Duela bi milurteko porlanean kaltzita pikorrak aurkitu ditu ikertzaile talde batek, eta horri esker hormigoia bere kabuz konpontzeko gai dela ziurtatu dute.
Gaur egun egiten diren gauzak ez dira lehen egiten zirenen modukoak. Ohiko solasaldi gaia da Gabon egunetako otorduetan, koinatuak joan den urtean jasotako opari horren inguruan hitz egiten dizunean. Eta egia da sentsazio hori luze eta zabal hedatuta dagoela. Ekoizpena azkartu beharra dago ezinbestean, prezioa ahalik eta gehien murriztuta, merkaturatutako azken produktuei kontsumoaren dantzalekuaren ateak itxi ez diezazkieten.
Ez gaude soilik etxetresna elektrikoen inguruan hitz egiten ari. Askotan gauza zaharragoetan ere gertatzen da. Horren adibide bikaina da erromatarrek erabilitako hormigoia. Hauek zoratuta zeudela irakatsi ziguten Asterixek eta Obelixek, baina ezkutatu ziguten ingeniari zoroak zirela. Duela bi milurteko pasa diren arren, erromatarrek egindako egitura ugari ederki asko mantendu dira, beste eraikuntza batzuk egiteko birziklatu ez direnean behintzat. Eta gakoetako bat erabilitako hormigoian datza.
Urte luzez zientzialariek uste izan dute hormigoian sartutako sumendi errauts berezi bat –puzolana deritzona— izan zela erromatar hormigoia horrenbeste urtez txukun mantendu izanaren arrazoi nagusienetakoa. Baina orain zientzialari talde batek proposatu du beste faktore garrantzitsu bat tartean egon daitekeela.
Gure garaian hormigoia egiteko erabiltzen den zementua Portland motakoa da, buztina eta kareharria tenperatura altuetan nahasten dituena. Erromako porlanaren kasuan, karea eta puzolana izeneko errauts hori erabiltzen zituzten.
Baina, horrez gain, erromatarren porlan horretan karezko egitura ñimiño batzuk agertzen dira. Orain arte uste izan da pikor txiki hauek —milimetrikoak dira— txukuntasun askorik gabe egindako nahasketen edo material eskasen ondorio zirela. Baina nazioarteko zientzialari talde batentzat hau ez zen oso logikoa. “Erromatarrek ardura asko jartzen zuten eraikuntza material bikaina egiteko, eta mende askotan zehar findutako errezetak jarraitu zituzten. Hortaz, zergatik jarri behar zuten ba ardura gutxiago ondo nahasitako azken produktua egiterakoan?”, argudiatu du Admir Masic ikertzaileak prentsa ohar batean
Hortaz, Privernum (Italia) hiriko harresi batean aurkitutako hormigoiaren analisia egin dute, hormigoi hori lur idorrean egindako egituren adierazle baita. Modu berean, laborategian hormigoi propioa egiten saiatu dira. Funtsean, zientzialariek arkeologia esperimentala egin dute, erromatar erara egindako hormigoia sortuz, eta ondoren bere ezaugarriak erromatarren hormigoiarekin alderatu dituzte.
Science Advances aldizkarian azaldu dutenez, konturatu dira erromatarrek ez zutela hormigoia egiten orain arte uste zen moduan. Izan ere, adituek suposatutzat ematen zuten ura eta karea nahasten zituztela hasieran, eta ondoren sortutako pasta hori erabiltzen zutela hormigoia egiteko. Baina, zientzialari hauek diotenez, modu horretan ezinezkoa zen halako kaltzita egitura txiki horiek sortzea, ez bazen bederen aurrean aipatutako lardaskeria horren ondorioz. Baina karea urarekin bota beharrean zuzenean kare bizia botaz gero, duela bi milurteko hormigoian atzemandako kaltzio karbonato pikor horiek sortzen direla ikusi dute.
Hori oso garrantzitsua da materiala indartu aldera, arrakala edo poro txikiak sortzen direnean, urarekin batera, kaltzio karbonatu hori lixibatu egiten delako, berriro kristalizatuz eta hutsune horiek betez. Kaltzita horrek sumendi errautsarekin izandako erreakzioek ere egitura indartzen dutela berretsi dute zientzialariek. Funtsean, ikertzaile hauek diote erromatarren garaiko hormigoia bere kabuz konpontzeko gai dela.
Besteak beste, espektrografia bitartez ikusi dute pikor hori tenperatura handietan sortu zirela, eta horrek bat dator kare bizia botatzean espero izatekoa den portaerarekin.
