Betizu behi arrazaren karakterizazio genealogiko eta genomikoa

Argitalpenak · Dibulgazioa

Betizua desagertzeko arriskuan dagoen eta Euskal Herrikoa den, Europako azken behi basatietako bat da. Betizuak animalia iheskorrak dira, eta Euskal Herriko mendietan irauten dute oraindik ere, milaka urtez, modu basatian.

Populazio hori orografia malkartsura eta klimatologia hezera egokituta dago. Baserriko ekonomiaren giltzarria da, eta naturarekiko iraunkorra den abeltzaintza estentsiboa ahalbidetzen du. Gainera, eskualde horretako espezieen biodibertsitate zabalari eusten laguntzen dio. Hala ere, mende luzez mendi, baso eta zelaietan egon diren animalia horiek gutxitu egin dira, landa-biztanleria zahartzearen eta landa-ingurune sozioekonomiko tradizionala desagertzearen ondorioz. Horregatik, beharrezkoa da arrazaren egoera hain delikatua ezagutaraztea, gizarteak ondare horri balioa eman diezaion eta desagertu ez dadin eta landa-sektorearen ekonomia estentsiboan eta naturan txerta dadin.

Betizu
Irudia: betizua desagertzeko arriskuan dagoen eta Euskal Herrikoa den, Europako azken behi basatietako bat da. (Argazkia: domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Bestalde, betizua kontserbatzeko ahaleginetan aritu diren pertsonek ikertzen eta informazioa biltzen egindako lanari esker, gaur egun oinarri baliotsua dugu. Lan honen bidez, orain arteko genetikako ezagutza eguneratu, osatu eta zabaldu nahi da.

Betizu populazioaren azterketa genetikoaren aurrekari bakarrenetakoa, lan hau egin arte, Fernando Rendok bere doktorego-tesirako egindako ikerketa-lana da. Lan horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ardi-, behi- eta zaldi-arraza autoktonoen populazioen genetikari buruzko azterlana egin zuen. Betizu arrazarekin lortutako emaitzei dagokienez, arrazaren egitura genetikoa eta harreman filogenetikoak aztertu zituen, markatzaile mikrosateliteak erabiliz. Ikerketaren ondorioen arabera, betizu arrazak, 250 abelburu inguru izan arren, aldakortasun genetiko handia ageri zuen. Bestalde, piriniotar behi-arraza betizutik genetikoki hasieran espero baino urrutiago zegoela ikusi zuen. Azkenik, arrazaren gehiengoaren jatorria ia mestizajerik gabe iraun zuten talde gutxi batzuetan zegoen, eta, beraz, betizu arrazak odolkidetasun handia eduki behar zuela ondorioztatu zuen.

GRAL honetarako egin dugun azterketan, betizu indibiduoen lagin espezifiko baten bidez, azterketa genetikoa eguneratu da. Horretarako, genotipazio-txipek eskaintzen duten informazio molekular masiboa erabili da, populazioen genetika-azterketa ugari egiteko aukera ematen baitu. Horien artean, egitura genetikoaren eta taldeen arteko erlazioen azterketa zehatzagoa egiteko aukera ematen du, homozigosi-eskualdeak identifikatzeko eta aztertzeko (ROH – Runs of homocigosity), odolkidetasuna aztertzeko eta elkartze-azterketak egiteko genoma osoan (Genome-wide Association -GWAS-). Egitura genetikoa eta homozigosi-eskualdeak aztertzeko, genotipazioetako informazioa besterik ez da behar; elkartze eta hautespen genomikoko azterketek, berriz, informazio fenotipikoa duen datu-base bat ere behar dute, eta, beraz, ezin izan dira lan honetan aztertu.

Azterketa horren emaitzek informazio garrantzitsua ematen dute arrazaren kontserbazio-programan erabakiak hartzeko. Izan ere, beste informaziorik ez dagoenez, depresio endogamikoa agertzea saihestuko duten gurutzamenduak diseinatzea ahalbidetzen du.

Egindako lanari esker, Betizuen 3 talde nagusiekin bat egiten duten 3 jatorri daudela atzeman da. Bestalde, galtzeko zorian dagoen arraza dela kontuan izanik, arrazaren biziraupenerako oraindik arriskutsua ez den batez besteko odolkidetasun genomikoa zenbatestu da -gomendagarria izanik estalketen plana ezartzea-. Azkenik, informazio molekularrak genealogikoki ezezagunak ziren ahaidetasun-erlazioak argitzeko balio izan du, indibiduoen jatorria ziurtatzeko.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 42
  • Artikuluaren izena: Betizu behi arrazaren karakterizazio genealogiko eta genomikoa.
  • Laburpena: Ikerketa lan honen bidez, Euskal Herrikoa, hemengoa den eta galtzeko zorian dagoen betizu behi-arraza erdi basatiaren ezaguera handitu nahi izan da. AxiomTM Bovine Genotyping v3 genotipazio-txiparekin abereen lagin adierazgarri baten azterketa genetikoa egin da. Azterketa horren helburua behi-taldearen barruan egon zitezkeen azpipopulazioak atzematea eta taldean dagoen odolkidetasun-maila aztertzea izan da. Galtzeko zorian dagoen arraza den arren, odolkidetasuna ez da espero zen bezain handia izan: batez beste % 13,4. Gaur egungo betizuen abere-azienda birpopulatu duten animalia talde nagusiekin bat egiten duten hiru azpipopulazio aurkitu dira. Ahaidetasuna zehazteko, erlazio genomikoen matrizea kalkulatu da, eta informazio molekularrak genealogikoki ezezagunak diren ahaideak argitzeko duen gaitasuna egiaztatu da. Azterketa horren emaitzek informazio garrantzitsua eman dute arraza kontserbatzeko programan erabakiak hartzeko; izan ere, depresio endogamikoa agertzea saihesten duten gurutzamenduak diseinatzeko aukera eman dezake, informazio genealogikoa ez dagoen egoera batean.
  • Egileak: Asier Alvite Arregui, Juan Altarriba Farrán, Luís Varona Aguado
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 127-138
  • DOI: 10.1387/ekaia.22701

Egileez:

Asier Alvite Arregui Lurgintza Nekazal Kooperatibako ikertzailea da.

Juan Altarriba Farrán eta Luís Varona Aguado Zaragoza Unibertsitateko Albaitaritza Fakultateko Genetika saila eta Anatomia, Enbriologia eta Animalien Genetika saileko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.