Ilegorriak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ez nuen uste iragarki harengatik bakarrik etorri zirenak bezainbeste ilegorri zeudenik herrialdean. Ñabardura guztietakoak zeuden: lasto kolorekoak, limoi, laranja edo adreilu kolorekoak, setter txakurraren kolorekoak, gibel kolorekoak, buztin kolorekoak… baina ez benetako su gorriaren tonalitatea zuten asko”.

Sir Arthur Conan Doyle, The Red-Headed League, 1891.

Txikia zenean jazarpena jasan zuen oreztaz beteriko bere azalagatik, bere ile gorriagatik, atzerritarra izateagatik eta alemanez gaizki hitz egiteagatik”.

Gianni Infantino, FIFAko presidentea Qatarreko Munduko Futbol Txapelketan, 2022an.

Beatriz de Verak orain arte ilegorriei buruz dakigunaren laburpen bat argitaratu zuen SiNC agentziaren webgunean. Lehenik eta behin, argitu behar da Sir Arthur Conan Doyle zur eta lur utzi zuten ilegorriak asko izan arren (Gianni Infantinoren adierazpenei buruz ez dut ezertxo ere esango), munduko biztanle guztien % 1 eta % 2 artean baino ez direla. Gene bakar baten (MC1R) aldaerek eragiten dute ilearen kolore gorria. Gene horren zazpi aldaera antzeman dira, eta horiei beste 50-70 gene gehituta, gene horiek larruazalaren pigmentazioa eragiten dute, melanozito izeneko larruazaleko zelula espezializatuetan melanina pigmentuaren sintesia gertatzen denean.

ilegorriak
1. irudia: munduko biztanle guztien % 1 eta % 2a baino ez dira ilegorriak. (Argazkia: Erik Mclean – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

UPV/EHUko Saioa Lópezek eta bere taldekideek beren berrikuspenean diotenez, MC1R geneak proteina bat kodetzen du, eta hark melanokortina izeneko hormonaren hartzaile gisa jarduten du, hipofisian sintetizatzen dena. Hartzaile hori melanozitoen mintzean dago, hau da, melanina pigmentua sintetizatzen duten larruazaleko zeluletan. Melanokortinak hartzailearekin bat egiten duenean, zelularen barruan izugarri handitzen da pigmentuaren sintesia. MC1R genea mutatuta badago –gogoratu zazpi aldaera aurkitu direla–, hartzailea aldatu egiten da eta, batzuetan, ez agertzea ere gerta liteke; orduan, zelulak ez du mezua jasotzen eta pigmentua ez da sintetizatzen. Horrek larruazal argia sorrarazten du, melaninarik gabea edo melanina gutxikoa; batzuetan, ile gorria ere sor dezake eta, MC1R genearen mutazioaren arabera, ilehoriaren tonalitate desberdinak.

MC1Rk ohi bezala funtzionatzen duenean, eumelanina pigmentua sintetizatzen da, larruazalari kolore iluna ematen diona. MC1R mutatu egiten denean eta ohi bezala funtzionatzen ez duenean, feomelanina pigmentua sintetizatzen da, kolore gorrikoa. Eta, horrela, ilegorriek ile gorria dute, eta orbanak edo oreztak larruazalean; era berean, eguzkipean erretzeko joera handiagoa dute, ez dutelako eumelaninaren babesa.

Mutazio horiek gure espeziean noiz agertu ziren ez dago ziurtasunez datatuta. Neandertalen garaian bazeuden gene horren aldaera batzuk, eta neandertalak duela 500.000 urtetik bizi izan ziren, duela 40.000 urte desagertu ziren arte. Bartzelonako Unibertsitateko Carlos Lalueza-Foxen taldeak duela urte batzuk argitaratu zuenez, neandertalek bazuten MC1R genearen mutazio bat, gure espeziean aurkitu ez dena. Baina egileek proposatzen dutenez, mutazio horrek antzeko aldaketa bat eragingo luke larruazalaren kolorean eta, beraz, neandertal batzuk ilegorriak izango lirateke.

