Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumea zientzian
Otsailaren 11 Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatu zen. Honen harira, unibertsitatea.net webgunean 110 euskal emakume ikertzaileen elkarrizketak bildu dituzte. Hizkuntzalariak, kimikariak, astrofisikariak, psikologoak, biologoak… esparru ugarietako ikertzaileen lanen berri eman dute atal horretan.
Frances Chick Wood zientzialariak estatistika medikoan diziplina horretan ekarpen nabarmenak egin zituen. Bere hastapenetan polimerizazioarekin eta mahatsaren hartzidurarekin zerikusia zuten gaietan hasi zen kimikari lanetan, baina 1911tik aurrera, estatistika medikoan hasi zen lanean, lanaldi osoan. Frances Wooden ibilbide estatistikoa laburra izan zen, baina oso esanguratsua. 1913an, bi artikulu argitaratu zituen bakarka, non xehe dokumentatu zituen Merkataritza Ganberak soldatetan, txikizkako prezioetan eta alokairuetan denborarekin izandako aldaketak neurtzeko erabiltzen zituen zenbaki indizeak. 1914an, berriz, minbiziaren ondoriozko heriotzen inguruko datu estatistikoak argitaratu zituen artikulu bat baino gehiagotan. Hala, Frances Wood estatistikan aitzindaria izan zen emakumeentzat. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Frances Chick Wood, kimikatik estatistika medikora.
Generoa zientziaren eta teknologiaren komunikazioan
Talde bateko kide izateak asko baldintzatzen ditu gizarte errealitatearen ulermena eta nortasunaren garapena, besteak beste, estereotipoen eta generoen bitartez. Hitzezko hizkuntza eta ikusizko hizkuntza, aurreiritziak eta eredu estereotipatuak modu sotilean transmititu ditzaketen bi komunikazio tresna dira, eta beraz komunikazio-metodo hauek eragin handia dute norbanakoen identitatean. Ikertzaileentzat zehazki, hori kontutan izatea garrantzitsua da, askotan zerbait baieztatzen edo ukatzen denaren denotazio balioa bezain garrantzitsua baita horren konnotazioa. Gai hau jorratzeko, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Generoa eta Zientziaren Komunikazioa izeneko jardunaldia egin zuen. Izan ere, komunitate zientifikoak badu zeresana neska-mutilek zientziarekiko dituzten hainbat joeretan. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Argitalpenak
Hizkuntza-sena (1994) saiakera klasikoan, Steven Pinker zientzialari kognitibo ezagunak hizkuntzari buruz jakin beharreko guztia azaltzen du. Besteak beste, nola funtzionatzen duen hizkuntzak, haurrek nola ikasten duten, denboran zehar nola aldatzen den, burmuinak nola prozesatzen duen eta eboluzioan nola garatu zen. Steven Pinker (Montreal 1954) psikologo esperimentala da, eta hizkuntzalaria eta zientzialari kognitibo itzaltsua da gaur egun. Hala, Hizkuntza-sena liburuan Pinkerrek hizkuntzari buruzko ikerketa zientifikoak azken hamarraldietan aurkitutako guztia bilbatzen du. Argitalpen honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.
Zientzia forentsea
Pablo Neruda poeta pozoituta hil zutela ondorioztatu du nazioarteko ikerketa batek. Augusto Pinochetek Salvador Allende presidentearen aurkako kolpea eman eta hamabi egunera hil zen Neruda, eta bere heriotzaren arrazoiak susmo asko piztu zituen. 2017. urtean haren gorpuzkiak aztertu zituztenean, botulismoa eragiten duen bakterioa aurkitu zuten haren hezurretan, baina zalantza sortu zitzaien ikertzaileei bakterio horren jatorriaren inguruan. Izan ere, mikrobio hori lurrean egoten da, eta Nerudaren gorpuzkiak hobian kutsatu izan zitezkeen. Orain ondorioztatu dutenez, alabaina, bakterioa poetaren gorputzean zegoen hil aurretik, eta beraz pozoitua hil zela ziurtatu dute. Datuak Berrian.
