Wikipediarekin has gaitezke: bendaje neuromuskularra edo kinesiotaping delakoa kotoizko zinta batzuk dira eta itsasgarri akrilikoa dute. Askotariko kolore deigarriak dituzte (gorria, horia, urdina, beltza, beixa eta abar) eta atleten lesioak edo bestelako arazo fisikoak tratatzeko erabiltzen dira. Profesionalek gerrialdean, sorbaldetan, belaunetan, lepoan edo bizkarrean jarri ohi dituzte.
Joseph Kompek asmatu zituen (Bowling Green, Kentucky); patentearen izena “Adhesive Tape Products” da eta 1970eko abuztuaren 11koa da. Teknika hori 1970eko hamarkadan erabili zuten Japonian hainbat ortopedia espezialistek, eta kiropraxian eta akupunturan ere erabiltzen zen. Aurrerago, japoniar atleten eta olinpikoen artean arrakasta izan zuen. Kenzo Kase japoniar kiropraktikoak zabaldu zuen horien erabilera, eta Pekingo 2008ko Olinpiar Jokoetan 58 herrialdetako atletek dohaintzan jaso eta bendak erabili ondoren, jende asko ere horiek erabiltzen hasi zen.
Bendak finak, elastikoak eta kotoizkoak dira. Beren luzeraren % 130 eta % 140 artean tenkatu daitezke. Benda gehiegizko gihar tenkaketa duen paziente bati jartzen zaionean, benda bera ere tenkatu egiten da eta jatorrizko luzerara itzultzeko kontrako indarra egiten du. Erreakzio horrek jatorrizko egoera bueltatzen laguntzen dio giharrari. Elastikotasun horri esker gihar mugimenduak handiagoak izan daitezke, berreskuratzeari laguntzen baitiete. Gainera, bendek denbora luzez funtzionatzen dute eta benda berriak jartzea atzeratu daiteke.
Itsasgarri akriliko bat dute; horrek eusteari laguntzen dio eta beroarekin lurrundu egiten da. Azkar lehortzen dira eta lau egunera arte erabil daitezke. Eskaintzen dituzten onurak dira gihar mugimendua erraztea, giharretako nekea gutxitzea, giharretako mina kentzea, mina inhibitzea eta hantura edo edema murriztea eta odol fluxuari laguntzea. Zinten eraginkortasuna kolorearekin lotzen da gainera; izan ere, zinten kolorearen arabera eta tenperaturak gora egin ahala, argi gehiago edo gutxiago xurgatzen dute. Adibidez, giharretako lesio kronikoetarako egokienak zinta gorriak dira; argi gehiago xurgatzen dute, tenperatura gehiago hartzen dute eta lesionatutako giharrari bero handiagoa ematen diote.
Nahiz eta atletek eta kirol profesionalek asko erabiltzen dituzten, kinesiotapingak ez du bere eraginkortasuna frogatu entsegu klinikoak egin dituztenean argitalpen zientifikoetan onartzen den metodologia aplikatuta eta beste zientzialari batzuek berrikusteko ohiko sistema jarraitu denean. Lara Tardónek El Mundo egunkarian hauxe baieztatu zuen: “Diotenaren kontra, kinesio tape delakoek ez dute giharren funtzioa hobetzen eta ez dute oneratzea errazten, eta ez dituzte lesioak prebenitzen, ezta tratatzen ere. Adituek ez dute zalantzarik: ez dago ebidentzia zientifikorik publizitate abantaila horiek frogatzen dituenik”. Beharbada nolabaiteko eraginkortasuna dute, baina oraingoz ez da frogatu horrelakorik ez praktika klinikoan ez zientifikoan.
97 azterlanetatik metodologia egokia zuten 10 hartu zituzten eta horien metaanalisi bat egin zen, eta azterlan horren arabera, minaren arintzea oso baxua da eta artikulu batean ere ez dute aurkitu garrantzi klinikorik duen emaitzarik, Sean Williamsek eta Aucklandeko Unibertsitate Teknologikoko (Zeelanda Berria) bere kideek ondorioztatu zutenaren arabera. Bendaje horrek onura txiki bat izan dezake indarra eta zenbait lesio taldetan mugimendu tartea hobetzeko, eta beste zinta batzuekin alderatuta hobeak izan daitezke indarraren detekzio errorean, baina aurkikuntza horiek baieztatzeko azterlan gehiago egin behar dira. Kasuei buruzko hainbat berri daude eta babesa anekdotikoa da nolabait, eta horregatik bermatu behar da ongi diseinatutako ikerketa esperimentala egingo dela, bereziki kirol lesioekin lotuta, horrela ziurtatzeko atletentzako teknika onuragarria dela.
