Gripea
Mundu Osasunerako Erakundearen kalkuluen arabera, nagusien %5-%10ari eragiten diola urtero garai honetan datorren gripeak. Portzentajea, %20-%30ekoa da mundu osoko umeengan.
Gehienetan, gaixotasunak atzera egiten du, muskuluetako minak, zefalea gogorra eta sukar handia dakarzkigun egun batzuk igaro ostean. Gaixotasuna, analgesiko eta antitermikoekin tratatzen da, baina edonola ere, ospitaleratzeko beharra ere gertatzen da, gaixoak arrisku-taldeen barruan badaude: ume txikiak, edadetuak eta gaixo kronikoak. Erakunde honek gripeari leporatzen dio urteko hiltzen diren 250.000-1.000.000 gizakienen ezbeharra. Bestalde, erakunde honen kalkuluetan, ikus daiteke 3-5 miloi kontagio gogor gertatzen direla. Herrialde industrializatuetan, 65 urtetik gorakoetan gertatzen dira gripearekin zerikusia duten heriotza gehienak.
Amantadina eta errimantadina izeneko botikak erabiltzen ari dira gripearen aurka, duela hainbat hamarkada. Farmako hauek, birusei eragiten diete, hurrenez hurren mintzean zeharreko sarreran eta geroagoko erreplikapenean. Hala ere, bere eraginkortasunak nabarmen egin du behera azken urteotan, botika biekiko jasankor bilakatu duten bi mutazioek eraginda.
A gripea, arnasa-infekzio bat da, akutua eta oso kutsakorra gizakietan zein bestelako animalietan. Mundu Osasunerako Erakundeak aditzera eman du ez dagoela pandemia gehiago aurreikusteko modurik, eta pandemiak gainera saihestezinak izan daitezkeela, zeren eta botika gutxi baitaude, eta esan bezala, andui asko jasankor bilakatu baitira. Horrela bada, farmako gehiago aurkitu behar dira.
Universitat de Barcelonako ikertzaile batzuek molekula bitxi berri batzuk lortu dituzte. Molekula hauek badute egitura eraldatu bat, beste farmakoekiko jasankor den A gripearen birusaren aurka egiten duena.
Santiago Vázquez irakaslearen arabera, “konposatu sintetizatu hauek dira orain arte birus jasankorraren aurka hobekien aritzen direnetakoak. Gainera, konposatu hauek birus andui basatiaren aurkako jarduerari eusten diote”.
Ikerketa hau, Journal of Medical Chemistry aldizkarian plazaratua delarik, nazio arteko elkarlan baten ondorioa da. Elkarlanean jarraituko dute gainera konposatu berriak diseinatu, sintetizatu eta ebaluatzeko.
Loditasuna
Hala ere, Osasunerako Erakundeak gaixotasun kardiobaskularretan ikusten dute mundu mailako heriotza-eragile nagusia. Berriki egin den ikerketa batek, egiaztatu du badagoela harreman bat gizakiak metatzen duen ingurumen-kutsatzaileen mailaren eta loditasun mailaren artean. Lana Environmental Pollution aldizkarian plazaratu da eta aztertzen du zenbat kutsatzaile metatu diren, Granadako bi ospitaletan ebakuntza bat jasan duten 300 lagunengan.
Zehatzago, ehun adiposoko kutsatzaile jakin batzuen kantitateak aztertu dituzte, kutsatzaile organiko iraunkor (KIO) izeneko kutsatzaileen kantitateak hain zuzen. Kutsatzaile hauek ahalmen handia daukate urte batzuetan edo areago hamarkada batzuetan ingurumenean degradatu gabe irauteko.
Lanaren egile nagusia den Juan Pedro Arrebolaren hitzetan, “kutsatzaile iraunkor hauen eraginpean gaude gizakiok, gorputz-gantzean metatzen baitoaz konposatuak. Metaketa maila, kutsatzaileen peko egonaldiaren adierazle ona da”.
Zientzialariek egiaztatu dute aipatu lotura hori egon badagoela metatze mailen eta loditasunaren artean, bai eta metatze mailaren eta kolesterol eta triglizerido mailen artean. Izan ere, uste da kolesterola eta triglizeridoak arrisku-faktore garrantzitsuak direla edozein sexu, adin, bizileku, eta tabako-ohituratako gizakietan.