Hipotesirik onartuena da mutazio horiek larruazala argitzen dutelako hautatu zirela, eta, horrela, Homo generoko espezieek, eta horien artean gureak, Eurasia iparraldea kolonizatu ahal izan zutela. Eskualde horietan eguzki ordu gutxiagoa izaten dira eta, beraz, ordu horiek hobeto aprobetxatu behar dira D bitaminaren sintesirako; izan ere, bitamina hori funtsezkoa da kaltzioaren metabolismorako eta hezurren funtzionamendu egokirako. Larruazal argia izateak eguzki argi gehiago xurgatzen laguntzen du, baita D bitaminaren sintesi handiagoa egiten ere (larruazal pigmentatuekin alderatuta). Horregatik, ilegorri gehienak Irlandan, Eskozian, Ingalaterran, Holandan, Alemaniako iparraldean, Islandian eta Norvegian daude.

ilegorriak
MC1R genea eragiten du ilearen kolore gorria eta genearen mutazioaren arabera, ilehoriaren tonalitate desberdinak eragiten du. (Argazkia: Nathan Dumlao – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Giza espeziearen ohiko mugikortasunaren eraginez, MC1R genearen mutazioak Eurasia iparraldetik hedatu dira. Bestalde, larruazal argia iparraldean zabaldu izanaren ondorioz, eskualde horretan bizi diren larruazal iluneko haurrek D bitamina duten elikadura osagarriak hartzen dituzte modu orekatuan hazten direla ziurtatzeko, hala nola Ingalaterran, Norvegian eta Suedian.

UPV/EHUko (Leioa) Santos Alonsok eta bere taldekideek MC1R genea Europako hegoaldean nola banatuta dagoen aztertu dute. Espainiako 1.217 gizabanakotan sekuentziatu zuten genea, 21 biztanleko laginak eginda, horietako bat Kanarietan. Egileek ondorioztatu dutenez, geneari eragiten dioten bi indar ebolutibo nabarmentzen dira. Alde batetik, genearen antzinako eraketa mantentzeko joera dute, ohikoena Afrikan, eta, horretarako, agertzen diren mutazioak ezabatzen dira. Bestalde, mutazioetako bat, V60L, espero baino maiztasun handiagoarekin agertzen da; huraxe da larruazal argia eta ile horia edo gorria sorrarazten duena. Erradiazio ultramore gutxien duten penintsulako iparraldeko biztanleen artean agertzen da batez ere.

Gure espeziearen mugikortasunak larruazalaren mutazioak eraman zituen Eurasia iparraldera, eta mutazioak horrexegatik iritsi dira eguzki gehien duten herrialdeetara. Aldaketa horren ondorioz, larruazaleko minbizia gara dezakete, baita erasotzaileena ere, melanoma. Larruazaleko pigmentuak eguzki argiaren osagai ultramorearengandik babesten du larruazala; izan ere, larruazala zeharkatuz gero, hark zelulen DNA kaltetu dezake, eta, azkenik, minbizi zelulak ager daitezke.

Egile batzuek baieztatu dutenez (Massachusetts General Hospitaleko Devarati Mitraren taldeak, adibidez), feomelaninaren sintesiak eta presentziak –ilegorrien artean ohikoa den kolore gorriko pigmentua– minbizia garatzeko arriskua eragiten du, jasotako eguzki argi ultramorearen dosia dena dela.

Bide batez, emakumeen hormonek –estrogenoak eta progesteronak, adibidez– melaninaren sintesia eragiten dute. Horrela, bada, emakumeek gizonek baino larruazal ilunagoa dute, baita ilegorrien kasuan ere. Gainera, orbanak dituzte larruazalean, hala nola ilegorrien ohiko oreztak. Eta are gehiago haurdunaldian, une horretan hormona gehiago sortzen direlako, melaninaren sintesia handiagoa delako eta, beraz, beltzaranagoak daudelako, baita neguan ere.

Oraindik badira azalpenik ez duten ilegorrien ezaugarriak, Castellóko Jaume I Unibertsitateko Bárbara Hernandok eta bere taldeak dioten moduan. Ilegorriek minaren atalase baxuagoa dute; odolak denbora gehiago behar du gatzatzeko, eta emakume ilegorriek endometriosa izateko joera handiagoa dute.