Rafael Muñoz Lópezen Kordobako Reina Sofía Unibertsitate Ospitaleko taldeak artikulu bat idatzi zuen, eta bertan kinesiotaping benden funtzioa eta erabilera berrikusi zituzten. 2016ra arte sorbaldetako, ukondoetako, bizkarraldeko, lepoko, oinetako, orkatiletako eta belaunetako lesioak artatzeko argitaratu ziren azterlanak analizatu eta gero, autoreek ondorioztatu zuten kinesiotaping teknika oso ospetsua dela komunikabideetan, eta eliteko kirolariei zuzendutako inbertsio oso handia egin dela marketinean beraien erabilera bultzatzeko. Baina argitaratutako azterlanek ez dute egiaztatzen zintak erabiltzearen ondorioz onura argirik dagoenik, eta haien erabilera zalantzan jartzekoa litzateke.
Aipatu beharreko beste azterlan bat Mark Thelenek eta Armadaren Winn Komunitate Ospitaleko (Fort Douglas, Georgia) kideek sinatutakoa da. Sorbaldako tendinitisa diagnostikatuta zuten 42 paziente aztertu zituzten eta bi taldetan banatu zituzten: batzuek bendaje neuromuskularra erabili zituen eta beste batzuek bendaje simulatua. Guztira boluntario bakoitzak bendak hiru eguneko bi tartetan erabili zituen eta elkarrizketak egin zitzaizkien sorbaldako minari eta desgaitasunean nabaritutako aldaketei buruz. Emaitzen arabera, boluntarioen mina edo desgaitasun sentsazioa ez ziren gutxitu.
2009an Candasko Fisioterapia Integraleko Zentroko (Asturias) Javier González Iglesiasen taldeak 41 boluntarioekin egindako azterlana argitaratu zuen. 21 emakumeak ziren eta lepoko zartakoaren ondoriozko lepoko mina zuten. Bi talde sortu zituzten: batzuei benda neuromuskularrak jarri zitzaizkien eta besteei bendaje simulatua. Minaren datuak (1etik 11ra arteko eskala batean) eta lepoaren mugimenduaren datuak jaso zituzten proba hasi aurretik, bendak jarri eta berehala eta 24 ordu geroago.
Boluntarioek estatistiketan nabarmentzekoak ziren hobekuntzak izan zituzten benda jarri eta berehala eta 24 orduko jarraipenean. Hala ere, gutxi arindu zen mina eta gutxi handitu zen mugimendu zerbikalaren tartea, eta ez dira klinikoki esanguratsuak.
Hara! Kinesiotapingaren koloreak ez du efekturik
Interesgarria da benden koloreek aurretik aipatu ditudan gihar lesioak arintzeko duten eraginkortasun ezberdinarekin lotutako azterlanen emaitza batzuk errepasatzea. Ashcan Çaglarrek eta Ankarako Baskent Unibertsitateko (Turkia) bere taldeak sorbaldako trapezio giharrean lesioak diagnostikatuta dituzten 50 emakumerekin probak egin zituzten. Pazienteek 20,8 urte zituzten batez beste. Bost kolore hauetako bendak jarri zizkieten: gorria, urdina, beltza, beixa eta zuria. Eta pazienteei galdetu zitzaien nola sentitzen ziren kolore ezberdinetako zintak jantzita izan eta gero. Eskala hauxe zen: berorik ez, epela, hotza, bizia, freskoa…
Adibidez, zinta gorriarekin % 30ek ez zuten aldaketarik sentitu eta % 26k epeltasuna sentitu zuten; urdinarekin % 32k epeltasuna sentitu zuten eta % 24k ezer ez; beltzarekin % 24k ezer ez eta % 22k epeltasuna; beixarekin % 26k epeltasuna eta % 20k ezer ez; eta zuriarekin % 34k epeltasuna eta % 20k ezer ez. Laburbilduz, koloreak ez ditu modu esanguratsuan aldatzen pazienteen pertzepzioak. Beharbada, gehienez ere bendaren koloreen pertzepzio ezberdinek nolabaiteko plazebo efektua sor dezakete.
Rocco Cavalerik eta Sydney Mendebaldeko Unibertsitateko (Australia) bere kideek bendaren koloreari buruz egin duten ikerketan antzeko emaitzak jaso zituzten. 32 paziente osasuntsuk parte hartu zuten; 16 emakumeak ziren eta batez besteko adina 24 urtekoa zen. Ausaz bost talde sortu zituzten: lehen taldea kontrolekoa zen eta ez zizkieten kinesiotaping bendak jarri izterrean, belaunetik aldakara; beste lau taldetako kideei benda beixak jarri zitzaizkien tentsioarekin eta tentsiorik gabe, eta benda gorriak eta urdinak tentsioarekin.
Emaitzen arabera, bendak ez du inpaktu onuragarririk hankaren funtzioan edo belaunaren indarrean. Eta bendaren koloreak ez du eragiten boluntarioen errendimendu atletikoan ere.
