Leire Larizgoitia, fisikaria: “Egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Leire Larizgoitia Arkotxa neutrinoen fisikaria da, nahiz eta, fisika ikasten hasi zenean, ez zekien bazirenik ere neutrino izeneko partikulak. Gogora ekarri du, batxilergoko bigarren mailan, fisikako irakasle oso on bat izan zutela: “Teoria azaltzeaz gain, esperimentuak egiten zituen, eta oso ondo ulertzen zitzaion dena. Halako batean, fisika ikasi nahi nuela esan nion, eta fisikarien ibilbidea oso zaila zela erantzun zidan. Hala ere, sartu egin nintzen, eta bai, egia da zaila dela fisikaria eta ikertzailea izatea, baina benetan gustura nabil”.

Aitortu duenez, hirugarren mailan partikulen fisika ikasgaia zuten, eta orduan zaletu zen guztiz. “Hala, hirugarren mailan, CERNera joan nintzen udako praktikak egitera (Suitza), eta han konturatu nintzen hori zela nik egin nahi nuela: neutrinoak ikertu, modu esperimentalean”. Nazioartean erreferentziazko laborategia da CERN, eta, alde horretatik ere, sekulako esperientzia izan zen, Larizgoitiaren esanean: “Mundu osoko jendea zegoen, bakoitza bere kultura eta pentsaerarekin, eta denok ingelesez egiten genuen, baina denok ikasten genuen denongandik. Oso aberasgarria izan zen, eta ate asko ireki zizkidan”.

Leire Larizgoitia
Irudia: Leire Larizgoitia, fisikaria.

Gradua bukatu ondoren, DIPCra joan zen udako praktikak egitera (Donostia), neutrinoen taldean, eta bertan lanean hasi zen. Segidan, masterra egin zuen Valentzian, eta orain DIPCko neutrinoen taldera itzuli da, tesia egitera.

“Talde esperimentala gara; beraz, hainbat esperimentu ditugu. Haietako bat NEXT da, Canfrancen dagoen neutrino-detektagailuan, eta ni GanESS proiektuan ari naiz egiten tesia (Gaseous detectors for neutrino physics at the ESS). Gure helburua da neutrino-detektagailu bat eraikitzea DIPCn, gero Lundera (Suedia) bidaltzeko, ESS espalazio-zentrora”, azaldu du Larizgoitiak. Haren esanean, ederra da pentsatzea hemen garatutako detektagailu bat Europako beste puntara bidaliko dela, punta-puntako ikertzaileek erabil dezaten, neutrinoak ikertzeko.

Etengabeko ikasketa

Onartu du atzera-aurrera asko dituztela proiektuan, eta bidea ez dela zuzena: “Baina hori badakigu horrela dela, eta, gainera, ikasteko modua da. Azken finean, gu egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara”.

Bestalde, laborategiko giroa oso ona dela kontatu du. Beste arlo askotako jendearekin lan egiten dute: ingeniariak, enpresekin… “Esperimentazioan lan egiten dugunok hori dugu ona: ez dela bakarkako lana, beste diziplinetakoekin ere elkarlanean aritzen zarela”.

Bukatzeko, gogoratu du masterra ikasi zuenean neska bakarra zela, eta, bazterkeriarik sumatu ez badu ere, batzuetan faltan duela inguruan neska gehiago izatea. “Zorionez, gero eta gehiago gara, pixkana-pixkana. Eskertzen da”.

Fitxa biografikoa:

Leire Larizgoitia Arcotxa 1998an jaio zen, Gasteizen. EHUn ikasi zuen fisika, baina 4.maila Queen’s Unibertsitatean egin zuen (Kanada). Udako praktiketan, CERNen eta DIPCn izan zen. Masterra Valentzian egin, eta, orain, DIPCn dabil tesia egiten, neutrino-taldean. Bere tesi-zuzendariak (Francesc Monrabal) Europako diru laguntza bat jaso berri du (ERC-Sarting Grant) ‘GanESS’ izeneko proiektua aurrera eramateko.


Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.