Argaltasunaren genetika

Koldo Garcia

Uda hasi da, eta udarekin batera, hondartza sasoia. Urtero bezala, bainujantzia probatzen dugu eta agerian gelditzen dira soberan ditugun kilo horiek. Aurten, gainera, itxialdiaren eragina gehitu behar zaio urteroko drama horri. Pisu pixka bat galtzeko, osasuntsuago eta gutxiago jatea erabakitzen dugu; baina sakrifizioa handiegia da lortzen ditugun emaitzetarako. Tira, guztioi gertatzen zaigula pentsatuz kontsolatzen gara. Baina jakin badakigu gure artean badaudela jaten dutena jaten dutela ere loditzen ez direnak. Ez gorrotatu pertsona horiek, gorrotatu beren gene-aldaerak.

Pisuaren gene-oinarria aztertzen denean obesitatea da aztertu ohi dena. Horrela, hainbat gene proposatu dira gehiegizko pisuarekin lotura dutenak, adibidez, FTO genea. Gutxiago aztertu da kontrakoa, hau da, pisua irabaztea galarazi egiten duten geneak gutxitan aztertu dira. Ikerketa berri batek hori aztertu du eta, hortaz, argaltasunarekin lotura izan dezaketen geneak aztertu dituzte.

1. irudia: Pertsona batzuek ez dute pisurik irabazten jaten dutena jaten dutela. (Argazkia: Steve Buissinne – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Lehen pausoa izan zen Estoniako biobankua aztertzea. Biobanku horretako datuak arakatu zituzten eta gorputz-masaren indize txikiena zuten pertsonen gene-aldaerak aztertu zituzten. Talde horretatik kanpo gelditu ziren pisuan eragina izan dezaketen gaixotasunak edo nahasmenduak zituzten pertsonak. Gorputz-masa indize txikia zuten pertsonen gene-aldaerak erkatu zituzten gorputz-masa indize ohikoa duten pertsonen gene-aldaerekin genoma-osoko analisiaren bidez. Gene-aldaerak aztertu ostean bost gene-eskualde lotu zituzten argaltasunarekin; hau da, eskualde horietako gene-aldaera batzuk maiztasun handiagoarekin agertzen ziren gorputz-masaren indize txikia zuten pertsonetan. Gene-eskualde horietan eta gene-eskualde horien inguruan ia 40 gene zeuden kokatuta.

Bigarren pausoa izan zen ozpin-eulian gene horiek aztertzea. Ozpin-eulia genetikan asko erabiltzen den eredu-organismoa da, berarekin lan egiteko erraztasunagatik. Gizakietan aurkitutako 40 gene horien parekoak ziren geneak bilatu zituzten ozpin-eulian eta azter zitezkeenak hautatu zituzten, guztira 24 gene. Egin zutena izan zen gene horien funtzioa oztopatu eta gene bakoitzaren funtzioa oztopatzeak triglizerido-mailan zuen eragina aztertu. Ikertzaileek ikusi zuten bost generen funtzioa oztopatzerakoan modu esangarrian jaisten zela triglizeridoen metaketa ozpin-euliaren ehunetan. Bost gene horien artean Alk genea zegoen. Gene horren funtzioa oztopatzerakoan ikusi zuten triglizeridoen metaketa jaisten zela bai dieta arruntean, bai azukre asko zuen dietan. Nolabait Alk geneak babesa ematen ziela pisua irabaztearen aurrean, ozpin-euliek jaten zutena jaten zutela.

Gainera, aztertu zuten aurretik jakina ote zen bost gene horiek metabolismoaren ezaugarriekin edo neurriekin lotura ote zuten gizakietan. Horrela, ikusi zuten lehendik ALK genearen gene-eskualdea lotu izan dela gorputz-masa indizearekin, plasmako triglizerido-mailarekin edota glukosa-mailekin. Hortaz, ikertzaileek ondorioztatu zuten ALK genea sakonago aztertu behar zutela.

2. irudia: Gorputz-masaren indizean eragina dute geneek. (Argazkia: Vidmir Raic– Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hirugarren pausoa izan zen saguetan Alk genea aztertzea. Horretarako, Alk genea ez zuten saguak sortu zituzten, geneen funtzioa zehazteko erabili ohi den prozedura, hain zuzen ere. Ikertzaileek ikusi zuten, oro har, Alk gabeko saguek ez zutela inolako ezberdintasunik sagu normalekin alderatuta antsietate-mailan, lokomozioan, koordinazioan, minaren pertzepzioan, ehunen itxuran, odol-osaketan edota serumeko kimikan. Ezberdintasuna izan zen 5. astetik aurrera Alk gabeko saguak argalagoak zirela, heldu aroan mantentzen zen ezaugarri bat, baina tamainan eraginik izan gabe. Gainera, ikusi zuten gantz-kantitatea txikiagoa zen bitartean gihar-kantitatea normala zela. Dieta aztertzerakoan, ikertzaileek ikusi zuten Alk gabeko saguek sagu normalek bezain beste jaten zutela eta beren hesteek sagu normalen hesteek bezala funtzionatzen zutela.

Gainera, Alk gabeko saguei loditzeko dieta bat eman bazitzaien ere, ez zuten pisurik irabazi; eta, lehen esan bezala, gantz-kantitatea baxua izan zen gihar-kantitatea normala zen bitartean. Zer gertatzen ari zen jakiteko, ikertzaileek saguen energia-gastua aztertu zuten eta ikusi zuten Alk gabeko saguek energia askoz gehiago gastatzen zutela eta, ondorioz, dietak eragindako obesitatearen aurrean babestuta zeudela.

3. irudia: ALK genearen aldaerek gantza metatzea galarazten egiten dute. (Argazkia: Shutterbug75 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Alk genea saguen zein ehunetan aktibo zegoen aztertu zutenean, ikusi zuten nerbio-sisteman aktibo zegoela, garuneko hipotalamoan batez ere. Hipotalamoko neuronek energia-gastua doitzeko gaitasuna dute gantza gordetzen den ehunak kontrolatzen dituztelako. Hortaz, badirudi Alk geneak garunaren eta gantz-ehunen arteko komunikazioan eragina duela, gantzen metabolismoa alda dezakeela eta, hortaz, pisuan eragin. Gizakiaren ALK genearekin gauza bera gertatzen dela pentsa daiteke, baina orain hori ikertu behar da.

Laburbilduz, badirudi ALK genearen aldaerek eragina dutela argal mantentzeko, jaten dena jaten dela. Hortaz, jaten duzuna zaintzen baduzu ere, edo ariketa fisikoa egiten baduzu ere, argaltzea lortzen ez baduzu, lasai hartu, ezin baituzu zure geneen aurka borrokatu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Orthofer, M., et al. (2020). Identification of ALK in thinness. Cell, 181 (6), 1246-1262.e22. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2020.04.034.

—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

—————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>