Asteon zientzia begi-bistan #51

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

udaberria zientzia begi-bistan #51Udaberria hasi berria dugu, nahiz eta eguraldiak ez digu gehiegi erakusten negua atzean gelditu dela. Udaberria eguzki-eklipse batekin ailegatu zitzaigun martxoaren 20an. Baina Euskal Herrian zerua estaltzen zuten lainoek ez digute fenomeno hau ikusten utzi. Eklipsea jarraitzeko Bilboko Alondegian, Donostiako Eureka Museoan edota Iruñeko Pamplonetarioan saioak antolatu zituzten. Pamplonetarioa jendez lepo zegoela kontatu digu Edurne Elizondo kazetariak Berrian, eta hauek aukera izan zutela hainbat gauza ikasteko Fernando Jauregi astrofisikari esker: Laino arteko astrofisika lezioa.

Eklipsea aurresateko astronomoek astrometriaz baliatzen dira, planeten eta izarren kokapen lanetan oinarrituta dago eta eklipseak, ozar-izarrak edota kometen agerpenak aurresateko balio du. Honako fenomenoak ez dira astronomoek aztertzen dituzten bakarrak, izan ere astronomia modernoa arlo askotan zati daiteke, zientzialari bakoitzak fenomeno eta objektu jakin batzuetan jartzen baitu arreta. Adibidez, astronomo galaktikoek gure galaxia, hau da Esne Bidea, dute ikergai. Eguzki-astronomoek, izar bakar bat aztertzen dute: gure eguzkia. Astronomo planetarioek planeten sorkuntza, hazkuntza, eta heriotza aztertzen dute eta kosmologoek Unibertsoa bere osotasunean ikertzen dute. EHUko Zientzia Planetarioen taldeko Naiara Barradok eta Itziar Garatek azaldu digute guztiau Zientzia Kaieran: Zer da astronomia? Eta zer astrofisika?

Astronomo planetarioek eta kosmologoek exoplaneten ezaugarriak aztertzen ari dira aspaldi honetan. Gure eguzki sistematik at dauden planeta hauetariko lehena 1992. urtean aurkitu zuten eta 2014ko amaieran 4.000 zeuden antzemanda eta 977 baieztatuta. Astronomoek planeta hauen karakterizazioa izaten dute helburu, nolakoak diren ezagutzeko. Karakterizazioari esker baieztatu dute badaudela gure Lurrarekin antzekotasun handia dituztenak. Esaterako, Kepler-296e eta Kepler-395c exoplanetak. Hauei erreparatuz, Donostiako San Ignazio Ikastetxeko ikaslea den Pilar Fariasek galdetzen digu Galtzadaberri blogean: Ba al daude gu bizitzeko egokiak diren planetak?

Egun, Lurra da gizakiok bizitzeko egokia den planeta bakarra. Etxea dugun honetan, aldiz, aspaldi ari gara aztarnak uzten. Amaia Portugalek azaldu digu Zientzia Kaieran Libian dagoen Messak Settafet eremua dela giza jarduerak paisaian utzitako arrastoen adibiderik goiztiarrena. Cambridge Unibertsitateko ikertzaile batzuek bildutako laginen arabera, hominidoek egindako 75 tresna daude bertan, batez beste, metro karratuko. Dirudienez, Pleistozenoan bertan bizi izan ziren hominidoek landu zituzten harri pusketaz josita dago hango lurrazala. Bera da gure arbasoen lehen harrobia.

Egoitz Etxebestek munduko beste paraje batera eraman gaitu, Amazoniara. Elhuyar aldizkarian esaten digu Amazoniako biomasa-dinamikaren eboluzioa aztertu duela nazioarteko ikertzaile-talde batek, ikerketatik ateratako ondorioetako bat da, azken hamarkadan metatu den biomasa aurreko hamarkadan baino heren bat gutxiago izan dela. Ikusi dutenez karbono-metaketak behera egin du eta ikertzaileek azpimarratu dute, atmosferako CO2-aren mailan eragin lezakeela honek.

Asier Iturrate ikasle gazteak, bioteknologia zer den eta honen aplikazioen adibideak ekarri dizkigu Galtzadaberri blogean. Bioteknologia, zientziaren eta ingeniaritzaren printzipioen aplikazioa omen da, materia batzuk eragile biologikoen bidez aldatzeko prozesuetan, ondasunak eta zerbitzuak lortzeko. Aplikazioen artean, zelulen hazkuntza, bi organismoren informazio genetikoak nahasterakoan eratzen den DNA edota klonazioaren nondik norakoak kontatu dizkigu: Bioteknologia.

Teknologiari erreparatu dio asteon Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian, 3D inprimagailuei hain zuzen. Inprimagailu hauek abantaila asko dituzte baina mugak ere, horien artean dago denbora asko behar dutela diseinu bat ekoizteko. Arazo hau nola konpondu aztertu dute Silicon Valley eta Ipar Carolinako Unibertsitako ikertzaileek eta ondorioz, interfaze likidoan oinarritutako 3D inprimagailua garatu dute. Honek, minututan lortzen du ekoiztea diseinu bat.

Jon Andoni Duñabeitia psikologo kognitiboak elebitasuna eta eleaniztasuna ikertzen ditu BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language gunean. Hiztegi proba jokoa sortu eta abiatu berri du. Internet bidez eta minutu gutxitan edonork proba dezake noraino ezagutzen duen euskarazko hiztegia. Besteak beste, bi helburu nagusi lortzeko abiatu dute jokoa: lexikoari dagokionez, pertsona normal batek duen euskara maila ezagutzea; bestalde, ikasteko zailenak diren hitzak identifikatzea. Xehetasun guztiak Edu Lartzangurenek jaso ditu Berrian: Adinekoak hiztegi hankadunak dira.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.