Louisvilleko Unibertsitateko Catherine Binkleyren eta bere taldearen ikerketaren arabera, MC1R genearen mutazioak dentistekiko beldur handiagoarekin lotuta daude, beharbada minaren atalase baxuago horregatik; dentistaren kontsultara joateko antsietate handiagoarekin lotuta daude, eta ilegorriek bikoiztu egiten dute hortz azterketak saihesten dituzten pertsonen kopurua, MC1Rn aldaketarik ez duten pertsonekin alderatuta. Are gehiago, ilegorri asko ez dira dentistarengana joaten.

Pittsburgheko Unibertsitateko C.L. Randallen eta bere taldearen azterketaren arabera –817 boluntarioren jarraipena egin zuten, horietatik % 62 emakumeak eta 34,7 urteko batez besteko adinekoak–, MC1R genearen aldaerek eragina dute hortzetako minaren pertzepzioan; era berean, aldaera horien eraginez pertsona horiek minarekiko beldur handiagoa garatzen dute, eta horrek areagotu egiten du hortz tratamenduekiko beldurra.

Anestesian adituak direnek ere gauza bera uste dute, beren artean partekatzen dituzten bitxikerietan oinarrituz, hau da, paziente ilegorriek beste kolore bateko ilea dutenek baino anestesia gehiago behar dutela. Louisvilleko Unibertsitateko (Kentucky) Edwin Liernek eta bere taldekideek 18 eta 40 urte bitarteko 20 emakumerekin egin zituzten saioak; horietatik 10 ilegorriak ziren, eta gainerakoak ile ilunekoak. Mina dermis barneko deskarga elektriko txikiek eragiten zuten, eta anestesia dosi desberdinekin ezabatzen zen.

Emaitzek erakutsi zutenez, emakume ilegorriek % 19 anestesia gehiago behar zuten minik ez sentitzeko. Egileek ez dute aurkitu ile gorria duten pertsonen minarekiko sentsibilitate desberdin horren azalpen argirik.

Erreferentzia bibliografikoak:

Binkley, C.J. et al. (2009). Genetic variations associated with red hair color and fear dental pain, anxiety regarding, dental care and avoidance of dental care. Journal of American Dental Association, 140, 896-905. DOI: 10.14219/jada.archive.2009.0283

Hernando, B. et al. (2016). Sex and MC1R variants in human pigmentation: Differences in tanning ability and sensitivity to sunlight between sexes. Journal of Dermatological Science. DOI: 10.1016/j.jdermsci.2016.09.004

Lalueza-Fox, C. et al. (2007). A Melanocortin 1 Receptor allele suggests varying pigmentation among Neanderthals. Science, 318, 1453-1455. DOI: 10.1126/science.1147417

Liern, E.B. et al. (2004). Anesthetic requirement is increased in redheads. Anesthesiology, 101, 279-283. DOI: 10.1097/00000542-200408000-00006

Martínez-Cadenas, C. et al. (2013). Simultaneous purifying selection on the ancestral MC1R allele and positive selection on the melanoma-risk allele V60L in South Europeans. Molecular Biology and Evolution, 30, 2654-2665. DOI: 10.1093/molbev/mst158

Mitra, D. et al. (2012). An ultraviolet radiation independent pathway in melanoma carcinogenesis in the red hair/fair skin background. Nature. DOI: 10.1038/nature11624

Randall, C.L. et al. (2016). Fear of pain mediates the association between MC1R genotype and dental fear. Journal of Dental Research, 95, 1132-1137. DOI: 10.1177/002203451666115

Robles Espinoza, C.D. et al. (2015). Germline MC1R status influences somatic mutation burden in melanoma. Nature Communications. DOI: 10.1038/ncomms12064

López, S. et al. (2012). Evolution of human skin pigmentation. Genetic factors underlying variability and association with eye and hair color. Revista Española de Antropología Física, 33, 7-19. dialnet.unirioja.es

Vera, B. de. (2016). La ciencia de los pelirrojos. SiNC. 2017ko azaroaren 17an.


Egileaz:

Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.

1 iruzkina

  • […] Ile gorriaren kolorea gene bakar baten (MC1R) aldaerek eragiten dute, eta munduko biztanle guztien % 1-2ak baino ez ditu aldaera horiek. UPV/EHUko Saioa Lópezek eta bere taldekideek berrikuspen bat egin dute gai honen inguruan, eta bertan diotenez, MC1R geneak […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.