Gaur, 2015eko egutegia estreinatu dugu. 365 egunez osatuta dagoen urte honen lehen eguna da gaurkoa. Horren jabe gara guztiok. Guztiok? Europan eta munduko hainbat herrialdeetan bai, baina beste batzuetan gaur ez da ezer berezirik gertatzen. Ez da ezeren lehena, beste egun bat baizik. Izan ere, ez dute erabiltzen gure egutegia denbora neurtzeko.
Ilargiari begira neurtzen hasi ginen gizakiok denbora eta gerora, eguzkiari begira neurtu izan ditugu urte-sasoiak.
Egun, ezagutzen ditugun egutegien lehen oinarriak Egipton sortu ziren k.a.ko 3. milurtekoan. Nilo ibaiaren ur-goraldiak sortzen zituen kalteei aurre egiteko, ezinbestekotzat jo zuten hau gertatzen zen unea ondo ezagutzea, urtean behin gertatzen baitziren. Ordura arte, ilargia oinarri zuten egutegiak ez ziren baliagarriak. Egiptoarrek sortu zuten hiru urtaro, 30 eguneko hilabeteak eta 10 eguneko asteak zituen 365 eguneko egutegia.
Egutegi erromatarra
Egiptoarrek eurena bazuten, erromatarrek propio beste hainbat egutegi zituzten. Egutegi erromatarrek ez zituzten asteak zenbatzen. Adibidez, Albaniako mendi inguruetan kokatzen ziren biztanleek 18tik 36 egunera arteko, 10 hilabeteko egutegia zuten eta Labiniako herritarrek, aldiz, 374 egun zituen 13 hilabeteko egutegia. Denbora hain modu desberdinetan neurtzea egokia ez zela ikusirik, erromatarrek erabaki zuten bakarra erabiltzea: 10 hilabetetan banatzen zen 304 egunetako egutegia. Honek 30 eguneko sei hilabete zituen eta beste lau, 31 egunekoak. Egutegi honek desfase handiak zituen eta bi urterik behin hilabete bat gehitzen zitzaion urteari, Merkedinus hilabetea. Gehiketa hau irizpide politiko eta komertzialak jarraituz garatzen zen, irizpide astronomikoak albo batera utzita eta ondorioz, aldaketa asko izaten zituen. Egutegi erromatar hura martxoan hasten zen, udaberrian, eta otsailean bukatzen zen.
Egutegi juliotarra
K.a.tik 46. urtean egutegi berri bat ezarri zuten, Julio Zesarren omenez egutegi juliotarra izena zeramana. Lehen egutegi juliotarrak 455 egun izan zituen, aurrekoengandik pilatutako desfaseak orekatzeko. Hurrengokoak 365 egunetakoak izan ziren eta Merkedinus bi hilabete gehitu zitzaizkion, azaroa eta abendua. Lehenak, 33 egun zituen eta bigarrenak, 34 egun. Bi urte beranduago, erabaki zen, lau urterik behin egun bat gehituko zitzaiola egutegiari eta egun hau otsailaren 24a izango zela, beraz, otsailaren 24a birritan izendatzen zen lau urterik behin. Errepikatutako egun honi “bis sextum” esaten zitzaion, bisustua, hortik dator beraz, bisurte edo urte bisustuen izendapena.
Egutegi gregoriarra
1582. urtean jaio zen gure egutegia. Egutegi gregoriarra deritzogu Gregorio XIII. aita santuaren agindupean ezarri zelako bulda baten bidez, otsailaren 24an. Egutegi gregoriarrak, juliotar egutegia ordezkatu zuen. Azken hau nahiko zehatza bazen ere, ez zen behar bestekoa. Egutegi juliotarrak urtero 11 minutu eta 14 segundo gutxiago irauten zuen eta denbora tarte txiki-txikia badirudi ere, 128 urteren bueltan, tarte hori egun oso bat bihurtzen zen.