Kimika
UCL Londresko unibertsitatean ezagutzen ez zen izotz amorfo bat egin dute. Lurrean ur izoztuaren fase ohikoena kristalinoa da, baina, dirudienez, unibertsoan izotz amorfoa, ez hain erregularra, da ugariena. Bada, orain arte, ur izoztuaren 20 fase kristalino eta izotz amorfoen bi familia ezagutzen zituzten zientzialariek, eta fase berri bat sortu berri dute. Izotz arrunta txikituta, altzairuzko-bola batzuk egun oso batez aztinduz sortu dute. Ikertzaileen ustez, oso litekeena da horren antzeko izotza egotea izoztutako ilargien barruan. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: Izotz amorfoaren aldaera berri bat sortu dute.
Medikuntza
Gizonentzako antisorgailu bat probatu dute saguetan, itzulgarria eta iraupen laburrekoa. Nature communications aldizkarian azaldu dutenez, TDI-11861 izena du konposatuak, eta adenilil ziklasa entzima tarte labur batez desgaitzea eragiten du. Entzima hori ezinbestekoa da espermatozoideak hel daitezen eta gai izan daitezen emearen ugaltze-traktuan mugitzeko obulurantz. Sagu arrekin egindako esperimentuan frogatu dute konposatua segurua eta eraginkorra dela. Gainera, hiru ordu igaro ostean, sagu arrak berriro ugalkorrak ziren. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Biologia
Zalantzan jarri dute mikorriza-sareen bidezko zuhaitzen arteko komunikazioa. Azken urteetan zabaldu da zuhaitzak elkarren artean komunikatzen direla eta baliabideak partekatzen dituztela sare horien bitartez, baina horren inguruko ikerketa zientifikoen berrikuspen bat egin da, eta ikusi dute ez dagoela horren aldeko ebidentzia sendorik. Batetik, ezin da garbi baieztatu hainbat landare lotzen dituzten mikorriza-sareak basoetan ohikoak direnik. Bestetik, zuhaitz helduek haien ondorengoei defentsa-seinaleak eta baliabideak bidaltzen dizkietenaren ebidentziarik ere ez dago. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Zoologia
Berriki argitaratu denez, tximino emeei eta arrei jostailu berak gustatzen zaizkie. Orain arte, bi azterlanek bakarrik ikertu dituzte tximinoek sexuaren arabera zer jostailu aukeratzen dituzten, eta biek ere ondorioztatu zuten lehentasun ezberdinak zituztela sexuaren arabera. Azterketa berri honetan, alabaina, 14 makako (7 ar eta 7 eme) banaka aztertu zituzten, hainbat jostailu eskainita. Emaitza izan zen bai arrek eta bai emeek nahiago izan zituztela jostailu neutroak eta “maskulinoak”, eta gainera, ikusi zen arrek gehiago jolastu zutela panpinetin, emeek baino. Hala, ikerketa honek zalantzan jarri du jostailuen lehentasunen arteko sexu-desberdintasunek oinarri biologirik dutenik. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Ugaztunen bizimoduaren eta bizitza-luzeraren artean korrelazioa dagoela ondorioztatu du Pekingo ekologia eta kontserbazioko ikerketa-zentro batek. Ia mila animalia espezie aztertu dituzte horretarako, eta bizitza luzeraren eta antolaketa sozialaren arteko erlazioan eragina izan ahal duten mekanismo molekularrak arakatzeari ekin diote. Horrela, ikusi dute erlazio zuzena dagoela bi aldagai horien artean. Egileek diotenez, bai immunitatea zein hormonak garrantzitsuak dira bizitza luzera zein antolaketa soziala arautzerakoan. Oraindik ez dituzte mekanismo molekularrak argitu, baina badirudi taldean bizitzea lagungarria dela inguruneko egoera zailak gainditzeko eta estresa apaltzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran: Taldeka bizi diren ugaztun espezieek bizitza luzeagoa dute.
