Jone Iraeta Orbegozo, ingurumen-psikologoa: “Ingurumenean dugun eragina eta ingurumenak gugan duena ulertzeko”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Jone Iraeta Orbegozok lehen hitzetik aitortu du jendeak aurpegi arraroarekin begiratzen diola, ingurumen-psikologoa dela esaten duenean. Hori dela eta, ingurumen-psikologoen zeregina zertan datzan argitu du, hasteko: “Pertsonek beren ingurune fisikoarekin duten harremana aztertzen dugu”. Diziplinartekoa dela nabarmendu du, eta lagungarria dela ingurumenean dugun eragina eta ingurumenak gure pentsamendu, sentimendu eta jokaeretan duen eragina ulertzeko. “Gizartearen ongizatea lortu nahi da, eta hau ezinezkoa da inguratzen gaituena kontuan izan gabe”, adierazi du Iraetak.

Ingurumen-psikologiara iristeko bideak etxean du abiapuntua: gurasoak biologoak ditu. “Zer ikasi aukeratzeko garaia iritsi zenean, zaila egin zitzaidan, mila interes nituelako. Baina psikologia beti iruditu izan zait nahiko diziplinartekoa dela, eta horregatik aukeratu nuen azkenean: ezin nuen erabaki zientziak ala letrak, dena gustatzen zaidalako, eta psikologiak biak barneratzen ditu. Beti geratu nintzen, hala ere, biologia ikasteko gogo horrekin. Dena den, psikologiak nire aurreikuspenak bete zituen”, azaldu du Iraetak.

Jone Iraeta
Irudia: Jone Iraeta Orbegozo, ingurumen-psikologoa. (Argazkia: Elhuyar)

Psikologia klinikoa egiteko asmoa zuen, baina, hirugarren urtean, Txilera joan zen, eta, dioenez, orduan bide “pixka bat alternatiboa” hartu zuen. “Txileko Unibertsitatean asko lantzen dute psikologia soziala, komunitarioa, batez ere. Eta asko gustatu zitzaidan. Kasualitatez, bidaiatzen ari nintzela, ingurumen-psikologo bat ezagutu nuen. Ordura arte, ez nekien ezer horri buruz. Hark bere proiektuak kontatu zizkidan, eta orduan ikusi nuen hainbeste interesatzen zaizkidan arloak ez daudela hain urruti. Izan ere, klima-larrialdira egokitzeko prozesuetan dabil lanean, komunitateekin; baita energia-kontuetan ere Alemanian”.

Pentsatzeko denbora bat hartu ondoren, master bila hasi zen. Europan, ingurumen-psikologia Herbehereetan baino ez dago, eta oso zaila da han sartzea. Baina Sevillan beste bat aurkitu zuen, diziplinartekoa, eta hura egitea erabaki zuen. Zientzia sozialak ingurumenera aplikatuta izena du masterrak, eta, Iraetaren esanean, benetan da diziplinartekoa: “Han batzen dira ingurumen-arlotik datozenak, adibidez, biologia, ingeniaritza eta horrelakoak egin dituztenak, eta antropologia eta soziologia eta halakoetatik datozenak. Bueno, psikologiatik, ni nintzen bakarra. Baina master horrek duen gauza politenetako bat hori da; alor desberdinetako jendea elkartzen dituela”.

Kolonbiatik hona, eta edonora joateko prest

Masterrean konturatu zen hori zela bere bidea. Jarraian, Global Training bekari esker Kolonbian egon da, 8 hilabete, aholkularitza sozial batean. Haren esanean, Kolonbian ikuspegi askoz ere zeharkakoagoa dute lana egiteko; “hau da, taldeak beti dira diziplinartekoak, eta ingurumeneko proiektuetan beti hartzen dute aintzat alderdi soziala, eta alderantziz. Ikasteko sekulako aukera izan da”.

Iraeta proiektuen koordinazioan aritu da. Adibidetzat, hasi berria zuten proiektu baten gaia aipatu du: erauzketa egitasmoen eta energia berriztagarrietan oinarritutakoen finantzen gardentasuna. Zehaztu du hori dena egitasmoak kokatzen diren lurraldeetako jendearekin batera egiten dela, ikusiz haientzat zer datu diren interesgarrienak, formakuntza emanez datuak erabiltzen jakin dezaten, datuen eskuragarritasunaren balorazioa… Prozesu guztia lurraldeko talde ezberdinen partaidetzari esker gauzatzen da.

Kolonbiatik hona etorrita, Iraetak uste dut ate bat irekitzen ari dela hemen ere horrela lantzeko proiektuak, eta gero eta ohikoagoa izango dela. Esaterako, orain arte, klimari lotutako ikerketetan, zientzia gogorretakoak ari ziren ikertzen, eta orain gero eta gehiago dira gizarte zientzietakoak. “Dagoeneko, hasi dira beste kontzeptu batzuk aipatzen; justizia klimatikoa, pobrezia energetikoa eta halakoak“.

Hala ere, bide hori oraindik hastapenetan dagoenez, lana aurkitzea zaila dela esan du. “Lan-deialdi gutxi daude, eta esperientzia dutenak hartzen dituzte”. Gaztea izatea, beraz, muga bat izaten ari da; ez, ordea, emakumea izatea. “Orain arte ez dut diskriminaziorik sentitu generoagatik, eta gero ere ez dut uste arazorik izango dudanik, horrelako lanetan emakume asko aritzen baitira, eta ondo hartuak dira”.

Momentuz Euskal Herrian bilatzen ari da, baina, urrunago zerbait sortzen bazaio, irekita dago edonora joateko: “Proiektu interesgarriak daude edozein lekutan, eta, profesionalki ez ezik, pertsonalki ere oso aberasgarria da atzerrira joatea”.

Fitxa biografikoa:

Jone Iraeta Orbegozo Ikaztegietan jaioa da, 1997an. Psikologian gradua lortu ondoren (EHU, 2019), Ingurumenean Aplikaturiko Gizarte-zientziak masterra egin zuen (UPO, Sevilla, 2021). Jarraian, Global Training bitartez, praktikak egin ditu ingurumen-arloan eta alor sozialean jarduten duen aholkularitza enpresa batean (Bogota, 2022).


Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.