Aztertutako konposatu hauen artean badago DDTren osagai den lindano intsektu-hiltzailea, iraganean oso erabilia izan dena. Kultiboetan eta zorrien eta hazteriaren aurka erabiltzen zen lindanoa. Berdin aurkitu dituzte bifenilo polikloratuak (BPK), industriako ekipo askotan erabiltzen direnak.
Egun, konposatu hauen erabilera oso murriztua dago, baina hala ere, ikerkuntzan aztertu ziren gaixoen %100ean gertatu dira metatze maila antzemangarriak. Horrela bada, ikertzaileek, ondorioztatu dute substantzia kimiko batzuen pean egoteak erraztu lezakeela adipozitoak (gantz-zelulak) haztea, eta ondorioz gorputz-gantz kantitateak gora egitea.
Minbizia
Substantzia horiei obesogeno deritze. Iraganean, amiantoa bezalako beste substantzia batzuk ere erabili dira eraikuntzan eta industriako prozesuetan, beren ezin sutuzko ezaugarriengatik.
Clemenceau gerra-itsasontzi frantziarra, adibidez, hainbat hilabete nabigatzen egon zen 2006an, ez zutelako desegin ahal izateko portu bat aurkitzen. Egungo milaka eraikinek, tutueriak eta teilatuk badute amiantoa. Minbizi-eragilea izateagatik, 2002tik debekatua dago amiantoa erabiltzea eta merkaturatzea.
Urtero, 200 gizaki baino gehiago hiltzen dira mesotelioma pleuralek jota, eta esan beharrekoa da gaixotasun hauek, iraganean substantzia hauen peko egonaldiek eragin dituztela. Horretaz gain, are gehiago dira bronkio eta birika-kartzinomek edo bestelako tumoreek jota hiltzen direnak. Tumore hauek, amianto-zuntzen inhalazioak eragin ditu.
International Journal of Occupational and Environmental Health aldizkarian berriki argitaratu den artikuluan, Universidad de Granadako ikertzaileek, aztertu dute zein izan diren minbizien eta amiantoaren arteko harremanak, beti ere Instituto Nacional de Seguridad Social izeneko erakunde espainiarrak 1978-2011 tartean lan-gaixotasuntzat jo izan dituen kasuetan. Ikertzaileek, egiaztatu dute 33 urte horietan 164 minbizi baizik ez dituela errekonozitu Seguridad Social izeneko erakunde espainiarrak.
“Erakunde horrek ez ditu errekonozitu amianto peko lan-egonaldiari egotz lekizkiekeen mesotelloma pleuralen %93.6a (gizonezkoetan) eta %96.6 (emakumezkoetan). Gainera, %98.8an, azpierregistro bat gertatu da bronkio eta birika-minbizien kasuetan”. Hala dio Universidad de Granadako Zientziaren Historiako katedraduna den Alfredo Menéndez Navarrok. Ikertzaile honek parte hartu du goian aipatutako ikerkuntzan, eta berak uste du zenbaki hauek agerian uzten dutela behar baino askoz ere amianto-minbizi gutxiago erregistratu direla, eta gizarte-bidegabekeria izugarria dagoela horretan.
Erreferentziak
Rey-Carrizo M., Marta Barniol-Xicota, Chunlong Ma, Marta Frigolé-Vivas, Eva Torres, Lieve Naesens, Salomé Llabrés, Jordi Juárez-Jiménez, Francisco J. Luque, William F. DeGrado & Robert A. Lamb (2014). Easily Accessible Polycyclic Amines that Inhibit the Wild-Type and Amantadine-Resistant Mutants of the M2 Channel of Influenza A Virus, Journal of Medicinal Chemistry, 57 (13) 5738-5747. DOI: http://dx.doi.org/10.1021/jm5005804
Arrebola J.P., Ricardo Ocaña-Riola, Antonio L. Arrebola-Moreno, María Fernández-Rodríguez, Piedad Martin-Olmedo, Mariana F. Fernández & Nicolás Olea (2014). Associations of accumulated exposure to persistent organic pollutants with serum lipids and obesity in an adult cohort from Southern Spain, Environmental Pollution, 195 9-15. DOI:http://dx.doi.org/10.1016/j.envpol.2014.08.003
García-Gómez M., Alfredo Menéndez-Navarro & Rosario Castañeda López (2014). Asbestos-related occupational cancers compensated under the Spanish National Insurance System, 1978–2011, International Journal of Occupational and Environmental Health. DOI: http://dx.doi.org/10.1179/2049396714y.0000000087
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.