daitezkeela iradoki dute. Koldo Garciak azaltzen du Zientzia Kaieran.

Antzinako DNAren azterketaren bidez hainbat sekretu argitu dituzte ikertzaileek. Izan ere, batzuetak ikertzaileen lana detektibeena bezalakoa da. Horretan dihardu Iñigo Olalde genetistak EHUko Biomics ikertaldean, aspaldiko giza arrastoen genoma aztertzen bioinformatikari esker. Juanma Gallegok elkarrizketatu du eta Alea aldizkarian azaltzen du Iñigok genetikaren bidez, besteak beste, saiatu gaitezkeela ulertzen nolakoak ziren gure aurreko leinu zaharrak eta DNA hizkuntzen jatorria argitzeko tresna lagungarria izan daitekeela.

Fisika

Nanomaterialetan oinarrituta, neuronak estimulatzeko eta haien jarduera erregistratzeko hain inbasiboak ez diren tresnak eraikitzen hasi dira, DIPC Donostia International Physics Center eta Columbia Unibertsitatearen arteko lankidetza batean. NanoNeuro deitu diote ikerketa-ildo berri honi eta Nature Methods aldizkarian argitaraturiko artikuluan batean nanomaterial hauen erabilpenak azaldu dituzte, besteak beste, urre-nanopartikulak edo puntu kuantikoak neuronen jarduerak grabatzeko eta manipulatzeko nola erabili daitezken argitu dute. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: NanoNeurok nanopartikulak sortuko ditu garunaren funtzionamendua aztertzeko.

Ingeniaritza

Nerbio ehunak birsortzearen inguruan elkarrizketatu dute Yurena Polo biologoa Unibertsitatea.net-en. Yurena Polo grafenoa eta polimero bioxurgagarriekin ari da lanean, hauen propietate fisiko-kimikoak direla eta, oso erraz modulatu baitaitezke ehun kaltetuak birsortzeko beharrezkoa den forma emateko. Material hauek, kaltetutako ehunen birsorkuntzan lagundu beharko lukete, pazientearen zelula ama propioen mugimendua eta desberdintzapena eraginez. Alabaina, euskarri nanoegituratu hauek gidatuak izan behar diren ehunak birsortzeko estrategia ona badira ere, oraingoz ez dute balio garuna bezalako ehun konplexu bat birsortzeko.

Ehun ingeniaritzaren helburu nagusietako bat matrize porotsu delako egiturak diseinatzen eta sintetizatzen datza. Matrize porotsu hauek kaltetuta dauden ehunen ordezko funtzionalak dira eta, hauek sortzeko, zelulak, molekula bioaktiboak (proteinak, hazkuntza faktoreak…) eta euskarri porotsuak beharrezkoak dira. Matrize porotsu hauek izan beharreko berezitasun nagusia zelulaz kanpoko giza matrizearen antza edukitzea da, horregatik, euskarri hauek sintetizatzeko gehien erabiltzen diren materialak hidrogel polimerikoak dira. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Hidrogel injektagarriak eta haien aplikazioak ehun ingeniaritzan.

Geologia

Blanca Martinez geologoak 2003an eginiko ikerketa baten inguruan idatzi du Zientzia Kaieran, inoiz aurkitutako historiako lehen arraren inguruan. Orain dela 425 milioi urte inguru Ingalaterrako kostaldean bizi izan zen ostrakodo baten fosila da, 5 mm-ko krustazeo bat. Gehienetan, organismo bat hiltzen denean haren zati bigunak desegin egiten dira kanpo-eragileen ondorioz eta hori dela eta, gorputz-zati gogorrek soilik osatu ohi dute fosilen erregistroa. Ostrakodo honen kasuan, alabaina, duela 400 milioi urte ingeles kostaldeko eremu horretara iritsi zen bat-bateko errauts bolkanikoak dena estali zuen, bertan bizi ziren organismo asko barne. Honela, bizidun txiki horren ehun bigunak fosilizatuta gorde dira eta besteak beste, ugaltze-aparatuak ia osorik iraun du gaur egunera arte.

Arkeologia

Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, bikingoak duela 1.000 urte izan ziren Ternuan. Horixe frogatu ahal izan dute Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, eta azaldu dutenez, Atlantikoa zeharkatuta europarrak Amerikara iritsi zireneko arrastorik zaharrena da, 1021. urtekoa, hain zuzen. Ternuako gune arkeologiko batean aurkitutako egurrezko tresna batzuk izan dira aurkikuntza honen iturri. Izan ere, ikusi dute Atlantikoaz bestaldeko egurra zela, duela mila urte moztua gainera, eta metalezko erremintekin egurrean egindako moldaketek berretsi dute ez zituztela inguruko herri indigenek sortu. Egurra datatzeko gainera, dendrokronologia delako teknikaz baliatu dira eta, egurrezko tresnen eraztunetako batzuetan ohikoa baino 14C-kantitate handiagoa finkatu zela ikusi zuten. Honek, diotenez, zehazki K.o. 993. urteko izpi kosmikoekin erlazioa izango luke. Berrian ere eman dituzte aurkikuntza honen inguruko xehetasunak.

Bilboko Begoña hilerriak urteak daramatza itxita eta Udalak bizia eman nahi dio parke bihurtuz. Egitasmoa aurrera eraman orduko, Aranzadi Zientzia Elkartea eta EHUko hainbat ikertzaile (arkeologoak, antropologoak, historialariak, geologoak, medikuak eta biologoak) dabiltza lursailean lanean iragana berreskuratzeko asmoz. Begoñako Argia izendatu dute egitasmoa eta Jakes Goikoetxeak Berriako “Autopsia hilerri bati” artikuluan azaltzen du hezurren azterketaz gain, hilerriko harriak, porlana edo lurra ere aztertuko dutela hezurretan zer faktorek eragiten duten ezagutzeko.

Astronomia

NASAk James Webb teleskopioari izena aldatzea baztertu du, mila pertsonak baino gehiagok, tartean astronomoek, egindako eskaera albo batera utziz. Hubble teleskopioa ordezkatuko du abendutik aurrera teleskopio berri honek eta bere izena, NASAko arduradun izan zen gobernuko funtzionarioaren omenez jarri diote. Alabaina, 1950 eta 1960ko hamarkadetan, Webbek hainbat langile kaleratu zituela salatu du talde handi batek, gay edo lesbiana izateagatik. Salaketak 1.200 sinadura baino gehiago bildu ditu, eta NASAk gaia ikertuko zuela agindu zuen. Orain eman du ordea erabakiaren berri: ez dio izena aldatuko, ez duelako salatzen den portaeraren ebidentziarik aurkitu. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Joan den urtean, Txinako Chang’e-5 misioak Ilargiaren laginak hartu zituen, besteak beste, haren jarduera magmatiko gazteena aztertzeko. Honen harira, Ilargiko arroka gazteenak 2 mila milioi urte dituela kalkulatu dute. Hau da, gutxienez ordura arte, Ilargia geologikoki aktiboa izan zela frogatu dute, eta Ilargiko bolkanismoak uste zutena baino gehiago iraun zuela. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Ilargiaren geologia hobeto ezagutzeko aukera ematen ari da Chang’e-5 misioa.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.