“C.S.C. («Kondenatuetako bat»)” delako batek sinatutako gutun bat argitaratu zuten The Times egunkarian 1912ko martxoaren 30ean. Bi egun lehenago Almroth Edward Wright (1861-1947) bakteriologoak bidalitako beste gutun bati emandako erantzun ugarietako bat zen eskutitza.
Almroth Edward Wright ezaguna zen emakumeen sufragioaren aurka zegoelako. Ikertzaileak arrazoi «zientifikoetan» oinarritzen zuen bere baieztapena, eta gizonenen eta emakumeen burmuinak desberdinak zirela argudiatzen zuen. Haren ustez, andrazkoen garunak ez zeuden «antolatuta» gai sozialak eta publikoak lantzeko. 1913an gaiari buruzko liburu bat argitaratu zuen: The Unexurgated Case Against Woman Suffrage (Emakumearen sufragioaren aurkako auzia). Bertan, besteak beste, emakumeen garapen profesionalaren aurka ere agertzen zen.
Liburua argitaratu baino hilabete batzuk arinago, 1912ko martxoaren 28an, gutun luze bat bidali zuen The Times egunkarira. Idazkian zientzialariak argudiatzen zuen emakumeek politikatik erabat aldenduta egon behar zutela beren «gabezia» fisiologiko eta psikologikoengatik. Erantzun sutuak jaso zituen gutunak, merezi zuen bezala, eta horietako batek C.S.C. («Kondenatuetako bat») sinadura zeraman. Erantzun hau bereziki argia eta zorrotza zen eta honela zioen:
1912ko martxoaren 30a
The Times egunkariko editorearentzat
Jaun hori,
Sir Almroth Wrightek emakumeak ezagutzen dituen moduan ezagututa, emakumeei buruz idatzi dituen azalpen burutsu eta sakonak irakurri ondoren, badirudi kontua ez dela «emakumeek bozkatu beharko lukete?», baizik eta «ez al litzateke hobe emakumeak erabat akabatzea?». Hain txundituta geratu naiz Sir Almroth Wrighten zehaztasunarekin, haren esperientzia zientifiko eta pertsonal handian oinarrituta dagoena, emakumeei amaiera eman beharko litzaiekeela ondorioztatu dudala.
Zientzialariarengandik ikasten dugu emakumeak gaztetan ez daudela bere onean, noizean behin hipersentiberatasuna eta zentzugabekeria jasaten dutela, eta haien presentzia bakarrak gizonak gogaitzen eta haserretzen dituela, bizitzan zehar zein eguneroko zereginetan. Jarduera profesional bat hasten badute, beraien adimenaren zakartasunak lankide zitalak bihurtzen ditu gizonezkoentzat. Bizitzan zehar buru-nahaste larriak eta etengabeak izaten dituzte, eta, guztiz erotuta egon ez arren, horietako asko giltzaperatu behar izaten dituzte.
Hau horrela izanik, ez al litzateke izango mundua askoz hobea eta zoriontsuagoa emakumeak akabatuz? Hau dela eta, une honetan, begiratzen diegu zientzialari handiei. Benetan kasu desesperatu bat da? Emakumeek, zalantzarik gabe, baliagarritasunen bat izan behar zuten iraganean, bestela, nola jasan eta onar zitekeen orain arte tribu nazkagarri hori?
Baina, ziurta al dezakegu emakumeak ezinbestekoak izango direla etorkizunean? Emango al digu zientziak ziurtasunik, edo, behintzat esperantzarako arrazoirik? Esan ahal digu aurkikuntzarik handienaren atarian gaudela? Hau da, nola euts diezaiokegun gizonezkoen arraza bati baliabide zientifiko hutsak erabiliz?
Beraz, ez al dugu ikusten Sir Almroth Wrightek bere lorpen ugariak koroatuko dituela, gizadia hainbeste denboraz hondatu duen espezie bizkarroi, zoro eta immoralagandik libratuz?
Zure esanekoa,
C.S.C.
(“Kondenatuetako bat”)
Inizial horien atzean Clementine Spencer Churchill (1885-1977) ezkutatzen zen, Winston Churchillen emaztea (1874-1965), Erresuma Batuko lehen ministroa izango zena.
Benetan tamalgarria da Wright bezalako zientzialariek ideologia misoginoak adierazi izana ustezko egitate zientifikoetan oinarrituta. Seguru asko beste pertsona batzuk diskurtso horietan sostengua hartuko zuten, Wright bezalako defendatzaileen prestigioa kontuan hartuta.
Emakumeen sufragioa 1919an onartu zen Erresuma Batuan (Wrighten eskutitza argitaratu eta zazpi urtera). Espainian 1931n.
Iturriak:
- Futility Closet, A Modest Proposal. 2022ko otsailaren 22a.
- Letters of Note, Ought women not to be abolished altogether? 2012ko maiatzaren 14a.
Egileez:
Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
Gaur, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta aurten, “genero berdintasuna gaur, biharamun jasangarri baterako” lelopean ospatzen dugu. Izan ere, aniztasuna eta emakumeen presentzia berdinzalea erakusten duen zientziak egingo dio aurre klima-aldaketak dakarzkigun erronkei.
1 iruzkina
[…] Spencer Churchill ezkutatzen zen hitz horien atzean, Winston Churchillen emaztea. Zientzia Kaierako Clementine, «Kondenatuetako bat» artikuluan irakur daiteke emakume honek Wright-i emandako […]