Gure eguzki sisteman asteroide asko daudenez, gorputz talderik heterogeneoenetako bat osatzen dute eta, beren tamaina eta urruntasunagatik, batzuetan behatzeko eta aztertzeko zailenetako bat ere, gure planetara hurbiltzen direnean edo haraino zunda bat bidaltzeko zortea dugunean izan ezik. Asteroide horietako bat 3200 Phaethon da. Apenas 6 km-ko diametroa duen gorputz txiki hori 1983ko abenduan aurkitu zen, eta teleskopio espazial batek deskubritutako lehen asteroidea izan zen. Gainera, hamarkadak daramatza zientzialariak harritzen, asteroidea izan arren, Eguzkira gerturatzean kometek dutenaren antzeko adats bat garatzen baitu. Beraz, Phaethon objektu kategoria berri samar baten barruan dago, asteroide aktiboenean alegia. Kategoria hori asteroideenen antzeko orbitak dituzten baina Eguzkiaren inguruko orbitaren uneren batean kometa adats bat garatzen duten gorputzek osatzen dute.
Hori bai, kategoria horren barruan badira beste zenbait objektu beste arrazoi batzuengatik adats bat garatu dutenak, modu errepikakorrean izan ez bada ere. Batzuek, adibidez, inpakturen bat jasan ostean, beren materiaren zati bat egozten dute, errotazio oso azkar baten ondorioz –partikulek asteroidearen grabitatetik ihes egiten dute– edota zunda batek beren azaleraren aurka talka egin duelako, 2022an DART misioarekin gertatu zen bezala.
Bestalde, urtero, abenduaren erdialdera, Phaethonek atzean uzten dituen hauts partikulek Geminiden meteoro zaparrada ekartzen dute. Partikula horiek gure atmosferan sartzen dira haiekin gurutzatzen garenean, eta hori, normalean, kometen jarduerak eragiten du asteroideenak baino gehiago.
Orduan, zer dela eta garatzen du Phaethonek adats bat? Azterlan berri baten arabera, ikusten ari garena ez da kometena bezalako adats bat, gorputz horiek osatzen dituen izotza sublimatzen eta gas bihurtzen hasten denean eratzen dena eta arroka zein hauts partikulak erauzten eta bidean uzten dituena, zerbait exotikoagoa baizik.
Dirudienez, antzematen dugun adatsaren osagai nagusia gas egoeran dagoen sodioa da, asteroidearen azalaren tenperatura altuen ondorioz eratzen dena gorputza Eguzkitik gertuen dagoenean: 21 milioi kilometrora soilik egotera iristen da, Merkurioren eta Eguzkiaren arteko distantziaren ia herenera, alegia. Izan ere, tenperatura horiek aski altuak dira mineralen eta beste konposatu batzuen parte izan daitekeen sodioa lurruntzeko.
Nola iritsi gara aurkikuntza horretara? Arazo handiak ditugu Phaethonen adatsa Lurretik behatzeko, gure planetatik oso gertu dagoenean garatzen denez, ezinezkoa baita ohiko teleskopio astronomikoen bidez hautematea; eguzki behatokietatik, ordea, badugu ikustea.
Eguzki behatoki horietako bik, SOHOk eta STEREOk, xehetasunez aztertu ahal izan dituzte Eguzkiarenganako azken hurbilketak. Gainera, tresna horiek asteroidea hainbat iragazkiren bidez ikertzeko eta, horrela, adatsa hautsez edo beste elementu batzuez osatuta dagoen bereizteko aukera ematen dute.
SOHOren irudiek adatsa gas egoeran dagoen sodioak osatzen duela baieztatzen dute: sodioa antzemateko gai den iragazkiarekin, asteroidea distiratsu agertzen da; behaketa berbera hautsa detektatzeko gai den iragazkiarekin errepikatzean, berriz, asteroidea ez da azaltzen.
Erantzuna iruditu dakigukeen horrek bi galdera berriri irekitzen die atea: Lehenik, adatsa sodio lurrunez osatuta badago, nondik ateratzen dira Geminiden zaparrada eragiten duten partikulak? Phaethonek jasandako talka baten ondorioz edo haren errotazio abiadurak eragindako haustura baten kausaz sortu ote ziren duela milaka urte gutxi batzuk?
Eta bigarrenik, eguzki behatokiei esker, Eguzkira gerturatzean adats bat garatzen duen gorputz talde garrantzitsu bat aurkitu da, Eguzki-arrasekoena, hain zuzen ere… Kometak al dira benetan ala kasu honetan ere haien antzeko portaera duten asteroideen aurrean al gaude?
Erreferentzia bibliografikoa:
Zhang, Qicheng; Battams, Karl; Ye, Quanzhi; Knight, Matthew M.; Schmidt, Carl A. (2023). Sodium brightening of (3200) Phaethon near Perihelion. The Planetary Science Journal, 7, 40. Doi: 10.3847/PSJ/acc866.
Egileaz:
Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko maiatzaren 1ean: La extraña cola de Faetón.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.