Mutrikuko olatu-energiaren ekoizpena aurresateko eredua

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Mutrikuko dikean 2011tik martxan dago olatu-energiaren instalazioa. Elektrizitatea sarera etengabe hornitzen duen munduko olatu-parke bakarra da. UPV/EHUko Meteorologia, Klima eta Ingurumen ikerketa-taldeak (EOLO) eredu estatistiko bat erabiliz kalkulatu du zenbat energia elektriko ekoitzi ahal izango zukeen instalazioak 1979-2019 bitartean, tarte horretan martxan izan balitz.

Energia ekoizteko olatuen indarraz baliatzen diren teknologiak ez daude oso garatuak eta EOLO ikerketa-taldeak, besteak beste, hutsune hori hartu du ikerlerro. Azken urteotako lanari esker egiaztatu du 1900etik aurrera Bizkaiko Golkoko olatuen energia-fluxua handituz joan dela eta Mutrikuko olatuen plantaren ekoizpen ereduak aurresateko eredua sortu du. Horretarako, hamar itsas egoera identifikatu dituzte ikertzaileek eta helburua izan da ikustea nola erantzungo zukeen Mutrikuko instalazioek joera horren arabera funtzionatu izan balu. Beraz, azken lau hamarkadetan olatuek zer bilakaera izan duten kontuan hartuta, metodologia bat garatu dute ikusteko gorakada horrek zer eragin eduki dezakeen Mutrikuko ekoizpenean.

Mutrikuko energia-ekoizpena
Irudia: EHUko Eolo ikerketa-taldea itsasoaren portaera aurreikusiko dituen modeloak garatzen dabil, energia berriztagarriek daukaten aldizkakotasunaren erronkari aurre egiteko. (Argazkia: confused_me – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gabriel Ibarra taldeko ikertzaile eta UPV/EHUko Ingeniaritza Energetikoa Saileko irakasleak azaldu duenez, “gauza bat da olatuek zer energia dakarten, zer energia hidrauliko duten, eta beste gauza bat da hortik zenbat energia elektriko lortzen den”. Horretan ari dira azken urteetan: “Duela zenbait urte Mutrikuko instalazioen funtzionamenduaren hainbat gako identifikatu ondoren, orain, klima-aldaketak Mutrikuko ekoizpenean zer eragin duen jakiteko metodologia bat garatu dugu. Haren bidez, kalkulatu dugu 1979-2019 bitartean Mutriku jardunean aritu izan balitz zenbaterainoko energia ekoitziko zukeen eguneko; eta, gainera, horrek balioko digu etorkizunean zer gerta daitekeen aurreikusteko”, dio Ibarrak.

Olatu-energia handitzen da, baina elektrizitate-ekoizpena ez

Ikertzaileek ikusi dute Mutriku inguruan olatu-energiaren goranzko joera hori ez dela Bizkaiko Golkoko beste toki batzuetan bezain handia izan. Horrez gain, olatuen energia-fluxuaren bilakaera baikorra izan arren, adituen esanetan, ekoizpen elektrikoa konstante mantenduko litzateke, energia-fluxua nibelatu egiten delako maila jakin batetik gora. Ibarraren iritziz, askoz ere olatu-indar handiagoa beharko litzateke ekoizpen elektrikoa ere handitzeko.

Hamar itsas egoera nagusi identifikatu dituzte, eta bakoitzari elektrizitate-sorrerarekin lotutako patroi bereizgarri bat lotu diote —eguneko eskalan—. Horrela, Mutrikuko olatu-parkea 1979-2019 bitartean jardunean egon izan balitz egunean sortuko zukeen energia elektrikoa kalkulatu dute. Ondorioz, ebaluatu ahal izan dute klima-aldaketak eta honekin lotutako olatuen energia-fluxuak zer-nolako eragina izango zuen Mutrikuko instalazioen elektrizitate-ekoizpenean.

Aurrera begira, “hurrengo urratsa da klima-aldaketaren eraginez etorkizunera begira jarri eta aurreikuspen bat egitea: guk uste dugu goranzko joera horrek jarraitu egingo duela, eta ikusi nahi dugu, batetik, zelako joera izango den, handia edo txikia, eta, bestetik, zelako eragina izango duen horrek etorkizunean, datozen hamarkadetan, Mutrikuko ekoizpenean. Mutrikuko instalazioetan egiten diren ikerketa guztiak oso baliagarriak dira teknologia hauetan aurrera egiteko, sarera energia etengabe hornitzen duen munduko instalazio bakarra baita”, adierazi du Ibarrak. Ikerketan frogatu dute, beraz, olatu-instalazioen bideragarritasun-azterketak eta azterketa ekonomikoak fidagarritasun handiz egin daitezkeela, baliabidearen beraren etorkizuneko ziurgabetasunek ez dutelako eragin nabarmenik izango instalazioen bizitza-ziklo osoko errendimendu elektrikoan.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Olatu-indarrak gora egin arren, Mutrikuko energia-ekoizpena konstante mantentzen da

Erreferentzia bibliografikoa:

Ibarra-Berastegi, Gabriel; Ulazia, Alain; Sáenz, Jon; Serras, Paula; González Rojí, Santos J; Esnaola, Ganix; Iglesias, Gregorio (2021). The power flow and the wave energy flux at an operational wave farm: Findings from Mutriku, Bay of Biscay. Ocean Engineering, 227. DOI: 10.1016/j.oceaneng.2021.108654

1 iruzkina

  • […] Mutrikuko dikean 2011tik dago martxan olatu-energiaren instalazioa. Orain, EOLO UPV/EHUko Meteorologia, Klima eta Ingurumen ikerketa-taldeak, eredu estatistiko batez baliatuz, instalazioak 1979-2019 bitartean zenbat energia elektriko ekoitzi ahal izango zukeen kalkulatu du, tarte horretan martxan izan balitz. Horretarako, hamar itsas […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude