Letxuga berdeak eta gorriak, osasuntsuak baina desberdinak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Euskal Autonomia Erkidegoan landareak dira hirugarren elikagai kontsumituenak, frutaren eta esnekien atzetik. Landareen artean, berriz, tomatea da gehien kontsumitzen dena. Egunean herritar bakoitzak 60 bat gramo tomate kontsumitzen ditu batez besteko.

Tomateaz gain, letxuga edo uraza dieta mediterraneoaren ezinbesteko elikagaietako bat da. Izan ere, osasunarentzako oso onuragarria da batez ere antioxidatzaileetan aberatsa delako. Baina letxugen barietate guztiek ez dute antioxidatzaile efektu bera eragiten.

Antioxidatzaileek epe luzean babesten gaituzte erradikal askeek sortzen dituzten prozesuen kate-erreakzioengandik, hau da, kalte zelular bat sortu eta gaixotasunen bat eragiteko gai diren molekulengandik. Erradikal askeek gure gorputza kaltetzen dute, kasurik arinenean zahartzea eraginez, eta txarrenean, gaixotasun larriak. Letxugak aberatsak dira antioxidatzaileetan, besteak beste, azido fenolikoak, flabonoideak, antozianinak edo A eta C bitaminak dituztelako. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Usue Pérez-López ikerlariak zuzendu duen ikerketa batek ziurtatzen duenez, landare hauen hostoek duten koloreak zehazten du zein den beraien konposatuen erreakzioaren bizkortasuna. Hala, hosto berdedun letxugek astiro errazionatzen dituzten antioxidatzaileak dauzkate; hosto gorridunek, berriz, efektu bizkorragoa dituztenak.

Hainbat kolore eta barietateko letxugak. Adituen esanetan oso interesgarria da letxuga mota desberdinak nahastea, ezaugarri ezberdinak eta osagarriak dituztelako.
Hainbat kolore eta barietateko letxugak. Adituen esanetan oso interesgarria da letxuga mota desberdinak nahastea, ezaugarri ezberdinak eta osagarriak dituztelako.

Hosto berdeak, erdi-gorriak eta gorriak

Ikerketa hau 2011an abiatu zuten UPV/EHU eta Pisako Unibertsitateko (Italia) ikerlariek. Hiru letxuga barietateren konposatuak aztertu dituzte: ‘Batavia’, hosto berdeak dituena, ‘Lau Urtaroak Marvel’, erdi-gorriak, eta ‘Haritz-hostoa’, hosto gorriduna. Erresonantzia Paramagnetiko Elektronikoa (EPR) erabilita, barietate bakoitzak dituen konposatuen zinetikak aztertu ahal izan dituzte. Eta ikerketaren emaitzek ziurtatzen dutenez, hosto berdedun letxugak dituen konposatu antioxidatzaile hidrosolubleen eraginak abiadura motela eta tartekoa ditu eta hosto gorridunenak, berriz, tartekoa eta bizkorra. Hosto erdi-gorriak dituzten letxugen konposatuek, bestalde, hiru motetako zinetikak dituzten konposatuak dauzkate, motelak, tartekoak eta bizkorrak.

Pérez-López doktoreak azpimarratu duenez, “erritmo ezberdinetan diharduten konposatuak egoteak ez du esan nahi batzuek besteak baino hobeak ala txarragoak direnik. Jarduera erradikal bat sortu dezaketen elikagaiak jaten baditugu, konposatu batzuek, beraien izaeragatik, denbora motzean desegingo dituzte. Baina era berean, garrantzitsua da, baita ere, gure organismoak zinetika geldoagoa dituzten antioxidatzaileak jasotzea, epe luzeago batean efektua egiten jarrai dezaten. Horregatik esaten da oso interesgarria dela letxuga mota desberdinak nahastea, ezaugarri ezberdinak eta osagarriak dituztelako”.

Propietateak sendotzen

Behin antioxidatzaileen zinetika zehaztuta, ikerketak aurrera jarraitzen du hiru barietate hauetan hobekuntza nutrazeutikoak lortzeko helburuarekin. Ikerketa taldeak sendotu egin nahi ditu orain hiru barietate hauen konposatuak dituzten efektuak. Horretarako estres motzak aplikatzen dizkiete. Konposatu hauek defentsa lana burutzen dute landareetan. Horrela, ohikoak ez diren egoerak ezartzerakoan (adibidez, ur gazituarekin ureztatu, argi intentsitate handi baten eraginpean jarriz edo CO2 kontzentrazio handiekin lan eginaz), defentsa horiek areagotu egingo dira eta, ondorioz, beraien ezaugarri antioxidatzaileak sendotu egingo dira.

“Prozesu honetan, garrantzitsuena, produktibitaterik ez galtzea da, eta horregatik aplikatzen ditugu intentsitate baxuko estresak. Estres larregi ematen badiogu, landarearen hazkuntzaren murrizketa ekarri dezaken puntu batetara heldu gaitezke. Eta ez da batere interesgarria kalitate hobea tamainaren murrizketaren truke lortzea. Helburua da ekoizpena mantentzea eta ekoizpen horrek kalitate hobea izan dezala lortzea”, dio Usue Pérez-López doktoreak.

Ikertzaileari buruz

Usue Pérez-López, Biologian lizentziatua da. Lizentziaturako Sari Berezia jaso zuen. 2008. urtean UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Alberto Muñoz-Rueda eta Amaia Mena-Petite doktoreen zuzendaritzapean egindako tesia defendatu zuen. 2012. urteko ekainean, Espainiako Landare Fisiologia Elkarteak “VII Premio Ibérico de Investigación en Relaciones Hídricas” eman zion, haren ikerketa-lana sarituz. Egun, UPV/EHUko irakaslea eta ikertzailea da. Pérez-López doktorearen ikerketa, UPV/EHUn eta Pisako (Italia) Unibertsitateko Kimika eta Laborantzako Bioteknologiak Sailean gauzatzen da.

Erreferentzia bibliografikoa:
Usue Pérez-López, Calogero Pinzino, Mike Frank Quartacci, Annamaria Ranieri, and Cristina Sgherri. “Phenolic Composition and Related Antioxidant Properties in Differently Colored Lettuces: A Study by Electron Paramagnetic Resonance (EPR) Kinetics”, Journal of Agricultural and Food Chemistry, 2014, 62 (49), pp 12001–12007 DOI: 10.1021/jf503260v

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Letxugaren koloreak zehazten du antioxidatzaileen bizkortasuna.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.