Madrilgo jatetxearen sutea eta zianuro intoxikazioak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gaur egun etxebizitza eta eraikuntzetan gertatzen diren suteetan heriotzaren kausarik nagusiena ez da karbono monoxidoa, zianuro-gasak baizik. Horrekin lotuta, apiril amaieran Madrilgo jatetxe baten sutean antzeko zerbait gertatu izana da ziurrena. Sabaiko plastikozko dekorazioak su hartu zuen eta bi lagun hil ziren, antza, gas-intoxikazioaren kausaz. Emandako azalpenetan, zianuroa aipatzen da, baina nola liteke sute baten kean zianuroa egotea?

Apirilaren 21ean Madrilgo jatetxe batean gertatutako sutearen ondorioz hiru lagun hil ziren eta gutxienez beste hamar zauritu ziren. Sutea 23:00ak aldera hasi zen, antza, pizza bat flanbeatzeko erabilitako soplete baten kausaz. Jatetxearen sabaia plastikozko lore eta bestelako apaingarriz beterik zegoen eta, dirudienez, plastikozko dekorazioak su hartu zuen segundo gutxiren barruan. Hedabideetan irakurri ahal izan dugunez, litekeena da bi heriotzen kausa gas toxikoak arnastea izatea, batik bat karbono monoxidoa eta zianuro-gasak. Bertaratutako suhiltzaileen arduradunek aipatu zutenez, zianuroa izan zitekeen arrazoi nagusia. Oraingoz heriotzen arrazoiak argitzeke dauden arren, nola da posible zianuroa askatzea sute batean? Bada, ez da harritzekoa zianuro-gasak askatzea eta badauka azalpen zientifikoa. Instagram-estiloko dekorazioak eztabaidan dauden bitartean, azter dezagun zianuroaren kimika Madrilgo sutearen arriskuak hobeto ulertu ahal izateko.

zianuro
1. irudia: sabaiko plastikozko loreen errekuntzak zianuro-gasak aska ditzake. (Argazkia: Yung-pin Pao – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Lehenik eta behin, egin dezagun zuzenketa bat. Oro har, zianuroa aipatu den arren, hidrogeno zianuro (HCN) gasaz hitz egiten ari gara, baina beste zianurodun konposatu batzuk ere aska daitezke sute batean. Zein da desberdintasuna? Zianuroa anioi monobalentea da, karbono atomo baten eta nitrogeno atomo baten loturaz sortzen dena. Modu desberdinetan aurki daiteke; esaterako, konplexu kristalinoetan -potasio zianuroa-, zianogeno kloruroa edo zianogeno bromuroa bezalako konposatu gisa edo hidrogeno zianuro moduan -bai gas-fasean bai ur-fasean-. Hidrogeno zianuroari, ur-fasean disolbatuta dagoenean, azido zianhidriko deritzo. Antzeko zerbait gertatzen da azido klorhidrikoarekin, zeina hidrogeno kloruroaren ur-disoluzioa den. Zianuroari, konposatu organikoen talde funtzional gisa dagoenean, nitrilo talde funtzionala deritzo. Beste modu batera esanda, zianuro taldea duen konposatu organiko bati nitriloa deritzo, horixe baldin bada haren talde funtzionalik garrantzitsuena.

Hidrogeno zianuroa, HCN formula kimikoa duen gasa, oso toxikoa da. Haren eraso-mekanismoa C zitokromo oxidasa konplexua inhibitzea da. Oxidasa horren funtzioa eteten bada, elektroien garraio katea ere eten egiten da eta horixe da, hain zuzen ere, zelula-arnasketaren funtsezko mekanismoa. Zelula-barneko ATPa ekoizten jarraitzea ez denez posible, zelulek ezin dute beren funtzioa eraginkortasunez bete. Zianuroaren eraginik kaltegarrienetakoa globulu gorrien lana oztopatzea da. Zelulek ezin dutenez erabili globulu gorrietan garraiatzen den oxigenoa, zianuro-intoxikazioz hildako gorpu baten zainetan oxigeno-kontzentrazio altuak aurkitu ohi dira.

Madrilgo sutera itzuliz, kontuan hartu behar dugu karbonoa eta nitrogenoa duten plastikoek eta, oro har, osagai horiek dituzten beste materialek hidrogeno zianuroa sor dezaketela errekuntza-prozesuetan. Aipatzekoak dira melamina, nylona, nitrozelulosa, poliakrilonitriloa, poliuretanoak eta bestelako poliamida motako plastikoak. Plastiko horiek erretzen direnean, hidrogeno zianuroa sortzen da. Litekeena da Madrilgo jatetxeko sabaiko dekorazioan zeuden plastikozko lore eta bestelakoak mota horretakoak izana. Oro har, sute batean gertatzen diren hildakoen %82 gasak arnasteagatik hiltzen direla jotzen da. Esan bezala, gas horien artean arriskutsuenak karbono monoxidoa eta zianuro-gasak dira. Hidrogeno zianuroaren arriskua handia da; izan ere, bizirauteko oinarrizkoak diren funtzioak nahiko azkar eteten dituen pozoia da. Bi gas horien akzio-mekanismoa antzekoa da: hipoxia zelularra eragiten dute eta horrek heriotza azkarra dakar. Dirudienez, erabiltzen ditugun materialen kausaz, geroz eta arruntagoa da suteetan zianuro-intoxikazioak gertatzea.

Arazoa ez da gaurkoa eta 2008. urtetik eskuragarri daude suteetan zianuro-intoxikazioei aurre egiteko antidotoak. Gaur egun gehiago ere badira, baina, oro har, hidroxokobalamina konposatuan oinarritzen dira. Jada eskuragarri daude zianuroaren eta karbono monoxidoaren aurkako antidoto konbinatuak ere. Ezin dugu ziurtatu, jakina, baina litekeena da Madrilgo intoxikatuei horien antzeko antidotoak eman izana gas toxikoen eragina arintzeko asmoz. Hidroxokobalamina B12 bitaminaren aurrekaria da eta hari esker lotzen da zianuroa hidroxokobalaminak duen kobalto metalarekin. Kobaltoarekin lotzen denean, zianokobalamina sortzen da eta hura gernuarekin batera kanporatzen da inongo arazorik gabe.

Madrilgo jatetxearen sutean zehazki zer gertatu zen ez dakigun arren, hedabideetan agertu diren albisteetan zianuroa zergatik aipatu den badakigu orain eta suteetan egon daitekeen arrisku ezkutuaren berri ere orain badaukagu. Gaitz erdi.

Informazio gehiago:

Erreferentzia bibliografikoa:

Dugard, Paul H. (1987). Clinical and experimental toxicology of cyanides. Ed. Wright.


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.