Asteon zientzia begi-bistan #42

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

bonbilla argazkia Afp
Argazkia: Afp

12 urte beteko ditu udaberrian, Uzelai du izena eta zikoina da. Hegazti hau Euskal Herrian dugu, berriz etorri baita Urdaibai ingurura Foru herriko lurretan txitak haztera. Uzelai arra da, arrak ailegatzen dira lehenago padura ingurura. Uzelai hegazti berezia da, Busturialdean 2005-2008 bitartean Urdaibai Bird Centerrek burututako berreskurapen proiektuko hegaztietako bat delako eta, bizirik irauten duelako hainbat urteren ostean. Busturialdeako Hitzan: Urteroko bisita egitera datoz.

Sasoi honetan bisitan etortzen den beste laguntxo bat dugu, gripea. Hor izaten dugu, alboan, matraka ematen. Ba, Egoitz Etxebestek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian AEBtako Washington State Unibertsitateko ikertzaile batzuek gripea errazago sendatzeko zerbait aurkitu dutela. Lo gehiago eginez gripea errazago sendatzea eragiten duen garuneko proteina bat. Ikertzaileon ustetan gripearen kontrako medikamentu berriak sortzeko bide bat ireki dezake aurkikuntza honek. Datu gehiago “Gripeari aurre egiteko, lo eginarazten duen proteina bat aurkitu dute” artikuluan.

Ezaguna dugu gripea, desatsegina da baina aurre egiten diogu. Minbiziari aurre egiteko ere ikertzen dihardute. Esaterako. EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko ikertzaileek jarduera fisikoak minbizi gaixoengan duen eragina aztertu dute. Emaitzen arabera, gaixorik daudenen bizi-itxaropena luzatu, tratamenduaren nahi gabeko ondorioak gutxitu eta bigarren minbizia mota bat izateko aukera murriztu egiten du kirola egiteak. Baina nolako ariketak egin behar dituzte gaixoek? Ikerketaren harira, gaixoek egin behar dituzten ariketa berezien gida osatu dute ere ikertzaileek. Berrian kontatzen digu Arkaitz Almortzak: Kirolaren eskutik, minbiziari aurre.

Osasunak kezkatzen gaitu. Intereseko gaia dugu eta asteon medikuntza alorreko beste berri batekin ere egin dugu topo. Amaia Portugalek argaltzeko botika gisa potentzialtasuna duen fexaramina konposatuz osatutako pilularen berri ematen digu Zientzia Kaiera blogean. AEBtako Salk Institutuan sortu dute berau, eta aparteko emaitzak eman ditu saguekin eginiko esperimentuetan. Hartuz gero, pilulak gorputzari jatear dela pentsarazten dio, ziria sartuz, eta, ondorioz, digestioa egiteko prestatzen da eta kaloriak erretzen ditu gorputzak. Bitxia da gero, gorputzari iruzur egiten dion pilula.

Berrian, aldiz, Arantxa Iraolak, Concord-2 ikerketaren berri ematen digu. Honetan, 500 ikertzailek 67 herrialdetako minbizidun gaixoen datuak bildu dituzte, diagnostikatu ostean izandako eboluzioa aztertzeko. 25 milioi gaixoek bost urteren bueltan izandako bilakaera aztertu dute eta emaitzen arabera, tumoreak diagnostikatzeko eta tratatzeko herrialdez herrialde dauden «desberdintasunek» eragina dute gaixoen biziraupenean. Hau da, zenbat eta okerragoak izan osasun zerbitzuak, orduan eta zailagoa izaten da pazienteentzat minbizia gainditzea: Injustiziaren beste isla bat.

Klima-aldaketaren eragina eta ondorioak ikertzen dihardute ikertzaileek. Besteak beste, Londresko University Collegeko irakasleak diren Christophe McGladek eta Paul Ekinsek. Ikertzaileok Nature aldizkarian argitaratu dutenaren arabera, erregai fosilen mendekotasun itzela daukan munduko ekonomiak aldaketa handia egin beharko du klima-aldaketaren ondorio larriak eragotzi ahal izateko. Ahalegin horien artean bat nabarmendu dute, munduko CO2 isurketek ez dute 1.180.000 milioitik gora igaro beharko, 2050. urtera bitartean tenperaturak bi gradu gehiago igo ez dezan. Iñaki Petxarromanek azaltzen digu Berrian: Klima aldaketa, norabide aldaketa.

Aurrera begira badugu zeregina eta atzera begiratzen badugu lehen gizakiek egindakoarekin topo egingo dugu. Asteon jakitera eman dute gutxienez 18.000 urte dituzten margoak aurkitu dituztela Zestoan dagoen Danbolinzulo koban. Bertan, burdin oxidoz eginda dauden margoak irudiak aurkitu dituzte. Horien artean bost animalia irudiak izan daitezke eta batzuetan, esaterako, puntuzko trazatua antzeman daiteke. Berri honek hedapen zabala izan du:

Denbora neurtzeko gailua dugu erlojua. Eguzkiko erlojuak, digitalak, hareazkoak, atomikoak, ezin dugu ukatu, hainbat mota daude eta horien artean badago bat berezia: erloju biologikoa. Izan ere, hipotalamoan badugu denbora neurtzen duen mekanismo bat, arroz arau baten tamainakoa da eta 24 orduetan zehar aritzen da, ziklo zirkadiano deritzoguna egiten. Mariajo Morenok esaten digu Zientzia Kaieran guztiok garela holako erloju baten jabe eta honek argia/iluntasuna edo lo/esna bezalako txandekin moldatzen duela gure eguneroko jarduera intelektual eta fisiologikoa: Bateratu ditzagun erlojuak gure gorputz barruan eta gorputz kanpoan.

Jon Ander Galarragak konpostajearen sekretuak argitzen dizkigu Konpostazank! blogean, hauxe baitu ikerlerro. Asteon konpostaren kalitateari egin dio so. Araudiaren arabera hiru kategorietan banatzen da konposta, A, B edo C. Lehena da hoberena eta ekoizpen ekologikoan erabili daiteke. Kategoria bakoitzak ezin du metal astun kopuru zehatz bat gainditu kiloko. Esaterako, A motakoak ezingo luke 0,4 mg merkurio baino gehiago eduki. Metal astunak konpostean.

Agur esateko ordua ere ailegatu zaigu. Bagoaz hegan antzara indiarrak bezala, mendi errusiarraren erako ibilbideak eginez. Gora eta behera. Izan ere, Eider Cartonek gauza bitxi bat kontatu digu Elhuyar aldizkarian: antzara indiarrek ez diotela garaierari eusten ibilbidean zehar eta tontorretan gora eta haranetan behera, erliebeari itsatsita zeharkatzen dituztela Himalaia eta Tibeteko goi-lautada.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.