Edari alkoholdunak historiaren oso garai goiztiarretan sartu ziren gizarteetan. Hipotesi onargarrienaren arabera, hartzidura alkoholikoaren aurkikuntza nekazaritza jaio eta gutxira gertatu zen, duela 10.000 urte inguru. Droga horren kontsumoak giza gorputzean izan zituen ondorio larriak ezagutu ziren lehenik, agerikoak zirelako: desinhibizioa, euforia, nerbio-sistema zentralaren depresioa, mugimenduen deskoordinazioa, oroimen hutsuneak, gorakoak, goragalea…
Hala ere, edari alkoholdunak hartzeak epe luzera osasunean duen eragina ezagutzea askoz ere lan zailagoa da, eta, gaur egun ere, oraindik ez dakigu zer-nolakoa den. Osasun Ministerioaren «Alcohol 2021. Consumo y Consecuencias» monografiaren arabera, edari alkoholdunak 200 osasun arazo eta lesio baino gehiagorekin lotzen dira; tartean, gaixotasun kardiobaskularrak, hepatikoak eta neuropsikiatrikoak.
Desgaitasuna, minbizia eta heriotzak
Biztanleria azterketek erakusten dutenez, alkoholaren kontsumoa desgaitasuna izateko eta hainbat arrazoirengatik hiltzeko arriskua areagotzen duen faktore bat da. Espainian, zehazki, ohitura hori da heriotza goiztiarren kausa saihesgarrietan bigarrena, eta urtero 15.000 pertsona inguru hiltzen dira Espainian alkohola edatearekin lotutako gaixotasunen ondorioz.
Gainera, alkohola substantzia kantzerigeno bat da (DNA aldatzen du), dosi moderatuetan hartzen bada ere. Zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta arrisku handiagoa dago tumoreak agertzeko, eta ez dago gutxieneko kopuru segururik. «Kopa bat ardo osasungarri», besterik gabe, ez da existitzen, edozein alkohol edateak, gutxienekoa izanda ere, hainbat lekutan minbizia agertzeko arriskua areagotzen baitu: ahoan, faringean, laringean, hestegorrian, kolonean eta ondestean, bularrean eta gibelean. Izan ere, alkoholaren kontsumoa da munduan minbizia eragiten duen bigarren kausa, tabakoaren atzetik. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) kalkulatu zuen 2020. urtean izan ziren 750.000 minbizi kasu (guztizkoaren % 4) edari alkoholdunen kontsumoagatik izan zirela.
Alkoholak entzefaloaren funtzionamendua aldatzen du
Kultu herrikoienean nahiko zabalduta dago alkoholak garuneko neuronak zuzenean hiltzen dituela dioen ideia. Molekula hori kontsumitzeak bizi organo horren funtzionamendua aldatzen badu ere, hori ez da gertatzen neuronak suntsituz, beste mekanismo batzuen bidez baizik.
Lehenik eta behin, alkoholak neuronen arteko konexioak kaltetu ditzake dendritak eta axoiak (zelula horien luzapenak) kaltetuta, eta horrek horien artean seinaleak bidaltzea zailtzen du. Droga horren kontsumo handi eta kronikoak hantura eragiten du garunean, eta, horrek, luzera, neuronen axoiak estaltzen dituen mielina zorroa suntsitzen du eta nerbio bulkadaren transmisioa zailtzen du.
Bestalde, alkoholak aldaketa handiak eragiten ditu neurotransmisoreen (neuronen molekula mezulariak) funtzionamendu normalean, bereziki azido gamma aminobutirikoaren (GABA izenez ezagutzen da) funtzionamenduan. GABA da garunaren neurotransmisore inhibitzaile nagusia (nerbio-seinaleen transmisioa inhibitzen du), eta alkoholaren kontsumoak eragiten duen jarduera handiagoak eragin lasaigarri tipikoak eragiten ditu. Efektu lasaigarri horiek, era berean, nerbio-sistema zentralaren neurotransmisore kitzikatzaileen inhibizioak indartzen ditu, hala nola glutamatoak. Pertsona bakoitzaren arabera, neurotransmisoreen mailak batera aldatzen badira, haserrea, gogo aldarte baxua, euforia edo agresibitatea agertuko dira, beste gogo aldarte batzuen artean.
Alkoholiko kronikoetan –alkohol kontsumo handia denboran mantenduta–, neurotransmisoreen jardueraren alterazioa betikotu egin daiteke, eta aldaketa kronikoak ager daitezke burmuinean, eta atrofia hainbat erregiotan. Horrek emozio, oreka eta memoria arazoak sor ditzake. Haurdunaldian alkohola kontsumituz gero, enbrioiaren/fetuaren garuneko garapenean alterazioak sor daitezke, eta horrek arreta defizita eta hiperaktibitatea edo desgaitasun intelektuala (fetuaren sindrome alkoholikoaren zantzuetako bat) eragin ditzake.
Jakina, alkoholak garuneko lesioak (eta, beraz, kalte neuronala) ere eragin ditzake zeharka, istripuak (zirkulazio istripuak, erorikoak edo kolpeak, adibidez), koma eta iktusa izateko arriskua handitzen baita. Aurreko datu guztiak kontuan hartuz gero, argi dago kontua: edari alkoholdun osasungarri bakarra hartzen ez dena da.
Egileaz:
Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko otsailaren 27an: El consumo del alcohol no mata a las neuronas, pero sí las trastorna
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.