Ikerketa baten arabera, lo egiten den bitartean logelan argia egonez gero, bihotz abiadura eta glukosa mailak handitzen dira, zenbait gaitz garatzeko arriskua handituz.
Gizakiak aspaldi irabazi zion borroka gauari, eta hori, zalantza barik, izugarrizko abantaila izan da espeziearen eboluzioan. Argi artifizialari esker, izugarri handitu dira gizateriaren aukerak. Sabanaren erdian lehoi bat uxatzeko aukera izan lehen une horretatik gaueko ordu txikietan liburu bat irakurtzeko aukera izateraino, iluntasunaren erdian eguna pizteak argia eman dio gizateriari, bai zentzu literalean zein modu alegorikoan.
Ohi bezala, aho biko ezpata da hau, eta abantailak desabantailak baino askoz handiagoak izanda ere, bueltan dauden ondorioak ere ezagutu behar dira. Kasurako, O oráculo da noite liburuan Sidarta Ribeiro neurozientzialariak jasotakoa. Dioenez, argi artifizialaren hedaduraren ondorioz, 1910. urtean estatubatuarrek bederatzi ordu lo egiten zituzten batez bestean, baina 1975ean loaldiaren iraupena zazpi ordu eta erdira izatera pasa zen. Ernetasuna handitzeak, alabaina, ezinbestean prezio bat du bueltan.
Gutxiago lo egiteaz gain —horrek dakartzan ondorioekin—, arazoa are handiagoa da aintzat hartzen badugu lo gaudenean ere askotan argia ez dela guztiz desagertzen. Zientzialari talde batek horren ondorioak zeintzuk diren argitu nahi izan du, eta atera dituzten emaitzak arras esanguratsuak dira.
Logelan argi gutxi
Esperimentu batean, hogei lagun jarri dituzte lotan, lo laborategi batean, eta haien gaineko datuak eskuratu dituzte, zuzenean lo kalitatea neurtzeko zein odol analisia egiteko. Entzefalogramaz gain, zain barneko kateterra izan dute uneoro. Lehen gau batean, guztiek egin dute lo argi gutxiko gela baten —nahiko hitsa den 3 luxeko argiztapenarekin—. Bigarren gauean, berriz, hamarrek argi gutxiko loaldia errepikatu dute, eta beste hamarrek 100 luxeko argiztapena duen gela batean egon dira; hots, argi gehiagorekin lo egin dute. Esnatu direnean, glukosa eta intsulina mailak neurtu dizkiete guztiei.
PNAS aldizkarian argitaratutako ikerketa batean bildu dute esperimentu horretan ikasitakoa. Egileen esanetan, argiarekin lo egin dutenek osasun arazoak izateko joera gehiago izango dute.
“Ikerketa honen emaitzek erakusten dute logelan argiztapen moderatuarekiko esposizio gau bakar batek glukosari eta erregulazio kardiobaskularrari eragin diezaiekeela”, nabarmendu du prentsa ohar batean Northwesterngo Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Phyllis Zeek. Aldaketa horiek hainbat gaitz garatzeko arrisku faktore direla erantsi du, hala nola bihotzeko gaixotasunak, diabetesa eta sindrome metabolikoa. Horregatik, ohartarazi du, “garrantzitsua da lo egiten den bitartean argiarekiko esposizioa saihestea, edo hori ahalik eta txikiena izatea”.
Egunean zehar argiarekiko esposizioak bihotz maitasuna handitzen duela ezagutzen dute zientzialariek. Mekanismo hori nerbio sistema sinpatikoaren bitartez kudeatzen da. Baina zientzialariek jakin nahi izan dute ea efektu berdina sortzen ote den lo egoten dugun bitartean. Printzipioz, lo egitean sistema parasinpatikoa arduratzen da gorputza kontrolatzeaz.
Logelan tonu gorrietako argia hobe
Aurreko beste ikerketa batek loaldian argiarekiko esposizioaren eta gehiegizko pisuaren arteko lotura zegoela ikusi zuen, emakumeen artean bederen. Ikertzaileek diote oraingo ikerketa honetan aurkitu dutela horren zioa.
Ikusi dutenez, argi gehiagorekin lo egitean, intsulinarekiko erresistentzia handitzen da hurrengo goizean —30 minutu inguru irauten du efektuak—. Hori gertatzen denean, zelulek ez dute intsulina behar bezala jasotzen, eta, ondorioz, energia eskuratzeko behar duten glukosa erabiltzeko moduan ez daude. Diabetikoek eta haien senideek ondo dakitenez, halako egoeratan pankreasa saiatzen da egoera bideratzen intsulina gehiago sortzen. Alabaina, odolean dagoen glukosa maila handitu egiten da.
Prentsa oharrean aipatu ez badute ere, emaitzek ez dute erakutsi argiak loaldi zatikatuagoak bihurtzen dituenik, ezta loa arautzen duen melatonina hormonaren mailetan aparteko eragina duenik. Modu berdinean, zientzia artikuluan onartu dute ezin dutela erabat frogatu argiak sistema sinpatikoa aktibatzen duenik, baina “emaitzek aukera hori sustengatzeko indar gehiago” ematen dutela ziurtatu dute.
Hortaz, ikerketa lerro honek bide polita ireki du argiak loan duen efektuaz gehiago ikasteko, eta, batez ere, aintzat hartzeko horrelako ohiturek izan ahal duten efektua. Badaezpada ere, egileek gomendatu dute ahalik eta argi gutxienarekin lo egiteko, edota begien aurrean jartzen den banda horietako bat erabiltzeko; eta, argia behar izatekotan, urdin koloretik aldendu eta ahalik eta tonu gorrienetara jotzeko gomendatu dute, horien efektua burmuinean arinagoa delakoan.
Erreferentzia bibliografikoa
Mason, Ivy C. et al. (2022). Light exposure during sleep impairs cardiometabolic function. PNAS, 119 (12), e2113290119. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2113290119
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
4 iruzkinak
[…] Juanma Gallegok Zientzia Kaiera atarian. […]
[…] Sacks-ek (Londres 1933 – New York 2015) neurologiako irakasle eta aholkulari gisa lan egiten zuen idazten zuen aldi berean. Gizakiaren arazo psikikoez […]
[…] hobe da alarmak jotzen duenean esnatzea ala esnatzeko momentua atzeratzea? Kalterik eragiten al du loaren kalitatean alarma atzeratzeko aukerak? Ebidentzia zientifikoa urria den arren, tradizionalki, loaren […]
[…] hobe da alarmak jotzen duenean esnatzea ala esnatzeko momentua atzeratzea? Kalterik eragiten al du loaren kalitatean alarma atzeratzeko aukerak? Ebidentzia zientifikoa urria den arren, tradizionalki, loaren […]