Jaiotzen garenetik gure hatzek larruazalean bereizgarriak diren tontor eta ildoen patroiak dituzte, hatz-markak deitzen ditugun patroiak, hain zuzen ere. Ez dira denborarekin aldatzen eta, horregatik, XIX. mendetik hatz-markak erabiltzen dira norbanakoak identifikatzeko. Proposatu egin da hatz-markak garatu zirela gauzei heltzen laguntzeko eta azaleren ehundurak sentitzeko. Baina gutxi dakigu hatz-marken garapenean parte hartzen duten geneei buruz.
Hatz-markak haurdunaldiaren 10. astean hasten dira garatzen eta 14. asterako ezarri egiten da hatz-marken patroi nagusia. Hiru patroi handitan sailkatzen dira hatz-markak, duten formaren arabera: arku, begizta eta kiribil. Hiru patroi horien sorrera azaltzeko hainbat mekanismo proposatu badira ere –esate baterako, azalaren tentsio mekanikoa edo odol-hodiek edo nerbioek ezarritako patroia jarraitzea–, hatz-marken garapenean parte hartzen duten mekanismo biologikoak ez dira guztiz ezagunak. Mekanismo horiek ezagutzeko, hatz-marken patroi nagusien gene-oinarria aztertu du ikertzaile talde batek.
Ikertzaileek egin zuten lehengo lana izan zen ia hamar mila txinatarren gene-informazioa aztertu, Han etniakoak, hain zuzen ere. Genoma osoko asoziazio-analisiak erabilita, ikertzaileek ondorioztatu zuten genomako 18 eskualdeek parte har zezaketela hatz-marken hiru patroi nagusien garapenean. Gero, beste ia lau mila pertsonetan egin zuten analisi berdina eta antzeko emaitzak izan zituzten: aipatutako 18 eskualde horietatik 17 eskualde baieztatu zituzten. Gainera, hatz-markekin erlazionatutako 66 ezaugarri aztertu zituzten eta analisi horietan detektatu zituzten gene-eskualde gehienak jatorrizko analisian detektatutako 18 eskualdeak izan ziren.
Horretaz gain, hatz-marken patroiek korrelazio handia dute ezkerreko eta eskuineko hatzak konparatzen direnean. Orobat, korrelazio handia dago erdiko hiru hatzen –hatz erakuslearen, hatz luzearen eta hatz nagiaren– hatz-marken patroian. Bada, ikertzaileek ondorioztatu zuten korrelazio horiek guztiek gene-oinarri sendoa dutela eta korrelazio horiek eragiten dituzten gene-eskualdeek arestian aipatutako gene-eskualdeekin bat egiten zutela.
Egindako analisietan hatz-marken patroiekin asoziaziorik sendoena izan zuen gene-eskualdea 3. kromosoman kokatuta zegoen. Gene-eskualde horretan zehaztu zuten zein gene-aldaera zen asoziazio horren eragilea eta, hainbat metodo erabili ostean, baieztatu zuten gene-aldaera horrek eragina zuela EVI1 genearen funtzionamenduan.
Gene horrek hatz-marken garapenean duen funtzioa aztertzeko, saguen Evi1 genea aztertu zuten ikertzaileek. Gene horretan mutazio bat izateak eragin zuen saguen hatzen laburtze txikia, bai eta aldaketak hatz-markek dituzten tontorren agerpenean. Gainera, hainbat teknikari esker, ikusi zuten Evi1 genea aktibo zegoela saguaren enbrioiaren gorputz-adarren muturretan eta enbrioiaren garapena aurrera joan zen heinean murriztu egin zela gene horren aktibitatea, hatz-marken patroia definituta gelditzen zenean, hain zuzen ere.
Gizakien enbrioien kasuan antzeko emaitzak lortu zituzten. Haurdunaldiko 6. astean EVI1 genea aktibo zegoen hazten ari ziren gorputz-adarretan. 10. astean EVI1 genearen aktibitatea detektatu zen gorputz-adarren muturretan, batik bat hatz-markak garatzen diren puntuetan. 13. astean asko murriztu egiten da EVI1 genearen aktibitatea eta 16. astean ez du ia aktibitaterik. Gainera, ikertzaileek zehaztu zuten EVI1 geneak ez zuela inolako harremanik hatz-marketan gertatzen den larruazalaren tolesturekin.
Hatz-marken gene-oinarria hobeto ulertzeko ikerketa honetan Asiako ekialdeko eta Europako hainbat populazio ere aztertu zituzten. Guztira, hogeita hiru mila pertsonetan aztertu zuten hatz-marketan kiribilak izatea. Ikertzaileek ondorioztatu zuten 43 gene-eskualdetan kokatzen ziren 105 genek asoziazioren bat zutela hatz-marketan kiribilak izatearekin. 43 gene-eskualde horien eragina ez zen guztiz berdina izan Asiako ekialdeko eta Europako populazioetan, baina gene-eskualde gehienak bietan detektatu ziren. Hori dela eta, ikertzaileek ondorioztatu zuten Asiako ekialdeko eta Europako populazioetan oro har berdinak zirela hatz-markekin zerikusia duten geneak. Ikertzaileek aztertu egin zituzten gene horiek eta ikusi zuten gene gehienek gorputz-adarren garapenean parte hartzen zutela baina ez larruazalaren garapenean.
Azkenik, ikertzaileek hatz-marken eta eskuaren ezaugarrien arteko harremana aztertu zuten. Hala, ikusi zuten kiribil formako patroiaren maiztasunak harremana zuela hatz txikiaren luzera osoarekin; eta hatz erakuslearen eta luzearen muturren luzerarekin. Lanaren egileen aburuz, honek indartu egingo luke hatz-marken patroi nagusien ezarpena eta gorputz-adarren garapena mekanismo biologiko berdinen menpe daudelako ikuspegia.
Laburbilduz, hartz-marken patroi nagusia ezartzen duen mekanismo biologikoak harremana du gorputz-adarren garapenarekin, ez larruazalaren tolesturekin. Horren adibide argia da EVI1 genearen funtzioa eta funtzionamendua. Intuizioak esaten digu hatz-markek larruazalaren garapenarekin harremana dutela; baina badirudi gorputz-adarrak garatzeko erabiltzen diren mekanismo biologikoak direla hatz-marken patroiak ezartzen dituztenak. Beste behin ere, biologian ezer ez da dirudien bezain agerikoa eta, horregatik da bizia ikertzea hain liluragarria.
Iturria:
Li, Jinxi et al. (2022). Limb development genes underlie variation in human fingerprint patterns. Cell, 185 (1), 95-112.e18. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2021.12.008
Egileaz:
Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.