Bukatzeko, interesgarria da jakitea Ameriketako Estatu Batuetako osasun profesionalek zer uste duten kinesiotapingaren erabilerari buruz. Scott Cheathamek eta Dominguez Hills Kaliforniako Estatu Unibertsitateko bere kideek 30 galderako inkesta bat egin zuten eta posta elektroniko bidez inkestak bidali zizkieten Atletismoko Entrenatzaileen Elkarte Nazionaleko, Fisioterapia Ortopedikoko Akademiako eta Kirol Fisioterapiako Akademiako 51.000 profesionali. 1.083k erantzun zuten.
Gehienek, % 74k, benda neuromuskularrak erabiltzen zituzten lesio baten ondorengo tratamenduetan eta mina kontrolatzeko % 67k erabiltzen zituzten. % 77k uste zuten zintekin azalean estimuluak hobeto hautematen zirela, eta % 69k esan zuten zirkulazio lokala suspertzen zela. Hala ere, % 40k uste zuten efektu plazeboa sortzen zutela bakarrik, eta, horregatik, % 58k minak arintzeko terapia gisa erabiltzen dituzte. Profesionalen % 60k adierazi zuten bi eta hiru egun artean erabiltzen direla, baina % 81ek esan zuten gehienez ere bi eta bost egun artean erabiltzen direla.
Eta ikusi dugun bezala, % 70ek benda beltza nahiago dute, eta % 66k, beixa.
Ikertzaileek ondorioztatu zuten osasun profesionalek bendak plazebo gisa erabiltzen dituztela inkestari erantzun ziotenen % 60an ia-ia. Profesionalek uste dute hainbat efektu terapeutiko positibo sortzen dituztela erabiltzaileentzat, baina onurak nola eragiten dituzten ez dakitela ondo. Azterketen emaitzak kontraesankorrak dira, eta bi arazo nagusi hauengatik izan daiteke hori: zinten ekoizpena eta mota, eta proba eta azterketa metodoen aldagaiak.
Emaitzak direla-eta interesgarria da hau: Yu Qinek eta Lanzhouko Unibertsitateko (Txina) bere kideek 2011tik 2020ra kinesiotapingaren inguruan egin ziren argitalpenei buruz egin zuten berrikusketa. Guztira 677 artikulu aurkitu zituzten, gehienak Turkian argitaratutakoak ziren, zehazki Ankarako Hacettepe Unibertsitatean, eta testu gehien idatzi zituena Gul Baltaci izan zen, Ankarako Güven ospitalekoa. Argitalpenen kopuruak goranzko joera bat erakusten du.
Erreferentzia bibliografikoak:
Çaglar, A. et al. (2016). Are the kinesio tape colors effective for patient perception? A randomized single blind trial. Journal of Exercise Therapy and Rehabilitation, 3, 96-101. Dergipark.org.tr/en/pub/jetr/issue/41759/504138
Cavaleri, R. et al. (2018). The influence of kinesiology tape colour on performance and corticomotor activity in healthy adults: a randomized crossover controlled trial. BMC Sports Science, Medicine and Rehabilitation 10: 17. DOI: 10.1186/s13102-018-0106-4
Cheatham, S.W. et al. (2021). Kinesiology tape: A descriptive survey of healthcare professionals in the United States. International Journal of Sports Physical Therapy, 16, 778-796. DOI: 10.26603/001c.22136
González-Iglesias, J. et al. (2009). Short-term effects of cervical kinesio taping on pain and cervical range of motion in patients with acute whiplash injury: A randomized clinical trial. Journal of Orthopaedic & Sports Physical Therapy 39: 515-521. DOI: 10.2519/jospt.2009.3072
Muñoz López, R. et al. (2016). Kinesiotaping. Evidencia actual. Revista de la Sociedad Andaluza de Traumatología y Ortopedia, 33, 23-29.
Qin, T. et al. (2022). Research hotspots and trends of kinesio taping from 2011 to 2020: a bibliometric analysis. Environmental Science and Pollution Research. DOI: 10.1007/s11356-022-22300-9
Thelen, M.D. et al. (2008). The clinical efficacy of kinesio tape for shoulder pain: A randomized, double-blinded, clinical trial. Journal of Orthopaedic & Sports Physical Therapy, 38, 389-395. DOI: 10.2519/jospt.2008.2791
Williams, S. et al. (2012). Kinesiotaping in treatment and prevention of sports injuries. Sports Medicine, 42, 153-164. DOI: 10.2165/11594960-000000000-00000
Bestelako iturriak:
Tardón, L. (2018). Sin rastro científico que avale el “kinesiotaping”. El Mundo 7 agosto.
Wikipedia. (2021). Vendaje neuromuscular. 14 agosto.
Wikipedia. (2022). Elastic therapeutic tape. 24 September.
Egileaz:
Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
1 iruzkina
[…] Bendaje neuromuskularra edo kinesiotaping delakoa kotoizko zinta batzuk dira, itsasgarri akrilikoa dutenak, eta atleten lesioak edo bestelako arazo fisikoak tratatzeko erabiltzen dira. Benda hauek gehiegizko gihar tenkaketa sendatzeko erabiltzen dira. Izan ere, benda bera, azalari itsatsi aurretik, tenkatu egiten […]