Kuriositatea asetzeaz gain, ikertzaileek aldarrikatu dute hemendik irakaspen praktikoak atera daitezkeela, gaur egungo ekoizpenari begira, eta formula hori patentatzeko asmoa agertu dute.
Zientzia artikuluak oihartzun mediatiko handia izan duela jakinda, eta ikerketari buruz galdetuta, hormigoian aditu den Manuel Francisco Herrador ingeniariak gehiegizko espektatibak hoztu ditu. Haren esanetan, ikerketa bera oso interesgarria da, “atzeman dituztelako nahasketa zehatz batean beste leku batzuetan ikusi ez diren kare biziaren inklusio batzuk”. Bitxia bada ere, Herradorrek azaldu du porlanaren inguruko kimikaz nahiko gutxi ezagutzen dugula oraindik, azken urteotan nanoteknologiari esker prozesuak sakontasun gehiagorekin neurtu ahal izan diren arren. “Beraz, egin dituzten detekzio kimikoak eta erreakzioen analisiak oso interesgarriak dira”. Baina egileek mahai gainean jarritako ondorioak gehiegizkoak direla uste du.
“Adibidez, karakterizazio mekanikoa albo batera utzi dute, erabat. Besteak beste, lortutako hormigoi horrek zer erresistentzia duen edo nola eragin ahal dien altzairuzko egiturei…”. Horrez gain, nabarmendu du kaltzio karbonatoak kristalizatzean lortutako abantaila kontrara bihur daitekeela gero, azidoekin erraz erreakzionatzen duelako. Kutsadura pixka bat daraman euri urak egindako lana desegin lezake, hirietako eraikuntza historikoak babestu behar dituztenek ondotxo dakiten moduan.
Beraz, oraindik bide luzea urratzeko dagoela gogora ekarri du adituak, halabeharrez porlana egiterakoan karbono isuriak gutxitzeko “obsesioa dugun sektore batean”.
Obsesio hori ez da hutsala. Izan ere, porlana egiteko erabili behar diren tenperaturak oso altuak dira —1.450 ºC ingurura berotu behar dira materialak–, baina hau hasiera baino ez da. Porlana sortzeko kareharria erre behar denez (CaCO3), prozesuan karbono dioxidoa sortzen da ere, erdibana. Ondorioz, porlan tona bakoitzeko, CO2 tona bana askatzen da. Eta jakin badakigu XXI. mendeko gizakiak arazo bat duela gehiegizko karbono dioxidoarekin. Porlanaren ekoizpenari lotutako isuriak, beraz, ez dira txikiak: kalkulatzen da CO2 isuri guztien %8 suposatzen dutela. Arazoa are handiagoa da ikusten dugunean porlanaren ekoizpena gora ari dela.
Bai, silizioaren aroan gaudela ematen duen arren, bereziki Txinan hormigoiaren osagai nagusia den porlanaren ekoizpena izugarri handitu da. Mende honetako lehen hamasei urteetan AEBetan XX. mende osoan ekoitzitakoa baino porlan gehiago egin dute bertan, eta, 2022ko datuei erreparatuta, munduko porlanaren % 56 Txinan ekoiztu da.
Hortaz, eta beti ere espektatiba errealei kasu eginda, agian bada garaia erromatar zoro hauei kasu pixka bat egiteko, eta Judeako Fronte Popularreko kideak erromatarrek gure alde zer egin duten galdetzen duen hurrengoan, badugu beste zerbait zerrenda luze horretan gehitzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Seymour, Linda M.; Maragh, Janille; Sabatini, Paolo; Di Tommaso, Michel; Weaver, James C. eta Masic, Admir (2023). Hot mixing: Mechanistic insights into the durability of ancient Roman concrete. Science Advances, 9 (1), eadd1602. DOI: 10.1126/sciadv.add1602.
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] janzten ditugun zapata-zoletako apar malgua, eraikin berrien egitura osatzeko baliatzen den hormigoia, etxe orratzak estaltzen dituzten beirazko leihoak, kafea edo tea hartzeko darabiltzagun […]
[…] errautsa erabiltzea ez da hormigoi erromatarraren iraunkortasunaren sekretu bakarra. Duela gutxi, ikertzaileen nazioarteko talde batek deskubritu du erromatarrek kare bizia (kaltzio oxidoa) kare itzali edo hidratatuaren (kaltzio karbonatoa sortzeko […]