A gripeari buruzko irakaspenak lau urte geroago

EHUko ikerketa

H1N1_virus_particles

UPV/EHUko tesi batek pandemia haren kudeaketari eta ondorioei ekin die ikuspuntu pediatrikotik

Udazkena bertan izanik eta gripe-aldaera baten mehatxupean egonik, egokia iruditu zaigu 2009ko A gripearen krisiaren kudeaketa aztertzen duen lan baten aurkezpena. Eider Oñate pediatrak H1N1 birusak Gipuzkoako haurrei aldi hartan nola eragin zien aztertu duen tesia defendatu berri du. Zer egin zen ondo, zer gaizki, ea osasun-zerbitzuek alarma sozialari jarraitu zioten eta ez irizpide klinikoak soilik zirenei, ospitaleratzeak erabakitzeko orduan. Oñate doktoreak pandemian zehar jasotako informazioa aztertu du, galdera horiei erantzuteko. Erantzun horiek baliagarriak izan daitezke etorkizunean horrelako egoera bati aurre egiteko.

“Osasun-agintarien alarma aurrekontu teorikoek justifikatzen zuten, baina, zorionez, pandemia ez zen espero bezain larria izan” gogoratzen du Eider Oñate pediatrak Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitatean, bere lantokian. Badaki zertaz ari den. Aurreneko su-lerroan egon zen 2009ko A gripearen krisian. “Hartu ziren neurriak ez hartzea barkaezina izango litzateke, eta zuhurtzia horrek eragingo lituzke saihets zitezkeen biktima asko”. Pandemiak Gipuzkoako haurrengan izan zuen eragina kuantifikatu nahi izan du Oñatek, bai pandemian bertan zein H1N1 birusa agertu eta barreiatu aurreko eta ondorengo garaietan ere. Emaitzak bere tesian jaso ditu: 2009ko pandemian zehar gripearen birusaren infekzioagatik Gipuzkoan ospitaleratutako haurren ezaugarri klinikoak eta epidemiologikoak: pandemiaren aurreko eta ondorengo garaiekiko konparazioa. Ikerketak berretsi du biztanle-tarte horretan (hasiera batean, arrisku-taldeetako bat) gripearen azpimota honen eragina urte-sasoiko gripearen antzekoa zela, nahiz eta haur helduagoei eta heldu gazteei eragin batez ere.

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) 2009ko ekainean “pandemia martxan zegoela” dekretatu zuen, eta A gripeaz infektatuta egon zitezkeela uste zen haur guztien kasuak sakon aztertzera behartzen zituzten protokoloak aktibatu ziren ospitaleetan. Ohiko egoeretan eskuratzen ez den informazioa jasotzeak aukera eman zuen lehenengo aldiz aztertzeko, osasun-sistema antolatu eta birus-diagnostikoa egiteko baliabideak dituen batean, birus berriak herritarrengan eta osasun-laguntzan zuen eragina eta haren jokaera klinikoa eta epidemiologikoa. Gainera, egoera hori ez zen errepikatzen 1968az geroztik, A gripearen birusaren andui berri bat agertu eta azken gripe-pandemia izan zenetik.

Alarma sozialaren ondorioak

Datu-azterketatik ateratzen den ondorioak adierazten du A gripeak batez ere koadro arinak eragin zituela, baita arrisku-taldeetako gaixoengan ere, eta heriotza-tasa, gripe ez-pandemikoan bezala, baxua izan zela eta uste baino txikiagoa. Horrez gain, azterketak azaldu du, pandemiaren aurreko eta ondorengo datuak konparatuz, larrialdi-zerbitzuetako kontsulta-kopurua eta ospitaleratzeak asko igo zirela. “Alarma sozialak zerikusi handia izan zuen”, onartzen du Oñatek. “Herritarren jarrera aldatzeaz gain, mediku pediatren ohiko jardun klinikoa aldatu zuen”. Hala, jarraitzen du Oñatek, adibidez, A gripea zuen haur asmatiko bat tratatzean beste modu batera jarduten zen, jardun klinikoan hainbeste oinarritu gabe. Normalean, asma eta gripe arrunta duen eta arnasa hartzeko inolako zailtasunik ez duen haur bat etxera bidaltzen da, baina pandemian ohikoena ospitaleratze prebentiboa izan zen.

Krisiaren tamaina erreala osasun-arlotik kanpoko faktoreek deformatu zuten ala ez kontuari buruzko polemikak alde batera utzita, Oñatek azpimarratzen du H1N1 A gripearen birusagatik XXI. mendean sortutako lehen pandemiaren ondorioz izandako esperientzia baliagarria izango dela hurrengo urteetan estrategia diagnostiko-terapeutiko berriak ezartzeko. Lehenbizikoa, alarmarekin ez itsutzea. Halaber, esperientzia berriaren aurrean berrikusi eta baloratu egin beharko litzateke antibiralak erabiltzeko estrategia, horien artean Oseltamivir ezaguna, zeina oso kasu gutxitan izan baita eraginkorra. Maila praktikoan, gripea detektatzeko bezain sentikorrak eta fidagarriak diren diagnostiko bizkorra egiteko metodoak eduki beharko genituzke, eta, hala, proba agresiboak saihestuko genituzke.

Historiak erakusten du lehenago edo geroago beste pandemia bat gertatuko dela. “Inork ez daki noiz gertatuko den berriro, baina orain prestatuago gaude” dio pediatrak, baina ohartarazi egiten du “Bai, 1918koa bezain birulentoa den beste bat gerta daiteke. Egoera horietan kutsatzea galarazi behar da eta barreiadura saihestu”. Pediatrak Asia seinalatzen du birusa sortzeko foku posible gisa, eta azpimarratzen du munduko zaintza-sarea garrantzitsua dela andui berrien agerpena garaiz detektatzeko. “Gripeari ez zaio beldurrik eduki behar, baina garrantzitsua da aholkatuz gero txertoa jartzea” esan du amaitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.