Egutegi gregoriarrak Julio Zesarren egutegiaren oinarri jarraitu zuen eta urteak 365 egunez osatuak zeuden. Horrez gain, lau urtero behin, egun bat gehitzen zitzaion egutegiari, lau urteei zegokien egun laurdenak batuz. Eguna otsailari gehitzen zitzaion, eta lau urterik behin 366 eguneko urteak ditugu ordutik hona. Baina, gehiketa honek xehetasun bitxi bat du: bisurteetan egun bat gehitzen da otsailean, otsailaren 29a, baina ziklo erregular hau ez da beti gertatzen. Honako araua jarraitzen dute bisurteek:
Urte bat 4rekin zatigarria bada bisurtea da, 100ekin zatigarria bada, aldiz, ez da bisurtea, baina 400ekin zatigarria bada, bada bisurtea.
Beraz, 1900. urtea ez zen izan bisurtea, baina 2000. urtea bai. Eta, etorkizunean, 2100. urtea ere ez da izango bisurtea, nahiz eta horrela izan beharko lukeen ziklo erregularra jarraituz.
Egutegi gregoriarrak 400 urteko periodikotasuna jarraitzen du, behin 400 urte pasa ondoren, berriz hasi eta errepikatzen du aldi berdina.
Aloysius Lilius (1510-1576)
Egun dugun egutegia Gregorio XIII. aita santuaren omenezko izena badu ere, honen aita Aloysius Lilius astronomo italiarra da. Haren proposamena izan zen aldaketaren oinarri. Astronomoaren lana haren anaiak, Antoniok, aurkeztu zuen aita santuaren aurrean. Honek, egutegia egokitzea helburu zuen batzordeari igorri zion astronomoaren proposamena 1575. urtean eta batzordeak jaso zituen Liliusen aldaketaren xehetasunak 1578. urtean, Compendium novæ rationis restituendis kalendarium argitalpenean.
Liliusek epakta zikloak gehitu zizkion egutegiari, hauek ilberria jasotzen dute eta edozein urteko iraupenari gehitu ahal zaizkio, momentuan behar diren doiketak egiteko aukera ematen dutelarik. Sei urteko kontsulta tarte baten ondoren, eta Cristobal Clavio astronomo eta matematikari alemaniarrak hobekuntzak egin ondoren Liliusen proposamenari, 1582. urteko otsailaren 24an Gregorio XIII. aita santuak kleroari agindu zion egutegi berria onartu eta jarraitzeko. Bulda baten bidez, sasoiko errege katolikoak ere berdina egitera bultzatu zituen.
Egun, egutegi gregoriarra bezala ezagutzen duguna, Aloysius Lilius astronomo, mediku, filosofo eta zientzialari italiarraren lana da. Bera baita Europan sortu zen, eta ia mundu osoan erabiltzen den, gaurko egutegiaren aita.
Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.
3 iruzkinak
Egutegi gregoriarra edo gregorianoa nola ezarri zen munduan zehar, herrialdeek noiz aplikatu zuten azaltzen digu Willy Roak Norteko Ferrokarrila irratsaioan. Izan ere, guztiek ez zuten berehala onartu 1582. urtean: Egutegia 1693an.
Bestalde, Esteban Esteban, Durangoko Astronomia Ikasgelako arduradunak La mecánica del caracol irratsaioan azaldu zituen egutegiaren xehetasunak ere. Egunak, asteak eta hileak nola zehaztu diren azaltzen du: Por qué el año comienza en enero y otras curiosidades del calendario.
[…] 2105a hasi berria dugu. Lehen hilabetean gaude oraindik eta beste hamaika ditugu aurretik. Egutegiaren bidez denbora neurtzen dugu gure eta neurtzeko modu hau aspalditik datorkigu. Eskuartean dugun egutegia, egutegi gregoriarra edo gregorianoa da. 1582. urtean Gregorio XIII. aita santuak […]
[…] calendario nuevo. Calendario que tiene su origen en el siglo XVI y cuyo padre original fue el astrónomo italiano Aloysius Lilius, a pesar de denominarse calendario gregoriano en honor al Papa Gregorio […]