Genetika
Ile gorriaren kolorea gene bakar baten (MC1R) aldaerek eragiten dute, eta munduko biztanle guztien % 1-2ak baino ez ditu aldaera horiek. UPV/EHUko Saioa Lópezek eta bere taldekideek berrikuspen bat egin dute gai honen inguruan, eta bertan diotenez, MC1R geneak proteina bat kodetzen du, eta hark melanokortina izeneko hormonaren hartzaile gisa jarduten du. Hartzaile hori melanozitoen mintzean dago, hau da, melanina pigmentua sintetizatzen duten larruazaleko zeluletan. Hala, MC1R genearen aldaeren arabera, larruazaleko edota ileko kolore ezberdinak sortzen dira. Honen harira, UPV/EHUko Santos Alonsok eta bere taldekideek MC1R genea Europako hegoaldean nola banatuta dagoen aztertu dute. Emaitzen arabera, mutazioetako bat, larruazal argia eta ile horia edo gorria sorrarazten duena, espero baino maiztasun handiagoarekin agertzen da erradiazio ultramore gutxien duten penintsulako iparraldeko biztanleen artean. Gai honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran topatu daiteke: Ilegorriak.
Kirol-zientziak
Aitor Pinedo Jauregik mendiko erreskatatzaile profesionalen gaineko doktore-tesia defendatu berri du. Tesiaren helburua zera izan da: deskribatzea zer-nolako eragina duen motxilaren kargak errendimendu fisikoan lana egin behar dutenean. Horretarako, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko ataleko erreskatatzaileen laguntza izan du. Frogatuta geratu da bizkar-zorroaren masak eta maldak eragin gehigarria dutela aztertutako aldagai fisiologikoetan eta pertzepziozkoetan. Horregatik, mendiko erreskatatzaileek beren gorputz-masaren % 20ko edo gehiagoko kargak ez eramatea gomendatzen du. Datu gehiago Zientzia Kaieran: Kargaren eragina mendiko erreskateetan.
Antropologia
Amaia Arranz Otaegik landareen arrastoei erreparatzen die historiaurreko gizakiei buruz informazioa eskuratzeko. Orain, ikerketa abiatuko du jakiteko zergatik hasi ziren ehiztari-biltzaileak nekazaritzan, eta gai horri buruz jardun du aste honetan Bilboko Bidebarrieta liburutegian, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak gonbidatuta. Bere ikerketarekin gizakiak lehenbiziko soroak noiz sortu zituen jakin nahi du. Azaldu duenez, beti susmatu da Neolitoan hasi zela laborantza, baina ez dago oraindik ebidentzia zuzenik. Arranzek ezagutzen diren ogi apurrik zaharrenak ere aurkitu zituen. Arranzen esanetan, arkeobotanikarekin gizakiak jaten zuenaren inguruko informazio asko lortu daiteke, hala nola, zein nolako teknologia zuten landareak prozesatzeko. Azalpen guztiak Berrian: «Elikagai arrastoak informazio iturri berria dira».
Historia
Gontzal Carrascok (Gernika-Lumo, 1995) Historiako gradua ikasi zuen UPV/EHUn eta egun doktoretza tesiarekin dabil, trikitixaren ibilbidea eta iruditeria kolektiboa ikertzen. Azaldu duenez, Euskal kulturako beste fenomeno asko bezala, trikitixa gizonen mundu bat izan da oraintsura arte, eta frankismoan, gainera, errealitate hau baserriaren inguruan ematen zen, euskal kulturak bertan aurkitu zuelako babesa. Emakumeek, berez, betidanik jo izan dute trikitixa, baita gerra aurretik ere, baina diktadura frankistaren etorrerarekin, ordea, patriarkatuak ezarritako generoen araberako rolak indartu egin ziren. Egoera 1980ko hamarkada inguruan hasi zen aldatzen, eta emakumeen parte hartzeak etengabe egin du geroztik gora. Txikitixaren egoera kolektiboaren arabera, Carraskoren hipotesia da euskal gizarteak oraindik zerbait tradizional bezala hartzen duela trikitia, eta gaizki saltzen dela horregatik, eskaintzen dituen aukera guztiak eta garatzen den esparru guztiak ez direlako plazaratzen. Datuak unibertsitatea.net webgunean: Gontzal Carrasco: “Trikitixaren iruditeria kolektiboan desadostasunak daude bere errealitatearekiko”.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.